‘Feministok Eraldaketarako Burrukan!’ lemapean, Euskal Herriko lV. Jardunaldi Feministak

Bizkaie! 2008-04-04 12:48
Hitzordua Portugaleten, apirilaren 12an eta 13an

Emakumeok herrian eta munduan (zaintza, prekariedadea, interkulturalidadea, parte hartze sozio-politikoa...), emakumeok indarkeria sexistari aurre eginez (prebentzioa, legeak, erantzuna…) eta emakumeok, gure identidadeak eta gure gorputz intsumituak (sexualidadea, queer, prostituzinoa, eskubide erreproduktiboak, abortoa, eskubide sexualak, lesbianismoa…) dira aurtengo jardunaldiotako ardatzak.

Euskal Herriko I. Jardunaldi Feministak 1977ko abenduan izan ziran eta bertan 3000 emakume inguruk patriarkatua, sexualidadea edota militantzia bikotxa lako gaiak jorratu zituen; holako gaiak jentaurrean eta emakumeen artean lantzen ziran lehen aldia zan.

Urte batzuk geroago, 1984an, II. jardunaldi feministak egin ziran mobimentu feministearen egoerea ardatz hartu eta taldeen proiektuak eztabaidatuz eta alkartrukatuz. 1994an, barriz, III. jardunaldiak egin ziran ‘Mugarik ez emakumeontzat’ lemapean eta aurten, IV. Jardunaldi feministak Portugaleten izango dira ‘Feministok Eraldaketarako Burrukan!’ lemapean.

Hamalau urte pasau dira azken jardunaldiak egin ziranetik. 'Ordutik hamaikatxu gauza pasau da gure gizartean; azken urteotan mobimentu feministea asko aldatu da, emakumeon zapalkuntza-giroan aldaketak izan dira eta garrantzitsua da hainbat gaiei buruz eztabaidea berpiztea. Berbarako, abortuaren despenalizazino mugatuak eta oro har zentro publikoetan ez praktiketeak, gure aldarrikapen historikoa indarrik barik itxi dau: bortatzeko eskubidea, hain zuzen, aborto librea eta dobakoa. Emakumeok amatasunaren inguruko erabagi libreak hartzeko dogun eskubidea beste behin erasotua izan da, legeak onartzen dituan balizko legalen barruan sartuz, medikuntza sare pribatuko profesionalak auzipetuz. Erasoaren puntu gorenean hainbat emakumeen istorioak ostu dira, guardia zibila euren etxeetara joan da, euren intimidadeagazko eta bizitza pribaduagazko mespretxuaren erakusgai.

Eleiza katolikoak eta gizarteko sektore atzerakoienek babesten daben gurutzada integrista barriak familia eredu tradizionala goraipatzen dau, hau da, familia eredu patriarkala, zapaldu nahi deuskuezan balioen gotorleku moduan. Derrigorrezko familia eredu patriarkalak emakumeon askatasuna mehatxatzen jarraitzen dau.

Indarkeria sexisteak, familia barruko indarkeriaz harantzago, emakumeen kontrako erasoak protagonista dituan jazoerak ditu gero eta gehiago. Halan da be, komunikabideetan eta hezkuntza eremuetan transmitiduten diran estereotipoak ez dira aldatu. Are gehiago, pentsamendu bakarra bilatzen dauen gizarte globalizatu bat dogu, genero ereduak moldatzen dituana, zapalkuntza patriarkalaren iraunarazotea ahalbidetuz.

Egun, inoiz baino gehiago, isolatuak dagozan emakumeak agertzen dira, gitxietsiak, alboratuak diranak…; prostitutak, papelakaz eta papelik bako emakume etorkinak, langile prekarioak, etxe langileak… Askotan gainera gure laguntzinoa eskatzen da emakume horreek baztertzeko.

Emakumeok sufriduten doguzan egoera horreek eraginda datoz IV. Jardunaldi Feministak’.


Eztabaida ardatzak

- Emakumeok herrian eta munduan: zaintza, prekariedadea, interkulturalidadea, parte hartze sozio-politikoa...
- Emakumeok indarkeria sexistari aurre eginez: prebentzioa, legeak, erantzuna…
- Emakumeok, gure identidadeak eta gure gorputz intsumituak: sexualidadea, queer, prostituzinoa, eskubide erreproduktiboak: abortoa, eskubide sexualak, lesbianismoa…


Ponentziak eta tailerrak

Danetara, 23 ponentzia aurkeztu dira, oso ikuspuntu desbardinetatik landuak. Aurreko jardunaldietan eztabaidatutako gaiak dagoz baina bere garrantziagaitik barriro be berreskuratzea erabagi da. Era berean, gai barriak be aurkeztu dira, lehen aldiz jardunaldi batzuetan landuko diranak.

Indarkeria sexista, politika instituzionala, feminismoaren beharra gaur eta orain edo parte hartze politikoa eztabaida garrantzitsuak izango dira jardunaldietan. Gai barri moduan, lesbianen bisibilidadea edo queer teoriak eragiten dituan eztabaidak nabarmend aitekez. Eta zelan ez prostituzinoa bere eztabaidagai egongo da, mobimentu feministan haustura handia sortzen dauen gaia. Azkenik Nazio gatazkea be berbagai izango da.

Ponentziak ez eze, tailerrak be izango dira jardunaldiotan.

Horrezaz gan, zapatuan, hilaren 12an, arratsaldeko 20:00retan manifestazioa iznago da Bilboko Plaza Zirkularretik abiatuta.

Jardunaldiak Portugaleteko EHU-ko Nautika Fakultadean izango dira apirilaren 12an eta 13an. Inskripzinoa 15 euro dira materiala eta parte hartzea pagetako. Informazino guztia www.jardunaldifeministak.org web gunean dago.


Euskal Herriko Koordinadora Feminista

Emakume internazionalistak, Plazandreok, Asamblea de mujeres de Araba, Asamblea de mujeres de Bizkaia, Medeak, Herne, 7menos20, Bilgune feminista, Lambroa, Amalatz

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu