Gogo biziz eta abiadan bueltau da Etsaiak

Saioa Torre Gereketa 2008-03-06 14:54   Musikea

'Apurtu arte' izenburupean, zortzigarren disko 'ofiziala' atara dau Etsaiak taldeak; 'ofiziala', tartean hainbat bilduma eta lan be izan diralako eta kontzertu bat edo beste be bai. Sasoi bateko erritmo bizia berreskuratuta dator, inoiz galdu izan badabe, behintzat.

'Apurtu arte' izenburupean, zortzigarren disko 'ofiziala' atara dau Etsaiak taldeak; 'ofiziala', tartean hainbat bilduma eta lan be izan diralako eta kontzertu bat edo beste be bai. Sasoi bateko erritmo bizia berreskuratuta dator, inoiz galdu izan badabe, behintzat. Hori dinoe bai taldekideek eta baita Baga Biga Musika Ideiak diskoetxeko ordezkari Ritxi Aizpuruk be.

Orain dala bost urte atara eben euren azken lana, 'Amen + 5 kantu zaharrenak'. Ordutik, nahiko trankil ibili diran arren, 'kontzertu batzuk emon izan doguz eta bidean kanta batzuk be sortu dira', azaldu dau Paul taldekideak. Lan horreek danak batu eta diskoa osotzea erabagi eben; igazko abenduan, kantak Amorotoko Musikorta estudioan grabau eta nahasketak Lamiña estudioan egin ditue Natxo Libertyk eta Jose Lastrak 2008ko urtarrilean.

'Apurtu arte' diskoa oso arina da eta Etsaiak taldearen musikearen benetako esentzia berreskuratu dala dino Ritxik. 'Bost urte pasau dira azken diskotik eta gogo biziz gatoz, indarrez beteta'. Halanda be, estilo aldetik gogorra izaten jarraitu arren, taldekideen esanetan 'bateriari protagonismoa kendu deutsagu eta, lehenengoz, bajua be entzuten da'.

Kantak laburrak dira, gordinak, bizi-biziak; berbak, zuzenak. Punk, hard-core, thrash eta metal doinuak entzuten dira, kide bakotxak eragin personal propioak ditualako. Egungo formazinoan, ganera, lagun barri bi ditue: batetik, lehenago be taldean egondako Artrofik bajua joten dau eta, bestetik, Txusek gitarrea (Pin Pan Pun Band).

Bagilera bitarteko astegoien ia danak hartuta ditue kontzertuak eskaintzeko. 'Aurkezpen-kontzertuak euskal uriburuetan eta Saran egingo doguz; gero, taldearen filosofiari eutsiz, zenbait gaztetxetan be joko dogu', azaldu dau Paulek. Horren barri euren webgunean dago zabalago. Oraingoz, lehenengo kontzertua zapatu honetan emongo dabe Durangoko Plateruena Kafe Antzokian Descontrol eta Secret Army (Katalunia) taldeakaz batera.


Omenaldia

Diskoko azken kantea, 'Ez douz ahaztuko', Etsaiak taldearen sortzaile Jokini eta bidean lagun izan dituen eta hil diran beste hainbati eskainita dago.


Diskografia

1991: 'Amen' (maketa, autoprodukzinoa).
1992: 'Etsaiak etsaien' (Esan Ozenki).
1993: 'Iraultza' (singlea, autoprodukzinoa).
1994: 'Presoak SOS' (Esan Ozenki).
1995: 'Enemigos del sistema'. Bildumea (Illy Jocker. Mexiko).
1995: 'Gerra zikina' (Esan Ozenki).
1996: Hamar urte Etsaiak'. Bilduma. VHS. (Esan Ozenki).
1997: 'Bakearen guda' (Esan Ozenki).
1999: 'Askatasun taupada' (Esan Ozenki).
1999: 'Sin Fronteras-Mugagabe'. Bilduma (Illy Jocker. Mexiko).
2000: 'Zuzenean 00' (Esan Ozenki).
2001: 'Kaos' (Metak).
2002: 'Luzemetraila' VHS (Metak).
2003: 'Amen + 5 kantu zaharrenak' (Oihuka).
2008: 'Apurtu arte' (Baga-biga).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu