Legez kanpo Tibeten (I)

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2008-02-26 16:42   Bidaide

Azkenean, gainditu barik neukan irakasgai bat gainditzea erabagi dot: Tibet. Lehenengo, munduko lurralderik altuenak eragiten deustan bildurra eta hara joateko gogo eza ganetik kendu behar izan dodaz.

Azkenean, gainditu barik neukan irakasgai bat gainditzea erabagi dot: Tibet. Lehenengo, lurralderik altuenak eragiten deustan bildurra eta hara joateko gogo eza ganetik kendu behar izan dodaz. Gogo eza, hasieratik argi neukalako ez nintzala hegazkinez joango eta, trenez, egun bi behar dira hara ailegetako. Bildurra, baimenik barik noalako. Txinako Eskualde Administratibo Berezi horretan kazetariak ez gara ondo-etorriak. Gehiago esatearren: sarrerea guztiz galarazota daukagu. Baina negua da eta oso gitxi hurreratzen dira horren lurralde ezatseginera. Horregaitik, kontrolak ez dira horren zehatzak.

Shanghaitik, 4.300 kilometro baino gehiagoko ibilbidea da planetako lurralderik jentetsuenean. Suberteduna naz. Bidaiaren erdia egindakoan, Txina kolapsau egin da. Mende erdian izandako edurtzarik handienak jazo dira. Bitxia bada be, Qinghai eta Tibet probintzietan ez da ezer berezirik igarri. Herrialdearen mendebaldea kaos zuripean dagoan bitartean, Transtibetarra planetako mesetarik garaiena zeharkatzen dabil. Tanggula izeneko pasabidean 5.190 metroko garaierea hartu arte. Bidaia, berez, oso interesgarria da; horregaitik, Tibeti eskainiko deutsaguzan kroniken artean atal berezia izango dau. Planetako eremu gatazkatsuenetarikora neokolonialismoko ibilgailu honetan ailegau naz.

Lhasa, uriburua, 3.700 metrora dago. Nik uste neban 'mendiko gatxa' kondaira hutsa zala... Bada, ez. Jota ixten zaitu, erabat jota. Egun bi egin ditut ohean botata eta bidaiaren azken zatian gogorrago eragin deust. Eta medikuen laguntzinoa topau behar izan dot ospital batean, ospital... militar batean. Bertan, sudurretik sartu deuste nire organismoak eskatzen eban oxigenoa. Eskerrak ez deustela ezelako baimenik eskatu.

Hamazazpi egun egin ditut Tibeten poliziak ni ez ikusteko ahaleginetan. Legez kanpo ibilteak hori dakar. Kalean, polizia-txapel bat ikusten dodanean, norabidez aldatzen dot. Autobusetan, normalean polizia-kontrolak izaten diranez, erropa artean sartu eta lo plantak egiten dodaz. Garraiobide publikoan joatea abantaila da ze poliziari burutik pasau be ez jako egiten leku horreetan mendebaldarrak topetea. Eta areto zarratuetan, jenteak eskuzabaltasuna erakutsi eta ezkutauta egoten laguntzen deust. Agintariakaz sagua eta katua moduan olgetan ibiltea ez dago horren txarto. Baina, benetan, bildur apur bat emoten dau. Txinan, hoba da uniformedunakaz olgetan ez ibiltea.

Zorionez, ostereak ondo urten dau eta planetako lekurik zapalduenetarikoa askatasunez ezagutzeko aukerea izan dot. Jente atseginagaz egon naz, independentziaren aldekoakaz egin dot berba eta baita txinatar nazionalista sutsuakaz be. Baina garrantzitsuena da zorionekoa sentidu nazala lurralde zoragarri hau ezagutzeko aukerea izan dodalako, oxigenoa eta askatasuna faltan dagozan eremu hau.

Datozan bi hilabeteotan, Tibeten sentidutakoa eta ikusitakoa kontauko deutsuet. Shanghaitik, txinatar mirari ekonomikoa erakusten dauen uritik, Txinako Herri Errepublikara Transtibetarrean. Lhasa, Tibeteko uriburua. Shigatse, ahuntzen eta yak-en landa-mundua. Eta tibertar monje gazte bati egindako alkarrizketea, Tibeten identidadea galduta dagoala tristeziaz hartu dabenen erakusle moduan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu