'Irradaka', emakume idazleak, margolariak eta musikariak batuko dituan ikuskizuna Ondarroan
2008-03-06 17:47Ondarroako Emakumeen Udal Bardintasun Kontseiluak ekimen ugari preparau ditu martiaren 8aren inguruan 'Emakumeen Nazioarteko Eguna' ospatu eta emakumeen eskubideak aldarrikatzeko. Horreetariko bat da Irradaka. Martiaren 7an, 22:00etan, herriko Kafe Antzokian, emakumeek egindako saio berezia izango da.
Ondarroako Emakumeen Udal Bardintasun Kontseiluak ekimen ugari preparau ditu martiaren 8aren inguruan 'Emakumeen Nazioarteko Eguna' ospatu eta emakumeen eskubideak aldarrikatzeko eta bardintasun errealaren alde lan egiteko. Ekimenak martiaren 7an hasiko dira Irradaka ikuskizunagaz. Bariku honetan, gaueko 22:00etan herriko Kafe Antzokian, hainbat emakumezko izango dira eskenatokian.
Ekitaldiaren aurkezleak ‘Munduko emakumeen literatura’ izeneko ikastarokoko ikasleak izango dira. Eurekaz batera Aintzane Arrieta, Yolanda Arrieta, Leire Bilbao, Yolanda Larreategi, Miren Agur Meabe, Maribi Unamuno eta Ana Urkiza idazleek ekitaldirako berenberegi sortutako edo lehendik idatzitako testuak irakurriko ditue: ipuin laburrak, olerkiak, aldarrikapena.....bakotxak gura dauena. Horreez gan Nagore Agirre, Nekane Akarregi, Angela Etxebarria eta Josune Laka margolariek panel bat margoztuko dabe; Nekane Etxebarria soinu-joleak, Esther Gabiola bibolin-joleak eta Urritze Laka flauta-joleak musika saioa eskainiko dabe; hori guztia Gotzone Elu argazki-kamarearen begiradapean.
Kultureari eta arteari jagokonez, Udal Kontseiluak estrategikotzat joten dau emakumeek egindako sormen eta produkzino kulturala sustatzea: emakumeek gizarteari egindako ekarpena integrau eta balorauko duen kulturara ailegau gura bada, jentartearen planteamentu ez sexistak sortzea eta ikustarazotea da helburua.
Emakume artistek oso entzute txikia izan dabe gizartean, euren lanak gizonenak baino gitxiago preziatzen dira eta oso gatxa izaten da arte-liburuetan emakumeen lanak topetea. Lan horreek eremu pribatuedan geratu dira eta emakumeen teknikak arte txikitzat hartu izan dira.
Historian, emakumeak esparru publikotik kanpo egon dira. Literatura gizonen arloa izan da eta emakumeak, ikasketatatik hasita, irakurketatik eta idazketatik baztertu egin dira. Mendeetan, emakumeen sarbidea irakurketara galarazota edota trabaz beteta egon da. Egoera horretan, emakumeek betidanik idatzi arren, gatxago izan dabe euren lana plazaratzea.
Egun ezaguna da emakume batzuek ezkutuan idazten ebela, gizonek sinatutako lanak eginaz, gizonezkoen ezizenakaz sinatuz... Sasoi batean idaztearena 'emakumeentzako lanbide bat' izan ez arren eta praktika ha orduko arauen kontra joan, emakume idazle batzuek mobimentu feministan eragin handia izateaz gan, literatura unibersalean ezagunak eta arrakastatsuak izatea lortu dabe. Horren adibide argia da Simone de Beauvoir. Aurten 100 urte beten dira jaio zanetik.
Euskal Herrira hurreratzen bagara, Mª Jose Olaziregik hurrengoa esaten dau: 'Euskal literaturearen historian emakumezkoak ez dira existidu' eta hurrengo argudioak emoten deuskuz: 'sistemearen periferian egon dira; euren lanen ganeko ikerketa falta izugarria dago; eta, amaitzeko, ekarpen eskasa egin deutse euskal literatureari, historiagileek ez dituelako emakume idazleak kontuan izan'. XV eta XVI. mendeetako eresien egileak (ahozko literaturea) emakumeen lehenengo agerpena dakar: Butroeko Gomez Gonzalezen alaba, Ozaetako Santxa, Lasturko Miliaren ahiztea ...
Etxera bueltauta, hara hemen, Azkoitian jaio eta Markinan bizi izan zan beste andrazko bat: Bizenta Antonia Mogel, 1804an andra aitzindaria izan zan euskeraz 'Ipui onak' liburua argitaratzen. Emakumeak ilunpean egozan sasoian, Bizentak ausardiaz eta naturaltasunez jakin eban aprobetxetan esku arteko aukerea. Berrehun urte geroago, zertan ete dabilz gaurkoak?
Honen bidez emakumeoi (ezkutuan irakurri dabenak, ezkutuan idatzi dabenak, ikusezinak izan diranak....) omendu gura dira, gaur egungo idazleen bitartez. Eta eurekaz batera kulturearen beste arlo batzutan dabilzan emakumeei protagonismoa emoten: margolariak eta musikariak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!