AlhóndigaBilbaok lehenengoz egingo dau Gutun Zuria literatur jaialdia, apirilaren 15etik 27ra
2008-04-02 10:46 KultureaAlhóndigaBilbaoren helburuetariko bat bilbotarrei irakurketa modu atsegin eta erakargarrian hurreratzea da. Horretarako, ‘Gutun Zuria’ izenburupean, kalidade handiko literatur jaialdi bat antolatu dau Bilbon.
AlhóndigaBilbaoren helburuetariko bat bilbotarrei irakurketa modu atsegin eta erakargarrian hurreratzea da. Horretarako, ‘Gutun Zuria’ izenburupean, kalidade handiko literatur jaialdi bat antolatu dau Bilbon, apirilaren 15etik 27ra bitartean. Jaialdi horretako ekintzarik gehienak Elcano kalean dagoan BBKren Kultur Aretoan izango dira.
Jaialdi honek literatura epistolarrari buruzko eztabaidea piztu nahi dau intelektualen, herritarren eta gizarte taldeen artean. Horretarako, era askotako jarduerak izango dira, eta horreen artean nabarmentzekoa da idazle ospetsuen partaidetzea, berbarako, Edo Popovic, Jesús Ferrero eta Vicente Molina Foix idazleena. Idazle horreek eztabaida/berbaldi bat eskainiko dabe eta herritarrak dobain etorri ahal izango dira, apirilaren 7tik aurrera gonbidapenak BBKren Kultur Aretoan (Elcano, 20) hartu ondoren.
Erakusketea
Jaialdiko jarduera garrantzitsuenetako bat izango da. Gutun, argazki eta artelanen erakusketea izango da. Erakusketa horrek bertako idazle batzuek XX. mendean zehar euren artean eta Espainiako eta nazinoarteko kultura arloko beste pertsonaia ospetsuakaz izandako hartu-emonak erakutsiko ditu: zelan ezagutu eben alkar, euren arteko adiskidetasunaren garapena eta testuinguru historikoaren barri emango da. Bilbotarrek apirilaren 15etik 27ra bitartean gozau ahal izango dabe erakusketa honetaz. Bilboko ikastetxeek be bisitauko dabe; honezkero,472 umek erreserbau dabe lekua erakusketa honetako edukia ezagutzeko bisita gidatuetan. EHUko ikasleek gidatuko ditue bisitak.
Gainera, apirilaren 17an, Miren Agur Meabe Haur Literaturako Euskadi Sariaren irabazlea, eta, apirilaren 18an, Jordi Sierra y Fabra Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionalaren irabazlea topaketa banatan izango dira haur taldeakaz, ume horreei literatura epistolarraren sekretuak jakinarazoteko eta literatur genero horren inguruan zenbait dinamika garatzeko.
Pelikulen proiekzinoak
Nahi daben guztiek pelikula ziklo baten proiekzinoaz doban gozetako aukerea izango dabe. Pelikula horreetan protagonisten arteko gutun-trukeak leku garrantzitsua izango dau. Ziklo hau ikusle mueta desbardinei zuzendutakoa da. Proiekzinoak apirilaren 16, 17, 18, 19, 21, 22, 24, 25 eta 26an izango dira, 21:00etatik 23:30era astegunetan, eta 19:00etatik 22:30era bariku eta zapatuetan.
Topaketak idazleakaz
Nahi daben bilbotar guztiek izen handiko idazleak ezagutzeko aukerea izango dabe. Idazle horreek literaturan izan dan gutun-trukeari buruz eztabaidak izango ditue uriko zenbait kazetari eta arte kritikarigaz.Besteak beste, Edo Popovic idazle kroaziarra, Vicente Molina Foix eta Jesús Ferrero ezagunak eta Costas Tsoclis artista greziarra izango dira apirilaren 16, 17, 18 eta 19an BBKren Kultura Aretoan egingo diran eztabaidatan.
Gainera, apirilaren 16an eta 17an, UPV/EHUren Esperientzia Geletan, Marguerite Yourcenarren gutun-trukeari buruzko tailer bat izango da, Jean Pierre Castellani Tourseko Unibersidadeko Katedradun Hispanista eta Societé Internationale d´Etudes Yourcenariennes alkarteko presidenteordearen eskutik.
Kontzertua
Mikel Urdangarin abeslariak, apirilaren 20an, domekan, 20:00etan, kontzertu literario bat eskainiko dau BilboRock aretoan, Kirmen Uribe idazlea lagun izango dauela. Sarrerak BBKren kutxazain automatikoetan izango dira salgai apirilaren 2tik aurrera) aurrera, 5 euroan.
Gutunen irakurketea Bilbon
Bilboko ‘Gaitzerdi’ antzerki konpainiako aktoreek ahotsa jarriko diete aldez aurretik aukeratutako gutunei (50 gutun). Irakurketak zenbait liburutegitan, geltokitan eta kafetegitan (Iruña eta La Granja) egingo dira. Martxoaren 31tik apirilaren 3ra bitarteko astean, aktoreek 18:00etan liburutegietan irakurriko dituzte gutunak eta 19:30etatik aurrera Abandoko Geltokian.
Lehiaketak
AlhóndigaBilbaok 3 gutun lehiaketa egin ditu bilbotarren artean. Lehiaketetariko bat gizarte taldeetako lagunei zuzendutakoa izan da, beste bat batxilergoko ikastetxeetako ikasleei, eta hirugarrena, gutun txikiena, internet bidez egin da jente guztiarentzat orokorrean.
Lehiaketa horreetako bakotxaren barruan aukeratutako gutunak aste honetan zehar irakurriko dira Bilboko liburutegi eta kafetegietan. Gutunak Gaitzerdi antzerki konpainiako Eszena Ikastaroko ikasleek irakurriko ditue. Gutun irabazleak erakusketaren inaugurazino egunean be irakurri eta antzeztuko dira (apirilaren 15ean), Elcano kaleko BBKren aretoan, Gurutze Beitia eta Carlos Panera aktoreen eskutik.
Hamabost alkartek parte hartu dabe ‘Zerbait kontatu nahi dizut’, eta 20 ikastetxek ‘Adiskidetik adiskidera’ lehiaketan; era berean, 80 kontakizun jaso dira euskeraz eta gazteleraz web orri honen bitartez: www.alhondigabilbao.com
+Nire gutunik gogokoena
Zapatuan, apirilak 20, goizeko 11:00etatik aurrera, BBKren Kultur Aretoan (Elcano, 20), lau euskal idazle eta lau kazetari egongo dira, idatzi, jaso edo irakurri eta eurentzat zirraragarriena iruditu jaken edo gehien sentiarazo deutsen gutun hori irakurteko. Gutun Zuria Jaialdiaren atal honetan parte hartuko daben idazleen artean honakoak dagoz: Espido Freire, Toti Martínez de Lezea, Pedro Ugarte eta Juan Bas. Bestetik, ‘gutunik gogokoenei’ ahotsa jarriko deutsen kazetarien artean Begoña Marañon (Radio Bilbao-Cadena Ser), Jon Uriarte (Punto Radio Madrid), Ana Urrutia (ETB) eta Pedro García-Larragán (Radio Euskadi) izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!