Ion Alaña: 'batzuk torlojuak egitera datoz; guk pintxoak saldu gura doguz'

Zigor Aldama 2008-04-07 14:31   Bidaide
Euskal sukaldaria Txinan

Egun handia ailegau da. Salto egiteko momentua. Ion Alaña orain dala urte bi ailegau zan Txinako uriburu ekonomikora. Orain, besteen pentzura lan egiteari itxi eta bere lokala zabaltzea erabagi dau. Asiar erraldoiko euskaldun gehienen kontrara, 29 urteko sukaldari profesional bilbotarra ez da ez industriaren ez eskulanen arlokoa. Euskal sukaldaritza tradizionalaren arlokoa da eta, laster, zabalduko dauen negozioa lehenengoa izango da Euskadiko jatekoak Euskaditik Txinara eroaten. Jatetxearen izena be euskalduna da: Kuluska.

Apirilaren 15etik aurrera, Shanghaiko Kanding y Xikang kaleen bidegurutzean leku aproposa izango da Txinan dagozan euskaldunek bat egiteko, baina Alañaren helburua atzerritarrak erakartea be bada: kalearen bestaldeko lujozko auzoan bizi diran atzerritarrak eta eregiten dagozan merkataritza-gune erraldoiko lujozko dendatara erosketak egiten datozan txinatarrak batez be. Duda barik, kokagunea bikaina da.


1.-
Shanghai urre-meategia bihurtu da...

Dinamismo edo bizitazun itzeleko uria da eta orain arte industria-gune izan arren, orain finantza-gune bihurtzen dago eta erosteko ahalmena herrialde osoko altuena da. Horregaitik, leku egokia da negozioa egiteko. Hemen, 300.000 atzerritar inguru bizi dira, tartean Txinako euskaldun kolonia handiena dago, eta bertokoak askozaz be kosmopolitagoak dira. Horregaitik, eta honezkero lortu dogun esperientzian oinarrituta, Shanghain zabaltzea erabagi dogu.


2.- Emoidazu inbidia apur bat menuagaz.

Gure helburua honako hau da: bezeroa jatetxearen atetik sartu orduko, euskal taberna tradizional batean moduan sentidutea, dekorazinoa modernoa izango dan arren. Mueta guztietako pintxoak egongo dira, astean bost pintxo berezi egingo ditugu. Ganera, zazpi zatitan banatutako 80 plater baino gehiagoko enua izango da: lapikokoak eta zopak, hasierako zizka-mizkak, entsaladak, ensaladas, prijiduak, kazolatzoak, arrozak eta postreak. Hori guztia, prijiduak ezik, ontzietan airerik barik jarrita eta etxera eroateko moduan be egongo da. Holan, jatetxea txikia danez eta 30 laguni jaten emoteko aukerea baino ez daukagunez, eskaintzea zabalduko dogu.


3.- Itxuraz behintzat, ez dozu arazorik izango tabernea beteteko. Imajinetan naz zeozer gehiagotan pentsetan egongo zarela...

Bai, egia da bigarren fase baten aukerea hor dagoala, Lizarran katearen barruan. Taikang kalean (Shanghaiko gune artistiko garrantzitsuenetariko bat) dendatxu bat zabaldu gura geunke, etxera eroateko anoak saltzeko. Wenzhou-n (esku-lanen gunea, 200 kilometro hegoaldera) frankizia bat zabaltzeko eskaintzea be ailegau jaku. Ganera, catering negozioa be aurrera doa eta orain arte emoitza bikainak izan doguz. Berbarako, Felipe Printzeak Cervantes Institutua bisitau ebanea, jatekoaz gu arduratu ginan.


4.- Beraz, euskal gastronomia arrakastatsua da Txinan.

Egia esan, oraindino proiektuak baino ez dira. Jatetxea atondu barik dago eta, behin zabaldu ostean, zelan doan ikusi beharko da. Printzipioz, harrera ona itxaroten dogu, batez be euskal jatorriko jentearen artean. Halanda be, nik uste dot txinatarrak be hurreratuko dirala, txinatarrei jatekoakaz zerikusia daukien gaiak asko gustetan jakezalako, kuriosidadea dabe. Prezioak nahiko merkeak izango dira eta horrek be lagundu egingo deusku. Halanda be, kalidadea beti izango da bikaina. Nire helburua 130 edo 150 yuanegaz (13-15 euro bitartean) bezeroa gustura eta pozik ixtea da.


5.- Eta zelan jardungo dozu ezkatzean?

Sukaldari txinatar bat kontratau dot, orain arte be nigaz beharrean ibilitakoa eta Euskadiko edozein sukaldariren moduan euskal jatekoak preparetan dakiena. Ez daki ingelesez, baina ezkatzean bikain-bikaina da.


6.- Orain arte, izan dira Txinan euskal jatetxe bat zabaltzeko saiakerak. Baina zuk aurrea hartu dozu. Horren gatxa da Txinan ostalaritza negozio bat zabaltzea?

Itzelezko burukomina da. Norberak bakarrik egitea ia ezinezkoa da, ezinbestekoa da txinatar bategaz bat egitea eta beharrezko baimenak eta kontratuak berak egitea. Bere izenean, tramiteak askozaz be merkeagoak dira. Azken kopuruak zero bat gitxiago eukiko dau holan. Txinan, mendebaldarraren boltsiloak hutsik ixtea da helburua eta Gobernua bera be bide beretik doa. Ganera, hemen 'kontaktu' bidez funtzionetan dau danak, bestela oso gatxa da. Bestalde, oso garrantzitsua da umiltasunez ibiltea, gitxika-gitxika joatea, handikeria barik.


7.- Baina Txinan, aliantzak ez dira begi onez ikusten.

Duda barik, bazkide txinatarra oso ondo ezagutzea ezinbestekoa da eta konfiantza osoa izan behar dogu berarengan. Bestela, seguruenik txakur txikirik barik itxiko zaitu eta berak hartuko dau negozioaren jaubetzea. Horregaitik, oso garrantzitsua da proiektuaren aurreko denporan gauzak sakon aztertzea eta planifiketea. Eta kontu horreek danak ondo lotuta ixtea.


8.- Hiru urterako sinatu dozu. Eta gero?

Ikusiko dogu. Txina herrialde berezia da eta bezeroa laster erre daiteke. Egunerokotasuna oso gogorra da, etenik bako burrukea, eta horrek azkenean zoratu egiten zaitu. Nik Euskadira arrakastarako aukera gehiagogaz bueltetako esperantzea daukat, herrialde honegaz zorra beti izango dodan arren.


9.- Txina, aukeren herrialdea?

Bai. Hona dirua egitera gatoz ze, bestela, ez ginateke hemen egongo. XXI. mendeko etorkin aberatsak gara, gure gurasoak eta aitita-amumak Alemanian izan ziran moduan. Txinak negozioa egiteko aukerea eskaintzen dau. Ekonomia etenik barik hazten doa eta hori aprobetxetan jakin behar da, gure 30.000 euroko aurrekontuagaz Euskadin ez dogulako ezer egiten eta hemen bai. Batzuk torlojuak egitera datoz; guk pintxoak saldu gura doguz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu