Tibetek eztanda egin dau

Zigor Aldama 2008-03-17 11:35   Bidaide

Kasualidadez, Bidaiden Tibeten ganeko erreportaje bereziak argitaratzen gagozan honetan, lurraldeko egoereak eztanda egin dau. Jazoeren larritasuna ikusita, analisi txiki bat egitea izango da onena.

Kasualidadez, Bidaiden Tibeten ganeko erreportaje bereziak argitaratzen gagozan honetan, lurraldeko egoereak eztanda egin dau. Jazoeren larritasuna ikusita, analisi txiki bat egitea izango da onena. Kontuan izan behar da txinatar zentsurea dala-eta informazino oso gitxi dagoala baina, orain arteko zifra ofizialen arabera, gitxienez hamar lagun hil dira. Halandabe, hildakoak ehundik gora izan daitekez. Lhasa sutan dago, Joko Olinpikoetarako lau hilabete falta diranean. Uriburuaz gan, herritarrak be sutan dagoz, pazientzia agortu egiten dalako, baita tibetarrena be. Eta eztanda egin behar ebanak eztanda egin eta Txinako gizarte-antolaketearen gitxika-gitxikako gainbeherea agirian itxi dau. Barriro be, odola ikusi behar izan da komunikabideek arazo bati jaramon egiteko, arazo hori barria ez bada be. Sei hamarkadako errepresinoaren eta neokolonizazino bortitzaren azken ondorioa telebistetan edota egunkarietan ikusitako hori izan da. Hilketen ganeko datu gitxi daukaguz, txinatar gobernuaren zentsurea muturrekoa dalako eta planetako hainbat interes ekonomiko erraldoi herrialde horretan jarrita dagozalako 29. Joko Olinpikoen harira. Horregaitik, asko isildu egiten dira erregimenaren errepresino honen aurrean, horren bortitza izan ez arren. Guk dakigula, behintzat.

Batek baino gehiagok pentsau leike ‘deja vu’ egoera baten aurrean gagozala. Monjeek zuzendutako ekimenak errepresinoaren amaierea aldarrikatzeko, protestak, altxamentuak, saltokiak erreta eta hainbat hildako, datu-emoilearen araberako kopuruak. Birmania. Ez. Tibet.

Bitxia da zelan, sei hilabeteko epean, barriro be mueta honetako jazoerak izatea, Tibetekoari oraindino 'iraultza' izena emon ezin bajako be. Baina kasuon artean desbardintasun nabarmen bat dago. Birmaniakoa, duda barik, berezko protestea izan zan, oinarrizko jatekoen eta gasolinearen prezioen neurribako igoerea zala-eta jateko be ez euken herritarrek sortutakoa. Tibeten, bestalde, oso gatxa da kausa kontretu bat zehaztea, abrosiduta edo gogaituta dagozala ez bada. Halanda be, ikusitakoak ikusita, Txinatar gobernuak baditu bere arrazoiak: Joko Olinpikoen atxakia aprobetxetea.

Duda barik, azken bi hilabeteotan hainbat erakundek eta norbanakok Pekineko zitea erabili izan dabe herrialdeko agintari komunistei presinoa egiteko. Dalai Lamak, antza danez, bakarkako ibilbideari ekin deutso boikot horretan eta, oraingoz behintzat, topetan ebana lortu dauela emoten dau: Pekineko erregimenaren haserrea biztutea eta mundu mailako atentzinoa erakartea. Orain, ikusteko dago mobimentu horrek lurraldeko biztanleen babesa jasoten dauen, orain arte Tibeten ez dauelako oinarri sendorik lortu. Orduan jarri ahal izango deutsagu 'iraultza' izena mobimentuari.

Orain dala hilabete eskas, planetako lurralde urrun honetara joateko aukerea izan neban. Txinatar kolonialismoaren azken elementuak eroan eustan haraino, transtibetarrak, Bidaideren Tibeten ganeko erreportaje berezien bigarren ataleko protagonisteak. Martxan jarri zanetik, etorkizun hobe baten bila dabizan txinatarrei asko erraztu deutse bizimodua, eurak baitira nagusi, sorterrikoak miloe bi eskas diran bitartean. Gobernuaren esanetan, euren helburua lurraldearen garapen ekonomikoa da, baina begibistakoa da tibetarren kulturearen kontrako jarrera mehatxugarria. Gazte askok, komunikabide ofizialetan ikusten daben bizimoduak erakarrita, euren kulturea albo batera itxi dabe eta batzuk, ganera, ez dabe ezta ama hizkuntzea erabili gura. Monastegiak hutsik geratu dira eta Han etnian materialismoa nagusitzen hasi da. Hori gitxi balitz, tibetar argienak eta beharginenak herrialdeko unibersidade garrantzitsuenetara bialtzen ditue 'kalidadezko hezkuntzea' jasotera eta, bide batez, odolaren kolorearen ganean jarritako bost izar horien baloreak eta ohiturak hartzen joateko.

Horregaitik, ez da harritzekoa Dalai Lama arduratuta egotea eta ardura hori publikoaren aurrean erakustea. Txinaren eta mundu osoaren kontra dago, diktadurea nagusi dan herrialde batek betidanik bakearen eta harmoniaren aldekoak izan diran Joko Olinpikoak herrialde horretan izaten ixteagaitik. Bitxia bada be, bigarren berba hori, 'harmonia', ‘best seller’ bihurtu da Txinan. Gobernuaren helburuetako bat 'harmonia-gizartea' sortzea da. Zoritxarrez, Txina helburu horretatik oso urrun dago.

Krisi honen amaierea zein dan ikusi beharko da. Baleiteke protestak bertan behera geratzea eta txinatarrak ahots horreek isilarazoten ahalegintzea. Ez litzateke izango lehenengo aldia helburu hori lortzen. Oraingoan, ganera, motibazinoa oso garrantzitsua da, tartean mundu mailako ekimena dagoalako. Baina baleiteke, baita, tibetarrek 1959eko moduko iraultza bortitza eta suizidea egitea. Barriro be, hona hemen itauna: nazinoarteko komunikabideak, barriro be, lepoa emongo deutso askatasunaren bila dabilen herriari?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu