Transtibetarra (II)
2008-03-13 12:53 BidaideMunduan, jente askok egin eban negar 2006ko garagarrilaren 1ean. Batzuk, pozez; beste batzuk, tristeziaz. Tibetera joian lehenengo trenbidea inaugurau eben, munduko altuena. Harrezkero, munduko lurralderik altuena ez dago inkomunikauta.
Munduan, jente askok egin eban negar 2006ko garagarrilaren 1ean. Batzuk, pozez; beste batzuk, tristeziaz. Tibetera joian lehenengo trenbidea inaugurau eben, munduko altuena. Harrezkero, munduko lurralderik altuena ez dago inkomunikauta. Uda haretan, ikuspuntu bi jarri ziran agirian. Batetik, Tibet Txinaren parte zatiezina dala uste dabenena eta, ondorioz, Transtibetarrak eskualdearen garapenari mesede egingo deutsola. Bestetik, Dalai Lamaren eta independentziaren aldekoak, trenak tibetar kulturearen amaierea ekarriko ebala uste dabenak. Egia, gehienetan legez, muturreko ikuspuntu bien artean egongo da. Horregaitik: zerutik hurren dagoan lurraldean sartzeko modurik onena trenean bertan da.
Trenera sartu eta behehala konturatzen zara ez dala ohiko tren bat. Litera edota jarleku bakotxaren ondoan dagozan oxigeno-tresnek eta presurizazino sistemeak jakinarazoten deutsue hori. T-164 dalako ibilbidea A eta B puntuak batzen dituan edozein linea baino zeozer gehiago da. Kontinente baten neurriak dituan herrialdearen bizkarrazurra. Shanghai-tik Lhasa-ra. Ekialdetik mendebaldera, 4.373 kilometro 49 orduan. Zero metroko altueratik 3.700 metrora. Tartean, trenbide batek munduan pasetan dauen punturik gorena, Tangula deritxana, 5.190 metrora.
Metalezko suge berdean sartu garanean, aste bi falta dira txinatar urte barria ailegetako. Txinaren makina neokolonialistea probetako momentu aproposa da. Familiak alkartu egiten dira eta, ondorioz, herrialdean sortarazoten diran jente-mobimentuei esker eskualde bakotxaren biztanle-konposizinoa agirian geratzen da. Shanghai hutsitu egiten da. Txinaren kontrolik bako garapen ekonomikoaren oinarri diran behargin etorkinak eta uriburuko unibersidadeak beteten dituen ikasleak euren jatorrizko herrietara doazenean, Shanghai hutsik geratzen da. T-164 dalakoak Txinako gizarte sistemearen arimea erakusten dau. Mobimentuan dagoan uri erraldoi honetako biztanleen artean, hasikeran gitxik egiten dabe berba tibetarrez. Ikasle gazteak dira eta treneko azken klasean doaz, 'jarleku gogorretan'. Gobernuak Tibeteko ikasle bikainenentzat Txinako unibersidade onenetan ikasteko bekak emoten ditu. Tibetarrentzat, erbesteretze hori euren kulturea desagertarazoteko pausu bat gehiago da, 'talentu-lapurretea'. Bitartean, Pekinen esanetan, programa horreek gizarteratzeko eta garapenerako laguntzino moduan balio dabe. 'Shanghain, mundu desbardin bat ezagutzeko aukerea izan dot', autortu dau Enpresa Zientzien lehenengo mailako ikasle gazte tibetar batek. Ez dau bere izena esan gura. 'Animaliak jagotea edo osatzeko erabilten diran landareen bila joatea baino askozaz be erakargarriagoa da. Logikoa da tibetar gazteoi bizimodu barri horrek erakartea. Onena bizimodu baten eta bestearen arteko orekea topetea da, gure kulturea ez hilteko'.
Lehiatilearen beste aldean, paisajea zuria da. Txinan, azken berrogeta hamar urteotako edurterik gogorrenak izan dira eta, zorionez, kaos horretatik iges egitea lortu dogu. Tibeten, edur-maluta bat bera be ez da ikusten. Gitxika-gitxika, treneko altimetroa mobiduten hasi eta pobrezia gero eta agirikoagoa da. Herrialdearen erdigunean gagoz eta, honezkero, Shanghaiko eraikin abangoardistak atzean geratu dira. Holan, Xining urira ailegau gara. Qinghai probintziako uriburua da eta 2.000 metro baino gehiagora dago. Danetara, 26 ordu pasau dira eta tren-aldaketea egin dogu. Handik gitxira, bagoia kolorez eta usainez bete da. Milaka tibetar lehenengoz sartu dira metalezko sugean. Tibetar mesetearen inguruko basamortuan trukean dabilzan merkatariak dira.
Treneko txinatarren begiak, txikitxuak izatetik, handiak izatera pasau dira ikuskizun horren aurrean. Eta laster igarri jake ez dagozala pozik bidaide barrien presentziagaz. Tibetarren primitibismoaren kontrako asmo gaiztoko komentarioak be entzuten dira. 'Animalien modukoak dira', dino batek. Baina tibetarrak, begirada pozoitsuei jaramonik egin barik, indartsu bihurtzen dira euren konpartimentuetan. Bitxia bada be, txartelak saldukeran, arduradunek nahasketarik ez egotea kontuan izan dabe. Egoera hori Tibeten bertan be oso nabarmena da eta txinatarren eta tibetarren arteko loturea oso eskasa dan bitartean, mesfidantzea da nagusi.
Tibetarren konpartimentuak ugarte txikiak dira txinatarren munduan. Mundu horretan, indibidualismoa eta berehala egiten diran fideo-zopak dira nagusi. Batetik sorterrikoen barreak entzuten diran bitartean, bestetik arpegi serioak ikusten dira, honezkero altuerearen gatxa eragiten hasi dalako. Tibetar umeak handik hona olgetan eta zarataka dabilz eta euren matrail gorriek kolorez janzten dabe kanpoko paisaje zuria.
Orain dala ordu batzuk hasi da oxigenoa berenberegi jarritako zulotxuetatik urteten, baina presurizazino sistemea apurtuta dago. Ateak izoztu egin dira eta bagoien artean be izotz-plakak sortu dira. Burukomina epidemia bihurtzen da atzerritarren artean, atmosfera arraro honetan ezin dituelako birikak oxigenoz bete. Gehienak ogetxuan etxuten dira trena punturik garaienetik pasetan dagoanean. Tibet basamortu marroi eta zuria da, tartean ukutu baltz txikitxuakaz: yak izeneko behien antzeko animaliak, ia jatekorik ez dagoan lekuan jaten. Eta artzainek agur esaten deutsie trenari, euren lurraldeko elementu barria dalako. Tibetarrak, duda barik, giza organismoaren indarraren erakusle dira.
Trena Lhasako gelaleku barrira ailegetan danerako 49 ordu pasau dira. Geralekua Potala Jauregiaren kopia bat da. Bidaiari gehienak arazoak ditue trenetik urteteko, hotzituta dagoz eta oxigenoa falta jake. Tibetarrek, barriz, pozik besarkatzen ditue euren familiako kideak. Etxera ailegau dira. Besteak, saiatu arren be, beti izango dira kanpotarrak lurralde basati honetan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!