‘Surrealismoaren gauzak’ Bilboko Guggenheimen
2008-02-29 10:45 KultureaMundu osoko bilduma publiko eta pribatuetako 250 objektu inguru ikusgai jarriz (asko inoiz erakutsi bakoak), ‘Surrealismoaren gauzak’ erakusketeak mobimentu honetako produkzino estetikoak izan eban gero eta komertzializazino handiagoaren eraginez sortutako tentsinoak agirian ixten ditu.
Surrealismoak diseinuaren mundu zabalean (antzerkia, barruko-diseinua, moda, arkitektura eta publizidadean) izandako eraginari eskainitako lehenengoa da zezeilaren 29tik irailaren 7ra arte zabalik egongo dan erakusketa hau. Mundu osoko bilduma publiko eta pribatuetako 250 objektu inguru ikusgai jarriz (asko inoiz erakutsi ez diranak), ‘Surrealismoaren gauzak’ mobimentu honetako produkzino estetikoak izan eban gero eta komertzializazino handiagoaren eraginez sortutako tentsinoak agirian ixten ditu.
Erakusketeak garrantzia berezia emoten deutso Dalíri, Espainiako artista surrealista ospetsuenari, baita Peggy Guggenehimek mobimentuagaz izan zituan hartu-emon bereziei be. Peggy Guggenheim-ek Surrealismoko personaia askogaz hartu-emon estuak zituanez, II. Mundu Gerraren hasieran obra asko zuzenean egileei erosi eutsezan. New Yorkeko 57. kalean, 1942ko urrian erakutsi zan lehenengoz bilduma hori Frederick Kiesler arkitekto irudikorrak diseinautako erakusketagune bikainean. Museo-galeria hori, ‘Art of This Century’ izenekoa, New Yorkeko abangoardien bihotza izan zan, eta Peggy Guggenheimek eskainitako gogo handi, ardura eta ekinari esker, AEBetan surrealismoaren ideala zabaltzen eragin handia izan eban.
‘Surrealismoaren gauzak’ altzariak, pinturak, eskulturak, jantziak, bitxiak, zeramika, ehunak, argazkiak eta zinema alkartzen ditu gaika banatutako bost ataletan: Balleta, Surrealismoa eta objektua, Naturea, Gorputza eta Barrualdea. Era berean, testuinguru historikoan kokatzen ditu mobimentu surrealistearen erakusketea eta jazoera adierazgarrienak eta gainera, mobimentutik harantzago joandako artista eta diseinatzaile surrealisten lanak nabarmentzen ditu.
René Magritte, Max Ernst, Salvador Dalí edo Yves Tanguy lako artisten pinturakaz batera, erakusketeak XX. mendeko objektu harrigarrienetako batzuk batu ditu, besteak beste, Dalíren Mae West-en ezpanen formako sofa (1938) eta Telefono afrodisiako zuria (1938), Elsa Schiaparelli diseinatzailearen Urratua eta Hezurdura gaueko soinekoak (biak 1938koak), edo Meret Oppenheim-en Hegazti baten hankak dituan mahaia (1939).
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!