‘Musika dibertigarria da’: helduentzako ekimena apirileko barikuetarako
2008-04-03 15:39 MusikeaBilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak ekimen barritzailea abiarazo dau herritarren artean musika klasikoagazko zaletasuna sustatzeko asmoz.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak ekimen barritzailea abiarazo dau herritarren artean musika klasikoagazko zaletasuna sustatzeko asmoz; ‘Musika dibertigarria da’ izenburu orokorraren azpian, apirileko barikuetan helduei zuzendutako hiru kontzertu didaktiko eta 6 eta 12 urte tarteko neska-mutilentzako beste saio bat (euskeraz) egingo dira Barrainkuako udaltegian (Barrainkua, 5). Egitaraua gaur goizean, Kultura eta Hezkuntza Saileko zuzendariorde Justo Azenarrok, Impromptu taldeko kide Victor Jimenezek eta Opera Divertimento-ko ordezkari Andoni Martinez Berañanok aurkeztu dabe Bilbon.
Bi dira programa honen helburu nagusiak: alde batetik, musika klasikoa eta opera goi-mailako musika-prestakuntzeagaz lotzen dauen uste okerra baztertzea, eta bestetik, musika genero honeetara zaletu barriak erakartea. Esangura honetan, kontzertuak tematikoak izango dira, hau da, emonaldi bakotxean musikagile edota musika-estilo jakin bat izango da protagonista, eta musikagile bakotxaren doinurik bereizgarrienen interpretazinoagaz batera, bideoak pantailaratu, antzezlan laburrak taularatu eta obra bakotxaren testuingurua zehazten lagunduko daben pasadizoak kontauko dira.
Helduei zuzendutako hiru emonaldietan, musika klasikoan diharduen Impromptu taldeak parte hartuko dau. Victor Jimenez Dominguez piano-jotzaileak eta Jose Manuel Cacho (Oskorriko kide ohia) biolin-jotzaileak sortutako Impromptu taldeak errepertorio zabala menperatzen dau, Mozart edo Beethovenen musika klasikotik hasi eta Debussy eta Ravelen doinu inpresionistetaraino, Vivaldiren musika barrokoa eta Chopin edo Tchaikovskyren erromantizismoa be barne hartuta. Emonaldietan, musika doinuen interpretazinoagaz batera, ikusleak kontzertu bakotxeko egile eta garaietara erakarriko dituen komentario atseginak tartekatzen dira, zorroztasun historikoa behin be baztertu barik.
Arriaga, herri musika iparramerikarra eta filmetako doinuak
Apirilaren 4an, barikuz, Juan Crisostomo de Arriagaren oroimena abiapuntutzat hartuta, hasierea emongo jako ‘Musika dibertigarria da’ programeari. Ordu eta erdiz, Impromptu taldeak musikagile bilbotarraren ibilbide labur baina trinkoa errepasauko dau ‘Arriaga eta bere garaia’ kontzertuaren bitartez. Hilaren 11n, musikeak Estadu Batuetara joko dau, eta George Gershwinen magian oinarrituta, joan dan mende hasierako eta erdialdeko herri musika iparramerikarra ezagutzeko aukerea eskainiko dau. Amaitzeko, hilaren 25ean, filmetako doinuak izango dira protagonista. Hiru emonaldiak 20:00etan hasiko dira, sarrera dobakoa dalarik.
Umeentzako kontzertua hilaren 18an, barikuz, eskainiko da, 18:00etan hasita. ‘Bazen behin… opera’ izenburupean, Opera Divertimentoko musikari, kantari eta antzezleek errepaso jostagarria egingo deutse lirikearen historiari, opera ezagunenetako batzuen argumentuak neska-mutilei hurreratuz. Konpainia hau Ana Isabel Salomon sopranoak eta Andoni Martínez Barañano tenoreak sortu eben, eta oraingo honetan taularatuko daben antzezlan laburrean, musika-irakasle zahar batek aria batzuk kantarazoko deutsez etxeko zerbitzariei, beragaz ikasle dabilen neska gaztea kontura daiten lirikearen mundua ez dala berak uste dauen bezain korapilatsu eta serioa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!