Hamabost kontzertu izango dira aurtengo Getxoko Jazzaldian
2008-04-03 18:37 MusikeaKontzertu nagusiak, oraingoan, John McLaughlin, Arturo Sandoval, Archie Shepp, Avishai Cohen eta Iñaki Salvador lako musikari handiek eskainiko ditue. Talde Lehiaketako eta Hirugarren Milurtekoa atalaren kontzertuak gehitu behar jakez horreei. Jazzaldiaren 32. edizinoa garagarrilaren 8tik 12ra bitartean ospatuko da.
Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 32. edizinoa garagarrilaren 8tik 12ra bitartean ospatuko da. Getxo Jazzeko kontzertu nagusiak, oraingoan, John McLaughlin, Arturo Sandoval, Archie Shepp, Avishai Cohen eta Iñaki Salvador lako musikari handiek eskainiko ditue. Talde Lehiaketako eta Hirugarren Milurtekoa atalaren kontzertuak gehitu behar jakez horreei.
Antolatzaileek jakinarazo dabenez, danetara 15 kontzertu egongo dira, jaialdiko egun bakotxaren amaieran egiten diran 'jam session'-ak ahaztu barik. Aurten be Biotz Alai plazan egingo dira kontzertu nagusiak eta Talde Lehiaketaren saioak, 21:30ean. Bestalde, Getxo Antzokia Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuen eszenatokia izango da. Getxo Jazz 2008ko sarrerak maiatzaren 5ean jarriko dira salgai.
Jaialdiaren lehenengo egunean Iñaki Salvador Noneto jardungo da Getxon. Musika proiektu hori euskal musikariaren azken asmakizunetako bat da: Donostiako Jazzaldiak eskatuta sortu eban, 2005ean, Jazzaldiaren 40. urteurrena zanean.
Salvadorrek artista talde zabala alkartu eban: Itxaso Gonzalez abeslaria; Victor de Diego eta Mikel Anduela saxofonistak; Hasier Oleaga bateria-jotzailea; Jackie Berecoechea tronpetistea; Jonathan Hurtado teklistea; eta Javier Juanco gitarristea. Salvador bera zuzendari dala, bederatzikote horrek pianista donostiarraren hainbat pieza joten ditu.
Garagarrilaren 9an, Getxo Jazzen 32. edizinoko musikaririk handienetako bat izango da: John McLaughlin & 4th Dimension. Britainia Handiko gitarrista, pianista, teklista eta musikagile hau egungo jazzaren artista handietako bat da.
Musikari belaunaldi askorentzat ezinbesteko erreferentzia izan da, etenbarik barritzen dauelako eta jazza beste estilo batzukaz buztartzeko gaitasuna dauelako. Blues, musika akustikoa, flamenkoa, rock, skiffle edo musika hindutik edaten dau McLaughlinek.
1960ko hamarkadan hasi zan joten eta harrezkero artista mordo bategaz batera jo dau: Georgie Fame, Jimi Hendrix, Dave Holland, Tony Williams, Miles Davis, Wayne Shorter, Billy Cobham, Paco de Lucia, Al Di Meola eta beste asko. Danetara, 40 disko inguru grabau ditu.
Jaialdiaren erdibidean, garagarrilak 10, Avishai Cohen Trioren eguna izango da. Avishai Cohen kontrabaju-jotzailea Jerusalemen jaio zan. Israelen hasi zituan musika ikasketak, 10 urtegaz, eta AEBtan jarraitu eban ikasten. Bertan pianoa eta baju elektrikoa joten ikasi eta jazzaren munduan murgildu zan, Stanley Clarke eta Jaco Pastoriousen musikeak bultzatuta.
1992an New Yorkera bueltau zan eta bertan erritmo latinoak aztertzen hasi zan, Danilo Perezegaz batera. 1996. urtean, Chick Corearen Origin seikotean sartu zan 2003. urtera arte. Harrezkero musikagile moduan ibili da eta bere diskoetxea sortu dau: Razdaz Recordz. Egun, estilo ugari joten ditu, musika klasikotik poperaino, jazz, funk edo erritmo latinoak ahaztu barik.
Garagarrilaren 11n, Arturo Sandoval tronpeta-jotzaile kubatarra izango da Getxon. Sandoval jazz latinoko artistarik ezagunetako bat da. 13 urtegaz hasi zan lehen pausuak egiten perkusinoaren munduan. Musika-tresna ugari probau ondoren, tronpeta aukeratu eban. Hamasei urte zituala, Kubako Orkestra Nazionalean sartzea lortu eban eta, ondoren, Kubako Musika Modernoaren Orkestran sartu zan. Soldadutzea egin ondoren, Irakere taldea sortu eban, bere herriko jazz talde nagusia, Paquito D'Rivera eta Chucho Valdesegaz. Egun, Sandoval Miamin bizi da 1992tik eta latindar musikari handien artean bere txokoa topau dau, musika klasikoa baztertu barik. Sari asko jaso ditu, tartean Grammy ugari.
Getxo Jazzek 2009ra arte agur esango dau garagarrilaren 12an, Archie Sheppen laukote estadubatuarragaz. Archie Sheppen musikari beteranoak pianoaren eta klarinetearen eraginez hasi zituan musika ikasketak, baina laster saxofoiaz maitemindu zan.
Shepp Cecil Taylorren laguntzinoz hasi zan musikari profesional legez; haren taldean sartu zan 1960an. Hamarkada horretan free jazz dalakoak ekarritako barrikuntza espiritu kolektiboan parte hartu eban. Chuck Dixonegaz batera bere lehenengo diskoa grabatu eta gero New York Contemporary Five sortu eban. Ordukoak dira urte hareetan sortzen hasi zan mobimentu baltzaren aldeko bere lehenengo konposizinoak.
Gero John Coltranegaz jo eban 'Ascensión' disko ezagunean. Ondoren abangoardiako musikariakaz joten jarraitu eban: Cecil Taylor, Sun Ra eta Carla Bley, berbarako. 1970eko hamarkadan, musika joteaz gan, Ahmherst Unibersidadean irakasten hasi zan; Jazzaren Soziologia eta Historia irakasten zituan han. Harrezkero, Sheppek musika afro-amerikarraren estilo ugari probau ditu eta, orain, saxo tenorearen maisurik handienetako bat da.
Urtero legez, jaialdi getxotarrak hiru kontzertu mueta izango ditu. Biotz Alai plazan taldeen lehiaketako emonaldiak egingo dira, 21:30ean. Ondoren, egun bakotxeko talde eta musikari nagusiek urtengo dabe agertokira. Bestalde, Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak Getxo Antzokiko plazan egingo dira.
Getxoko Nazinoarteko Jazzaldiaren 32. edizino honetan nazinoarteko artistarik onenetako batzuen emonaldiak preparau ditu. Aldi berean, artista barriek publiko handiaren aurrean agertzeko aukera izango dabe. Estilo desbardinetako talde eta artistak izango dira Getxon, danetara 15 emonaldi eskaintzeko, 'jam session'-ak ahaztu barik, Algortako Piper's Irish Pub-ean egingo diranak, Biotz Alai plazako emonaldiak amaitu ostean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!