Ardura eta erantzukizunen banaketearen beharra gogorarazoko dau Emakundek martiaren 8ko kanpainan
2008-03-05 18:26Emakundeko zuzendari Izaskun Moyuaren eretxiz, errespetuan eta bardintasunean oinarrituriko bizikidetza eredu batek ez deutse bakarrik emakumeei mesede egiten, baita gizonei be.

Emakundek ardura eta erantzukizunen banaketearen beharra gogorarazoko dau aurtengo Emakumearen Nazinoarteko Eguna dan martiaren 8ko kanpainan. Aspaldi lan merkatuan sartzea lortu arren, EAEko emakumeek etxeko lanen % 70 baino gehiago egiten dituela gogoratu dau Emakundek. ‘Ezinbestekoa da, beraz, arlo publikoan zein pribatuan ardurak orekaz banatzea emakume eta gizonen artean, orekatutako gizarte bat eregi ahal izateko. Hori izango da Emakunderen mezu nagusia aurtengo martiaren 8an’, azaldau du Izaskun Moyua Emakundeko zuzendariak kanpainea aurkezteko eskainitako prentsaurrekoan.
Emakundeko zuzendariaren esanetan, azken hamarkadetan, emakumeak lan munduan sartu diranetik, pausu handiak emon dira bardintasunaren alde, baina emakumeek gizonezkoenak bakarrik emoten eben espazioak irabaztea lortu arren, ‘horrek ez dau beragaz ekarri gizonezkoen neurri bereko esku-hartzea tradizinoz emakumezkoenak bakarrik izan diran personen zaintza eta etxeko lanen alorretan’.
Hori dala eta, Emakunderen ustez, guztiz beharrezkoa da arlo pribatu zein publikoan ardurak eta erantzukizunak orekaz banatzea emakume eta gizonen artean, eta horregaitik oinarritu dau Institutuak aurtengo martiaren 8ko kanpainea arduren banaketan.
‘Ekonomiaren, kulturearen eta ongizatearen aldetik nahikoa garatuta dagoan gizarte batek ez leuke onartu behar biztanleriaren zati batek (emakumeek) pagau bako lanaren zatirik handiena euren gain hartzerik, batez be, aintzat hartuta lan hori ezinbestekoa dala persona guztien ongizaterako eta jarduera sozialari eta ekonomikoari eusteko’, azaldu dau Izaskun Moyuak.
Honegaz batera, arduren banaketea beharrezkoa dala norberaren koherentziari eusteko be adierazo dau, izan be, ‘akats larria litzateke personen gaitasunak osotasunean lantzeari uko egiten jarraitzea, horregaz beharrezkoak ez diran menpekotasunak sortuz’.
Emakundeko zuzendariaren eretxiz, errespetuan eta bardintasunean oinarrituriko bizikidetza eredu batek ez deutse bakarrik emakumeei mesede egiten, baita gizonei be.
Kanpainea atzotik dago kalean (EAEko 455 markesinetan jarria dago honezkero datorren martiaren 11ra arte) eta 5.000 kartel inguru kaleratu dira hainbat erakunde, talde eta entidadeen artean banatzeko: erakunde publikoak (Gobernu, diputazino eta udalak), emakumeen alkarteak, alderdi politikoak sindikatuak, dokumentazino zentro eta liburutegiak, kultur-etxeak, ikastetetxeak, epaitegiak, komunikabideak eta osasun zentroak, besteak beste.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!