Arte bitartekaritzeari buruzko eztabaida-saioa Guggenheim Bilbao Museoan

Bizkaie! 2008-02-21 10:07

Arte bitartekaritzearen egiturak eta praktiak aztertuko ditue gaur, hilak 21, Euskal Herriko arte garaikidea gaitzat dauen ‘Artea Zintzilik’ eztabaida-saioen barruan.

Santiago Eraso Artelekuko zuzendariak, Javier Gonzalez de Durana Artiumeko zuzendariak, Alberto Lomas artisteak eta Asier Perez Gonzalez EHUko Eskultura irakasleak arte bitartekaritzearen egiturak eta praktiak aztertuko ditue gaur, hilak 21, Euskal Herriko arte garaikidea gaitzat dauen ‘Artea Zintzilik’ eztabaida-saioen barruan.

Museo bilbotarretik gogoratu dabenez, ‘Artea Zintzilik’ ekimena 2007ko zemendiaren 15ean hasi eta gaur amaituko da. Museoaren hamargarren urteurrenaren harian antolatu zan, Euskal Herriko arteagaz lotutako erakusketen osogarri moduan.

Juan Luis Morazaren zuzendaritzapean, topaketa honeek, alde batetik, ‘Ezezagunak’ erakusketeak hasitako saiakerea garatzea dabe helburu, eztabaidea kultura arlora eta maila artistikora zabalduz. Morazaren esanetan, ‘artea orainaldi sozial, kultural eta teknologiko zehatz bat bezela sortzen da, eta ez da horreen guztien erantzun eta isla bakarrik, agente eraldatzailea be bada’.

Bestalde, protagonista diran agente desbardinentzako batzar edegia sortu gura izan da, artistak, arte historialariak, antropologoak, kultur bitartekari eta kudeatzaileak, eta museoetako eta erakunde kulturaletako zuzendariak hartzen dituana. Horreen artean, Juan Luis Moraza, Xabier Saenz de Gorbea, Txomin Badiola, Santiago Eraso, Peio Aguirre edota Javier Gonzalez de Durana topau daitekez, Guggenheim Bilbao Museoan alkartu diranak Euskal Herriko arte plastiko eta bisualen historia, gaur egungo egoera eta etorkizunari buruz eztabaidatzeko.

‘Artea Zintzilik’ ekimenak, gaur egungo Euskal Herriko artearen ezaugarri dan osobakotasuna, amaitubakotasuna, baina baita hori bera barruan hartzeko eta laburtzeko ahalegina emon gura izan dau aditzera. Arte garaikidea posible danagazko edegitasun horretan iradokitzen da, orainaldia ez eze, iragana eta etorkizuna be eraldatzeko kapaz dana.

Morazaren arabera, ‘garai bakotxean artista-belaunaldi bat baino gehiago egoten da eta orainaldi bat alkarbiziten dabenez, euren desbardintasun eta komunikazinoen bitartez, aberastasuna, oroimena eta transformazinoa eskaintzen deuskuez’.

Bizirik dagozan artistak mundu modernotik garaikiderako trantsizinoaren protagonistak dira, baina artista horreek euren alorreko beste eragile kulturalakaz be baditue hartu-emonak: kritikariak, arte historialari eta filosofoak, giza eta gizarte zientzietako ikerlariak. Guztiak egon dira ekimen honetan euren esperientziak eskaintzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu