Taiwan Txinatik gero eta hurrago

Zigor Aldama 2008-03-25 13:25   Bidaide

Tibeteko egoera gordinak eta aurkariak egindako deskalifikazino kanpaina gogorrak ez dabe lortu Frank Hsieh politikariaren subertea aldatzea. Zapatuan, martiak 22, Taiwaneko hauteskunde presidentzialak galdu zituan botoen % 42gaz, inkestek aurreikusten eben moduan.

Tibeteko egoera gordinak eta aurkariak egindako deskalifikazino kanpaina gogorrak ez dabe lortu Frank Hsieh politikariaren subertea aldatzea. Zapatuan, martiak 22, Taiwaneko hauteskunde presidentzialak galdu zituan botoen % 42gaz, inkestek aurreikusten eben moduan. Orain arte boterean izan dan Alderdi Demokratiko Aurrerakoiaren hautagaiak porrota autortu eban eta leitekeana da laster alderdi independentistearen idazkari nagusi karguaren dimisinoa aurkeztea. Maiatzean, Ma Ying-jeou, Kuomintang (KMT) alderdiaren hautagaia izentauko dabe Txinak berea moduan autortzen dauen ugartearen historia demokratikoaren hirugarren presidente. 1949an Mao Zedong-en kontrako gerra zibila galdu eban partiduak boterea hartu dau 8 urteko zigor-aldiaren ostean ustelkeria kasuak tarteko. Parlamentuan itzelezko gehiengoagaz egingo dau, jarlekuen bi herena baino gehiagogaz. Orain, ganera, gobernuaren boterea be badauka.

Ying-jeou buru dala, Taipeiko eta Pekineko gobernuen arteko tira-birek behera egingo dabela aurreikus daiteke. Ondorioz, matraka militar gogorrek be behera egingo dabe eta historian izandako aldirik trankilena biziko da. Izan be, Ying-jeou erregimen komunisteagazko hartu-emonak hobetzearen aldekoa da, baita asiar erraldoiagaz merkadu bakarra sortzearen aldekoa be, sasoi bateko Formosa dalakoaren hazkunde ekonomikoa bultzatzeko. Hori bai, jarraitzaile sutsuen aurrean oso argi itxi eban beti izango dauela kontuan eta babestuko dauela 'Taiwanen burujaubetasuna eta ohorea'.

Zapatuan, azkenean, KMT alderdiaren jarraitzaileek urtarrileko lege-hauteskundeak erraz irabazi ostean euren alderdiari ospatzen itxi ez eutsien jaia ospatu eben. Hauteskunde hareetan, alderdiak 81 jarleku lortu zituan; PDP alderdiak 27. Haren barri Bizkaie!-n be emon genduan. Orain, presidente aukeratu barriak erronka handiei egin behar deutse aurre. Garrantzitsuena, duda barik, berbea emondakoa: Taiwan urtean % 6 haziko dala. Hori, mundu mailako egoera ekonomikoaren gainbeherea ikusita, ia ezinezkoa dala esan daiteke. Txinatar erregimenari be egin behar izango deutso aurre, Tibetegaz izandako jarrerea ikusita argi geratu baita herrialdearen boluntade demokratikoa hutsaren hurrengoa dala. Bere helburua aire-lotura zuzenak eta egonkorrak sortzea da, baita Europako Batasunaren antolakuntzan oinarritutako merkadu bakarra sortzea be. Azken ideia hori lelokeriatzat joten dau PDP alderdiak: 'Txinatik etorritako produktuek eta esku-lanak gora egingo leukie eta, horrek, taiwandarren bizimoduari kalte egingo leuskio', jakinarazo deusku PDP alderdiaren Bi Khim-hsiao ordezkariak.

Jazoerek, duda barik, txinatar agintariei lasaitasuna emon deutsie, Ma Ying-jeou begi onez ikusten dabelako. Kuomintang alderdiaren azken helburua Txinagaz bat egitea da, alderdikideek behin eta barriro esan arren hori ez dala jazoko asiar erraldoiak bere sistema politikoa aldatu eta demokrazia ezarri arte. Halanda be, Tibeteko egoerea ikusita, epe laburrean ez dala holakorik jazoko aurreikus daiteke. 'Taiwan ez da Tibet', esan dau hauteskundeen aurreko kanpainan behin eta barriro Ma Ying-jeou politikoak. Hemendik aurrera, hori erakutsi egin beharko dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu