Abian da ‘Zirkuitoa’, Euskadiko arte eszenikoen arloko zirkuitu amateur bakarra
2008-02-20 11:12 KultureaZirkuitoak, Bilboko Kultura eta Hezkuntza Sailak antzerki-talde amateurren jarduerea sustatzeko antolatzen dauen ekimenak bultzada sendoa izango dau zezeilaren 21ean hasiko dan zortzigarren edizinoan.
Zirkuitoak, Bilboko Kultura eta Hezkuntza Sailak antzerki-talde amateurren jarduerea sustatzeko antolatzen dauen ekimenak bultzada sendoa izango dau zezeilaren 21ean hasiko dan zortzigarren edizinoan. Aurrekontua 60.000 eurokoa izango da, igaz baino % 60 gehiago eta igoera horrek berretsi egiten dau Udalak Uriko kultur programazinoan gero eta errotuago dagoan ekimen honen alde egin dauen apustua, auzoetan antzerki-emonaldiak ikusteko aukeera eskaintzen dauena, besteak beste.
Programa honen bultzadea sano esanguratsua da, batez be gogoan hartzen badogu Euskadin Arte Eszenikoen alorrean dagoan zirkuitu amateur bakarra dala. Zirkuitoak 1.700 ikusle baino gehiago batu zituan 2007ko edizinoan, eta 2001ean abian jarri zanetik, 16.000 ikusle inguru erakarri ditu. Azken zazpi urteotan, ehun ikuskizun baino gehiago taularatu ditue talde amateurrek, eta 150 ekitaldi baino gehiago eskaini danetara.
2008ko edizinoan, Zirkuitoak 28 konpainia amateurren parte hartzea izango dau, igaz parte hartu eben 16 taldeen aldean. Emonaldi kopurua 25etik 29era handitu da, eta programazinoak sei hilebete iraungo dau, bina hilebeteko hiru programatan banatuta: zezeila-martia, apirila-maiatza eta urria-zemendia. Horregaz batera, eszenatoki kopurua be handitu da, eta Deustu, Otxarkoaga, Begoña, San Frantzisko eta Abandoko ohiko eszenatokiei, 2008an San Inazio eta Errekaldeko udaltegiak gaineratuko jakez. Emonaldi guztiak dobakoak dira, eta kasu guzti-guztietan 19:30etan hasiko dira.
Bertoko sortzaile eta talentuak
Bertoko sortzaile eta talentuak bultzatzeko asmoari erreparau ezkero, gogoan hartzekoa da parte hartuko daben 24 konpainiak Bilbon kokatuta egotea.
Programazinoak formatu txikiko antzezlanak batzen ditu, euskeraz nahiz gaztelaniaz, eta edukiei jagokenez, era guztietako antzezlanak tartekatzen ditu, holakoxe heterogeneo eta anitza baita lanotara inguratzen dan ikuslegoa. Udalak egindako azterketen arabera, ikusleak antzerkira joateko ohiturarik ez daben personak izaten dira, eta auzoetan holako ikuskizunak antolatzea eskertzeko modukotzat joten dabenak.
Zirkuitoa sortzaile eta antzerki-talde hasi barriei euren lanak taularatu eta jentaurrean aurkezteko eskainitako aukera parebakoa da, bertoko konpainiek oso positibotzat joten dabena. Esparru ezin egokia da egungo antzerki proposamenik freskoenak eta gaurkoenak ikusi ahal izateko, eta aldi berean, aukera ederra emoten deutse taldeei ganerako konpainien lana ezagutzeko. Ekimenaren jatorria Udalak aurretiaz antolatzen eban kafe-teatro zikloa da, edizinoz edizino uriko barruti desbardinetaraino heldu dana.
Zirkuitoa programearen bidez, Bilboko Kultura Sailak Uriko antzerki-taldeen esku jarri nahi ditu antzezlanak taularatzeko lokalak, antzezlan horreen publizidade eta zabalkundea, eta konpentsazino ekonomiko bat muntaia finantziau eta talde amateur eta erdiprofesionalen urtebeteko lan jarraitua konpentsatzeko asmoz. Bilbon eratutako proiektu eszenikoen programazino egonkor bat garatzea da ekimen honen beste helburuetako bat.
Programazinoa zezeilaren 21ean abiatuko da Begoña eta San Frantziskoko udaltegietan, 19:30etatik aurrera. Lehenengoan, Burbujas konpainiak ‘La Trouppe de Mercedes’ antzezlana taularatuko dau, eta San Frantziskoko emonaldian, Periplo Teatro taldeak ‘La Ciudad Sitiada’ eskainiko dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!