Txakolingileek Interneten salduko dabe aurrerantzean euren produktua

Bizkaie! 2008-02-20 17:37

Txakolinak garai barrietara moldatzeko pausu garrantzitsua emon dau, eta hemendik aurrera, merkataritza elektronikoan jarduteko plataforma bat be izango dau. Produktu honetako hiru jatorrizko deituretako ardaogileek Interneten indarrak batu eta www.txakoli.com webgunea sortzea erabagi dabe.

Txakolinak garai barrietara moldatzeko pausu garrantzitsua emon dau, eta hemendik aurrera, merkataritza elektronikoan jarduteko plataforma bat be izango dau. Produktu honetako hiru jatorrizko deituretako ardaogileek Interneten indarrak batu eta www.txakoli.com webgunea sortzea erabagi dabe. Ekimena Eusko Jaurlaritzeak bultzatu dau, elikadura sektoreko euskal enpresak merkataritza elektronikoan sartzeko estrategiaren barruan.

Webgunea gaur goizean aurkeztu dabe Leioako Mendibile Jauregian. Bertan dagoz Txakolinaren Museoa eta Bizkaiko Jatorrizko Deiturearen egoitzea. Ekitaldian egon dira Gonzalo Saenz de Samaniego Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua, Garikoitz Rios upategietako ordezkaria eta Borja Perez txakolinaren plataforma elektronikoa abiarazo dauen Merkatu konpainiako gerentea.

Gaurdaino, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako baserrietan produzidutako ardaoa zenbait upategiren banakako ekimenaren bitartez baino ez zan saltzen. Plataforma barriari esker, erosleek etxetik edo bulegotik eskuratu ahal izango ditue orain arte onartuta dagozan hiru jatorrizko deituretako ardaoak: Arabako Txakolina, Bizkaiko Txakolina eta Getariako Txakolina. Momentuz, 28 dira amankomuneko ekimen honegaz bat egin daben upategiak, eta horreen artean, hiru deituretako guztizko produkzinoaren % 80 egiten dabe.

Webgune barria operadore logistiko bategaz lotuta dago, eta honen bitartez, 48 orduko gehienezko epean bialketak Estadu espainiarreko edozein lekutara helduko dirala bermatzen da. Era berean, bezeroari telefono edo posta elektronikoaren bitartez arreta egiteko zerbitzua be abiarazo da, nazinoarteko bezeroen eskariak be tramitau ahal izateko formularioak erabiliz.

Epe laburrean, webgunearen helburua urte amaierarako 1.000 bezero baino gehiago lortzea da. Irailetik aurrera, webgunea Interneten posizionetako kanpainea hasiko da, gastronomian eta enologian espezializautako beste atari eta plataforma batzuetan txertatuko diran loturen bidez.


Posizionamendu estrategikoa

Euskadiko txakolingileen ekimenak posizionamendu estrategikoa ekarriko dau etorkizunera begira produktuaren komerzializazino globalari jagokonez eta upategi bakotxaren marketina eta marka desbardinen ezagutzari jagokenez. Merkataritza elektronikoari esker, Euskal Herriko berezko edari tipiko hau, orain arte gehienbat bertoko merkatuan saldu izan dana, askozaz be merkataritza-esparru zabalagoan banatu ahal izango da.

Webgunearen garapenaz, merkataritza elektronikoko proiektuen aholkularitzan eta sustapenean espezializauta dagoan Gasteizko Merkatu Interactiva enpresea arduratu da. Urte eta erdiko lanaren emoitzea nabegazino azkar eta erraza egiteko moduko webgunearen sorrerea izan da, erregistrautako erabiltzaileei eskaerak eta fakturak kudeatu eta ordainketa-mueta guztiak erabilteko aukerea emongo deutsena.

Webguneko atal batean, ekimen honegaz bat egin daben 26 upategien nondik norakoak, kokapen geografikoa eta hartu-emonetarako datuak agiri dira. Era berean, albisteak, eskaintza bereziak, sustapen esklusiboak eta produktuagaz zerikusia daben beste komunikazino batzuk posta elektronikoaren bidez jasoteko aukerea emongo deutse web-orrialdearen erabiltzaileei.

Gainera, ataria ezagutarazoteko lehen fase honetan, gaurtik maiatzaren 20ra bitartean, erregistrautako erabiltzaileek hiru txakolin-kaxaren zozketan parte hartuko dabe, eta lehen erosketa egiten dabenen artean 40 hazbeteko LCD telebista zozketatuko da.

Horregatik guztiagaitik, www.txakoli.com, baserrietan landutako ardaoaren salmenteari eskainitako lehen webgunea ez eze, garrantzi handiko baliabide komertziala be izango da etorkizunera begira. Normalean, txakolin-produkzino ia osoa produktoreek eurek merkaturatzen daben arren, gogoan izan behar da ardao mueta hau zabalkunde prozesuan sartuta dagoala, eta asko dirala dagoeneko ohiko prozedura familiarra eta ia artisautzazkoaren ordez merkatu enologiko gero eta konplexuagoan lehiatzeko moduko produkzino sistema profesionalizatuak abiarazo dituen upategiak.


Txakolina

Txakolina EAEn kokatutako hiru Jatorrizko Deituretako upategietan lantzen dan ardoa. Babestutako izendapena da, eta ondorioz, upategi honeek baino ezin leikie erabili ardoa etiketatzerakoan. Ardao gazte eta fruta-gustukoa da, garraztasun puntu bat daukana eta amaieran ukutu mingotsa.

Txakolin zuria da nagusi, baina txakolin baltza (Bizkaian eta Getarian) eta txakolin gorria be (Bizkaian baino ez) lantzen dira. Hiru Kontseilu Erregulatzaile dagoz: Arabako Txakolina (Aiarako Eskualdean produziduten dena), Bizkaiko Txakolina (lurralde historiko osoa beregain hartzen dauena) eta Getariako Txakolina (Gipuzkoa osorako). Araban hiru upategi dagoz, 58 Bizkaian eta 18 Gipuzkoan.

Mahastiei eskainitako lursailak 325 hektareakoak dira Getarian, 240 hektareakoak Bizkaian eta 45 hektareakoak Araban. Halan da be, hiru foru aldundiek landaketa barriak egiteko emon dituen baimenen haritik, kopuru horreek nabarmen handituko dira datozen hiru urteetan.

2007ko uztearen ondoren, 300.000 litro txakolin landu dira Araban, 905.000 Bizkaian eta 1.350.000 litro Gipuzkoan, hau da, 3.400.000 botila inguru. Hiru izendapenetarako aurreikusi dan zabalkuntzeak kopuru horreek bikoiztea ekar leike hiru urteren buruan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu