Tashi Durmelej: ‘Txinak tiro bakarra be ez dau bota behar Tibet kontroletako’

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2008-03-17 14:14   Bidaide
Tibeteko monjea

Egunotan Tibeten bizi dan krisia dala-eta, Dalai Lamak lurraldearen egoerea 'kultur genozidio' moduan definidu dau eta, barriro be, Nazinoarteko Komunidadeak gatazkan parte hartzea eskatu dau tibetar arazoa konpontzeko. Halanda be, Txinaren garapen ekonomiko itzela ikusita, eskuhartze hori ez dala jazoko esan daiteke. Altxamentua hasi aurretik egindako alkarrizketa honetan, monje budista gazte batek egoerea aztertu eta 'kultur genozidio' horren atzean zer dagoan azaltzen deusku.

Lau mila metrotik gorako altueran, ez da bape erraza arnasa hartzea. Airea hotza eta fina da eta oxigenoa urri. Horregaitik, Drepungeko monastegian lasaitasuna da nagusi eta han pekatua da lasaitasun giro hori apurtzea. Ez dago prisarik, Nirvanak itxaron daiala. Monjeen tunika gorrie eraikin zuriak txipriztinduten ditue eta bazter guztietan hartzen da intsentsu hatsa. Gitxi dira negu partean hona hurreratzen diran turistak eta, beraz, Tibeteko ohiko segurtasun neurriak ez dira hain gogorrak sasoi honetan. Uniformerik ez da inon agiri.

Tibet, munduko lurralderik altuenak akulturazino eta asimilazino prozesu motel baina etenik bakoa bizi dau. Budisten monastegiak hutsitzen doaz, Tibeteko kolore biziko jantziak desagertzen eta Txinan egindako jeans edo praka bakeroak nagusitzen. Kontuak kontu, Lhasako monje batek, lehenengoz, asiar erraldoiaren neokolonizazino prozesuaz makinatxu bat gorabehera kontau deuskuz.

Tashi Durmelejek 20 urte ditu. Prest azaldu da Bizkaie!-ren itaunei erantzuteko, sekretupean, gela zarratuaren babesagaz. Zorionez, Durmelej gaztearen monjekideak aldare nagusia jagoten dagoz eta horri esker, alkarrizketa laburra eskaini deusku. ‘Monje zaharrenek ez leukie inondik inora onartuko alkarrizketea baina nire herriak bizi dauen egoerea kontau gura deutsut, tibetar gazteoi egiten deskuena eta emoten deuskuen tratua zabaltzeko asmoz’ esan deust monje gazteak


1.- Zerk arduratzen zaitu?

Ezelako lotsa eta bildur barik gure kulturea ezerezten dagoz. Tibeteko gero eta gazte gehiagok euren jatorriari uko egin eta Txinak erakarrita nortasuna eta identidadea galtzen dagoz. Datu bat emongo deutsut: orain urte batzuk 3.000 monje baino gehiago ziran monastegi honetan eta orain 500 baino ez gara. Egun, ni lako gazteen bihar-etzirako asmo edo helburuen artean ez dago herri baketsua eta librea eregitea, gehienek gurago dabe dirua irabazi eta txinatarren kontsumismorako zurrunbiloan sartzea. Azkenean, Partidu Komunisteak lortu dau gura izan dauena eta merke, ganera.


2.- Zer esan gura dozu?

Gozokia eskaintzen deuskuela eta pozoinduta ete dagoan pentsau barik jaten dogula. Hori pasetan da, berbarako, ikasleen bekakaz. Garapen ekonomikoaren izenean, Alderdi Komunistako kideak eskolarik eskola dabilz ikasle onenen bila eta Txinako unibersidadeetara eroaten ditue. Hor burua jaten deutsie eta bueltan datozenean, ezagutu be ez doguz egiten. Nire lagun bi joan ziran Pekinera ikasten eta joan aurretik tibetar jatorriari eusten benetan sutsuak izan arren, bueltan etorri diranean, Txinara ahalik eta arinen joan gura izaten dabe, euren esanetan, han erosoago bizi diralako.


3.- Edozelan be, ez al dira asko emigretan dabenak?

Ez. Ez horrenbeste. Ganera, herritarrak kontroletako tresna baliotsua dabe, telebista, hain zuzen be. Orain, edozein etxetan dago telebista bat eta, jakina, eten barik bonbardeaten gaitue Txinaren lorpen eta enparauakaz. Azkenean, kutxa horretatik jatorkena sinistu egiten dabe askok, izan be, sarritan informazino iturri bakarra izaten da. Telebistan ez da inondik inora agiri Dalai Lamaren barririk edota txinatar eta tibetarren arteko diferentziak jorratzeko saiorik.


4.- Dalai Lamagaz bat zatoz?

Egia esan behar badeutsut, gauza handirik ez daukat esateko, informazino gehiago behar neuke holako eretxi bat emoteko. Dana dala, Dalai Lamaren figurea ez dala beharrezkoa esango neuke eta gure herriari ez deutsola mesede larregi egiten. Independentzia ez da konponbidea. Zelan atarako geunke bizimodua? Beste herrialde batzuen pentzuan biziko ginateke. Pentsaizu, lau mila metroko hatx baten bi miloe tibetar baino ez gara. Geure kultureari eusteko askatasuna behar dogu eta horretarako, Tibetera sartzen dan txinatarren uriolea eten egin beharko litzateke zeozelan. Hong Kongen kasuan hori posible bada, zergaitik ez dabe hemen egiten? Erantzuna argia da: gure lurraldean tibetarrok gitxiengoa izatea interesetan jake eta horretan dabilz. Holan, ganera, Txinak ez dau erabili behar bala bakarra Tibet kontroletako.

5.- Zeozelako iraultzea eragiteko nahikoa indar ete dago Tibeten?

Ez, argi eta garbi. Ganera, iraultzea ez dala bidea pentsetan dot, horrek ez leuke konponbidea ekarriko. Garrantzitsuagoa da, nire uste apalean, Tibeten kualifikautako irakaslerik ez dagoala arrazoituz, gure eskoletara txinatar irakasleak bialtzeko prozesua bertan behera ixtea. Nahitaezkoa da geure hizkuntzeari eustea eta tristea izan arren, gurean asko dira honezkero gure hizkuntzan irakurten ez dakitenak. Horrezaz gan, bizimoduari eta ohiturei jagokenez, konprobauta dago kale giroko tibetarrak ez dirala landa girokoak baino zoriontsuago bizi baina kontua da ze gazte gehienek Lhasara etorri gura dabela, dirua irabazi eta Tibetetik ahalik eta arinen iges egiteko.


6.- Sarritan aitatzen dozu diruaren kontua. Itxuraz, behintzat, emoten dau tibetar gizartea lurtarra eta espirituala dala...

Jakina, dirua garrantzitsua da baina sekula ez da izan nahitaezkoa guretzako, budistontzako. Euren buruak komunistatzat dituenak ekarri dabe gurera diruagazko adorazinoa. Txina eta Txinagaz lotutako guztia baino ez dabe buruan eta iman indartsu horren erakarpen indarrari aurre egitea ez da bape erraza.


7.- Ez zara bape baikorra...

Ez. Ez daukat arrazoirik jarrera baikorra izateko. Egungo joeran etenik ez bada, pare bat belaunalditan Txinaren itsasoan galduko gara. Mongolia barrualdeko mongoliarrei pasau jakena pasauko jaku guri be, ze nomada izaerea eta euren ama hizkuntzea galdu ditue. Zoritxarrez, bizi dogun akulturazino prozesua zelan eten ez dakit; txinatarrek ondo ikasi dabe ikasgaia eta gaur egun teknika zorrotz eta burutsuagoak erabilten ditue neokolonialismo prozesuan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu