Zirkuitoak bi antzezlan eskainiko ditu Bilbon, Antzerkiaren Nazinoarteko Egunagaz bat eginaz

Bizkaie! 2008-03-26 14:26   Kulturea

Programa honen bultzadea sano esanguratsua da, batez be gogoan hartzen bada Euskadin Arte Eszenikoen alorrean dagoan zirkuitu amateur bakarra dala. Zirkuitoak 1.700 ikusle baino gehiago batu zituan 2007ko edizinoan, eta 2001ean abian jarri zanetik, 16.000 ikusle inguru erakarri ditu.

Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna hilaren 27an ospatzen dala eta, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antzerki amateurrari zuzendutako Zirkuitoa programazinoko bi antzezlan izango dira. Otxarkoagako udaltegian, ‘Mudando 2007-2008’ taularatuko da, eta San Frantziskoko udaltegian ‘Gallinas volar’ antzezlanaren erabateko estreinaldia egingo da. Bata zein bestea 19:30etan hasiko dira, eta sarrerea dobakoa izango da.

‘Mudando 2007-2008’ antzezlanean, Totum Teatro konpainiak gauza apalei buruzko gogoetea planteetan dau. Armairua antolatzea lako ohiko zeregin batek galdera piloa eragin leike, eta galdera apal horreen atzean, ezelan be hutsaltzat hartzeko modukoak ez diran auziak agertzen dira: zenbat denpora daroa traje honek armairuan? Nork itxi eban bertan? Zer egingo dot orain trajeagaz? Gorde egingo dot, traste zaharrakaz baztertuko dot, ala besterik barik bota egingo dot?

Bestalde, Veronica Fernandezen zuzendaritzapean eta Ivan Bilbaoren testua oinarritzat hartuta, Y la casa sin barrer konpainiak ‘Gallinas volar’ antzezlana taularatuko dau San Frantziskoko udaltegian. Antzezlan honetan, ‘Alizia lurralde miresgarrian’ ipuineko pertsonaiak Lewis Carrollen kontra matxinatu eta istorioaren noranzkoa aldarazoten ahaleginduko dira alperrik. Erabateko estreinaldia izango da.

Bi antzezpenak hasi aurretik, munduko ganerako eszenatoki guztietan bezela, antzezleek bat egingo dabe Antzerkiaren Nazinoarteko Eguneko ospakizunagaz, Robert Lepagek idatzitako nazinoarteko mezua irakurriz. Testu Honetan, Kanadako antzezle, antzerkigile eta antzerki-zuzendari ezagunak antzerkiaren jatorriaz gogoetea egin eta arte honen iraupena ‘baliabide eta lengoaia barriak buztartuz bere burua berrasmetako dauen gaitasunagaz’ lotuta dagoala ondorioztatzen dau, Zirkuitoa ekimeneko ikusleek azken zazpi urteetan bertatik bertara egiaztatu ahal izan dabenaren bide beretik.

San Frantziskoko udaltegian, gainera, ‘Gallinas volar’ lanaren antzezpena amaitutakoan, Lepageren manifestua barriro irakurri eta antzerki amateur eta sasiprofesionaleko jenteen arteko topaketa eta solasaldia egingo da, Bilbaoeszena Bilboko antzerki-baliabideen zentroak deituta.

Programa honen bultzadea sano esanguratsua da, batez be gogoan hartzen bada Euskadin Arte Eszenikoen alorrean dagoan zirkuitu amateur bakarra dala. Zirkuitoak 1.700 ikusle baino gehiago batu zituan 2007ko edizinoan, eta 2001ean abian jarri zanetik, 16.000 ikusle inguru erakarri ditu. Azken zazpi urteetan, ehun ikuskizun baino gehiago taularatu ditu talde amateurren eskutik, eta 150 saio baino gehiago eskaini danetara. 2008ko programazinoak 24 konpainia amateurren partaidetzea izango dau, iaz parte hartu eben 16 taldeen aldean.

Programazinoak sei hilebete iraungo dau, bina hilebeteko hiru programatan banatuta: zezeila-martia, apirila-maiatza eta urria-zemendia. Horregaz batera, eszenatoki kopurua be handitu da, eta Deustu, Otxarkoaga, Begoña, San Frantzisko eta Abandoko ohiko eszenatokiei, 2008an San Inazio eta Errekaldeko udaltegiak gehituko jakez. Emonaldi guztiak dobakoak dira (udaltegietan jaso behar dira gonbidapenak) eta kasu guztietan 19:30etan hasiko dira, nahiz eta batzuetan eguna aldatu egingo dan, eguaztenez, eguenez edota barikuz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu