Emakumeek afrikar kultureari egindako ekarpenari buruzko jardunaldiak Bilbon

Bizkaie! 2008-03-10 14:51

‘Emakumea Afrikako kulturan: musika, ohiturak, literatura’ izenburupean eratutako ekitaldi-sorta honen bidez, Liburutegiak etorkinen integrazino sozial eta kulturala sustatu nahi dau, hauxe dalako liburutegia erabilten dauen kolektibo nagusietako bat.

San Frantziskoko Liburutegiak, Emakumearen Nazinoarteko Eguna ospatzeko ekitaldiakaz bat eginez, emakumeak Afrikako kulturan izan dauen zereginari buruzko jardunaldiak antolatu ditu, gaur, astelehena, hilak 10, hasi eta eguenera arte, hilak 13. ‘Emakumea Afrikako kulturan: musika, ohiturak, literatura’ izenburupean eratutako ekitaldi-sorta honen bidez, Liburutegiak etorkinen integrazino sozial eta kulturala sustatu nahi dau, hauxe dalako liburutegia erabilten dauen kolektibo nagusietako bat.

Ekitaldi-sorta honen barruan, berbaldiak, film baten emonaldia eta argazki erakusketa bat antolatu ditue, emakumeek afrikar kontinenteko tradizino kulturalari egindako ekarpena islatzeko asmoz. Berbaldiek literaturea izango dabe ardatz, ahozkoa nahiz idatzizkoa, eta emakumeek idatzitako literaturan espezializauta dagoan Josune Muñoz adituak (programea antolatzen lagundu dauen Skolastika alkartearen sortzailekidea da) eskainiko ditu.

Eguaztenean, martiak 12, Liburutegira bertaratzen diranek Senegaleko Moussa Sene Absa zinegileak 2002an egin eban ‘Madame Brouette. L'extraordinaire destin de Madame Brouette’ filma ikusi ahal izango dabe. Dibortziauta dagoan ama gazte batek bere senar-ohia hil dau, udaltzaina ogibidez, eta pelikulak auzo pobre horretako biztanleek jazoereari zelan aurre egiten deutsen azaltzen dau. Gizonezko protagonistearen hilketea da Saharako Zinemaren bigarren Jaialdiko Basamortuko Arrosa irabazi dauen pelikula honen abiapuntua, eta bertan, emakume askok afrikar gizartean sufriduten daben eskubide-faltaz gogoetea egiten da.

Horrezaz gan, jardunaldietako hiru egunetan ‘Emakumearen erretratua swahili kulturan’ argazki erakusketea egongo da ikusgai. Erakusketa honek Tanzanian, Kenian eta 10 miloehiztunetik gorako hizkuntza hau erabilten daben Uganda, Mozanbike, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Ruanda, Burundi eta Somaliako mugaldeetan bizi diran emakumeen arte-sorkuntzearen eguneroko jarduerea islatzen dau. Erakusketarako sarrera dobakoa da, programara batutako ganerako ekitaldietarako sarrerea bezela.

San Frantziskoko Udal Liburutegia 2001 urtean berreregi eben, eta ordutik, Bilboko auzo honetako aberastasun etniko eta kulturala islatzen daben materialak batzeari ekin deutso. Ahalegin honi esker, bertako apalategietan hizkuntza desbardinetan idatzitako liburuak eta hizkuntzak ikasteko metodoak topau daitekez, bai eta inmigrazinoari buruzko bibliografia zabala be.


Emakumea Afrikako kulturan: musika, ohiturak, literatura’. Egitaraua

- Hilak 10: ‘Ahozko afrikar literaturea’ berbaldia Josune Muñozen eskutik (18:00etan).
- Hilak 11: ‘Emakumeek idatzitako XX. mendeko afrikar literaturea’ berbaldia Josune Muñozen eskutik (11:00etan).
- Hilak 12: Bideo-foruma. Senegaleko Moussa Sene Absa-k zuzendutako ‘Madame Brouette. L'extraordinaire destin de Madame Brouette’ filma eskainiko da. (18:00etan).
- Hilak 13: ‘Euskaeara itzulitako afrikar literaturea’ berbaldia Josune Muñozen eskutik (11:00etan).
- Hilak 10-13:‘Emakumearen erretratua swahili kulturan’ argazki erakusketea (10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu