HAEEk 25. urtebetetzearen harian, hiru jardunaldi antolatu ditu barrikuntzea ardatz hartuta

Bizkaie! 2008-03-14 15:37

Hiru jardunaldiak Gasteizen, Bilbon eta Donostian izango dira, eta itzal handiko personak izango dira hizlari, besteak beste, Juanjo Mena, Koldo Saratxaga, Andu Lertxundi, Patxi Baztarrika edo Daniel Innerarity.

Herri Administrazinoen Euskal Erakundeak (HAEE) hainbat ekitaldi preparau ditu 25. urteurrena ospatzeko eta, besteak beste, hiru jardunaldi antolatu ditu barrikuntzea oinarri hartuta. Horretara, hiru arlo aukeratu ditu lanerako: giza baliabideen kudeaketea, herri administrazinoak eta euskerea. Hiru jardunaldiak Gasteizen, Bilbon eta Donostian izango dira, eta itzal handiko personak izango dira hizlari, besteak beste, Juanjo Mena, Koldo Saratxaga, Andu Lertxundi, Patxi Baztarrika edo Daniel Innerarity.

Lehenengo jardunaldia Gasteizko Goiuri jauregian izango da, apirilaren 3an, ‘Barrikuntzea personen kudeaketan’ izenburupean eta Juanjo Mena eta Koldo Saratxagaren partaidetzeagaz; apirilaren 17an izango da bigarren hitzordua, Guggenheim Bilbao Museoan, Daniel Innenarity, Luis Maria Ullibarri eta Francesc Moratagaz, ‘Barrikuntzea Herri Administrazinoen teknologian eta kudeaketa-moduan’ izenburupean; azkenik, maiatzaren 5ean, Kutxaren Donostiako Arrasateko kaleko ekitaldi aretoak hartuko dau txandea, Andu Lertxundi eta Patxi Baztarrika bertan izango diralarik, ‘Barrikuntzea eta euskerea Herri Administrazinoetan’ gaia aztertzeko.

HAEE proiektuaren oinarria 1983an jarri zan abian. Orduan, bederatzi lagun hasi ziran lanean, eta aurrekontua 27,2 miloe pezetakoa zan. Oñatiko Unibersidadearen eraikinean emon ziran lehen pausu horreek. Gaur egun, HAEEk Euskal Autonomia Erkidegoko hiru uriburuetan ditu egoitzak, aurrekontua 23,6 miloe eurokoa da eta 96 lagun dagoz lanean.

Hogeita bost urte honeetan, HAEEk prestakuntza-ikastaroak emon deutsez 50.000 laguni; langileak aukeratzeko 2.000 aukeraketa-prozesutan baino gehiagotan hartu dau parte; 3.300 ikastaro, jardunaldi eta mintegi antolatu ditu; 26 miloe berba baino gehiago itzuli ditu; 23.000 lagunetik gora izan ditu euskera-ikastaroetan; 40.000 egiaztagiritik gora emon ditu hizkuntza-eskakizunetan; 13.500 harpide ditu 'Administrazioa Euskaraz' aldizkaria jasoteko eta 400 'Herri Arduralaritzako Euskal Aldizkaria' jasoteko; 400 liburutik gora editau eta argitaratu ditu; eta bere web-orrian 700.000 bisita izaten ditu urtean.

HAEEk lan handia egin dau administrazinoan euskerearen erabilerea normalizetan. Itzultzaile, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak (IZO) eta Euskalduntze Zerbitzuak lanean jardun dabe eta lanean dihardue kalidade handiko itzulpenak eta interprete-lanak egiten, hizkuntza-gaitasuna lortzeko eta administrazino-hizkerea lantzeko ikastaroak antolatzen, eta hizkuntza-eskakizunak egiaztatzen.

Era berean, Liburutegi eta Dokumentazino Zerbitzu indartsua be osotu dau, eta, gaur egun, beste argitalpen askoren artean, 23.000 monografia eta espezializautako 250 aldizkari-bilduma baino gehiago ditu. Zerbitzu baliotsu hori hor dago erabilgarri, bai herri-administrazinoetako langileentzat, baita, irakasle eta ikertzaileentzat be.


Etorkizuna

HAEEn dabilzan lan-taldeek 25 urteotan nahikoa eskarmentu hartu dabe eta, beraz, erakundeak baikor begiratzen deutso etorkizunari. Helburua argia da: emoten dauen zerbitzua kalidadez bikaina izatea eta barrikuntzearen arloan etenik barik aurrera egitea da, beste herri-administrazino batzuekaz lankidetzea sendotzeko, XXI. mendeko euskal gizarteari zerbitzurik onena emoteko asmoz.

Gainera, HAEE etenbarik arduratuko da ikerkuntzea sustatzen, eta jakintza zabaltzen. Horren erakusgarri dira Leizaola Saria, ikerketak eta doktore-tesiak bultzatzeko bekak. Horiek aurrera atera ahal izateko, erakunde honek lan handia egiten du isilean", azaldu dute.

Era berean, kalidadearen kulturea sustatuko dau HAEEk, erakundea EFQM ereduaren jarraibideen arabera kudeatzen baita, eta beste erakunde publiko batzuekaz lankidetzan arituko da arlo hori zabaltzen eta jakinarazoten.

HAEEren historian funtsezkoa izan da euskal administrazinoakaz izandako alkarlana, ‘lankidetza hori izan dalako jakintza-iturri, benetan onuragarri eta mesedegarri’. Horretarako, hitzarmen asko egin ditu udalakaz, foru aldundiakaz, Eusko Jaurlaritzeagaz eta beste instituzio batzuekaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu