Joserra Senperenak Harkaitz Canoren poemetan oinarritutako diskoa atara dau

Bizkaie! 2008-03-27 13:54   Musikea

'Dardaren interpretazioa' izeneko album barrian, Senperena Cano poetearen izen bereko liburuan oinarritu da. Piano, kontrabaju eta bateria hirukoteak joteko hamahiru lan instrumental osotu ditu blues estiloan: 'bluesa da errazen berba egiten dodan hizkuntzea'.

'Dardaren interpretazioa' izeneko album barrian, Senperena Harkaitz Cano poetearen izen bereko liburuan oinarritu da eta lan horretako poemei zor deutse izenburua translazino musikal bakotxak, hiru poema kenduta, horreek poema ineditoak diralako, album honetarako berenberegi idatzitakoak. Harkaitz Canoren poemak jasoten dituan argitalpena Olerti Etxeak argitaratu eban. Lan horretan oinarritutako diskoa Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik dator.

Senperenak piano, kontrabaju eta bateria hirukoteak joteko hamahiru lan instrumental osotu ditu blues musikan oinarrituta, baina ez edozein blues, 'blues abstraktua da, blues platoniko eta intelektuala, zehaztasun kronometrikodun blues estiloa, gehiegikeria gitxikoa eta jakinduria handiz neurtutakoa', dinoe diskoetxeko iturriek. Halanda be, Senperenaren beste obratan agertu izan dan blues away hori ez da falta, ezta ukutu herrikoidun piezaren bat edota minimalismoaren muga-mugan dagoan pieza trankila. Autorearen esanetan, 'sortzen hasi nintzanean, blues musikea egin gura neban barriro. Bluesa da errazen berba egiten dodan hizkuntzea'.

Joserra Senperenak 1999an argitaratu eban bere lehenengo diskoa, 'Joserra Senperena' izenekoa. Ondoren, 'Blues Pasadizoak' etorri zan, 2002an. Hurrengo urtean, 'Mandarin dotore' diskoa argitaratu eban, poesia txinatar klasikoan oinarritutako lana, Rafa Egiguren itzultzailearen eta Jose Luis Zumeta pintorearen lankidetzeagaz. 2004an, Jose Ignazio Ansorena txistulariagaz batera, 'Chillida-lekutik' lan esperimentala sinatu eban.

Dozena bat inguru soinu banda osotu ditu zinerako zein antzezlanetarako; ganera, musika-talde zein bakarlari ugarirentzat egin ditu konponketak eta produkzino lanak. Senperenak nazinoartean lekutxua egitea lortu dau eta Europako eta Ipar Ameriketako grabazino estudiorik onenetan grabau dau produktore eta artista ezagunakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu