‘Xabier Landaburu: bizitza osoa euskal herriaren kausarentzat’ erakusketea Gasteizen

Bizkaie! 2008-02-19 14:35

Xabier Landaburu Fernández de Betoño beste adibide bat da, euren gaitasun bikainean eta gizarte eta ikasketa prestakuntzan oinarriturik, ongizatezko etorkizuna sakrifikau eta herri bategazko eta gogo-asmo batzuekazko maitasunaren alde burrukatu zan euskaldunen belaunaldi ereduzko haretan.

Erakusketa honek XX. mendeko euskal politikaririk garrantzitsuenetarikoa izandako arabar honen irudia gogoratuko dau (Vitoria-Gasteiz, 1907 - Paris, 1963). Xabier Landaburu Fernández de Betoño beste adibide bat da, euren gaitasun bikainean eta gizarte eta ikasketa prestakuntzan oinarriturik, ongizatezko etorkizuna sakrifikau eta herri bategazko eta gogo-asmo batzuekazko maitasunaren alde burrukatu zan euskaldunen belaunaldi ereduzko haretan.

Ehun urte bete dira, Arabatik Kongresuko diputadu, erbestean Eusko Jaurlaritzako Lehendakariorde eta, idatzi zituan artikuluakaz eta bere ‘La causa del Pueblo vasco’ liburuagaz, euskal abertzaletasunaren teorialarietako bat izandako EAJko politikari hau jaio zanetik. Gainera Nazinoarteko Lantalde Barrien (NEI) sorreran be parte hartu eban, Agirre lehendakariagaz batera, erbestean ordurako, zuzendaritza-batzako kide be izan zalarik.

Eta bere bizitzako 55 urteetatik 26 erbestaldian emon bazituan be, eta hil be egoera horretan 1963an, inoiz ez zan ahaztu bere jatorri arabarraz. Haren jaiotzearen mendeurrena gogoratzeko, Sabino Arana Fundazinoaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak ‘Xabier de Landaburu (1907-1963): bizitza osoa euskal herriaren kausarentzat’ erakusketea antolatu dau; bertan haren bizitzea, lana eta gogo-asmo europazaleak ezagutarazoko dira. Erakusketearen arduraduna Alex Ugalde EHUko Nazinoarteko Harremanetako irakasle eta Zientzia Politiketan doktorea da.

Hamabi paneletan euskeraz eta gaztelaniaz ipinitako testu, irudi eta argazkiak tarteko (dokumentazinoa, argitalpenak, objektu personalak…), gainbegiraketa bat egiten jake Landaburuk eskaintzen dituan alderdi nagusiei: abokatu moduan, kazetari, idazle eta publizista moduan, kultur erakundeetako eragile, egunkari eta aldizkarietako zutabegile, EAJko buruzagi, Gorteetako diputau, Euzkadiko Jaurlaritzaren Parisko ordezkari eta nazinoarteko zereginetan Agirre lehendakariaren laguntzaile, Euskaldunen Lagunen Nazinoarteko Ligaren dinamizatzaile, euskal alkarte europazale eta federalisten bultzatzaile eta arduradunkide, nazinoarteko kristau-demokraziako kide, Radio Euskadiko esatari eta Eusko Jaurlaritzako sailburu eta lehendakariorde moduan.

Xabiar Landabururen familiaz gan, erakusketea eratzeko lagundu dabenak, argazkiak, dokumentuak, argitalpenen digitalizazinoak eta beste material batzuk itxiz, ondokoak izan dira: Valladolideko Unibersidadeko Artxiboa (Landaburuk lortutako Zuzenbide Lizentziaturearen jatorrizko espedientea laga dabe); Gasteizko Marianisten Ikastetxea (Batxilergoa amaitu eban ikasturteari jagokon argazki-orlea); Sancho el Sabio Fundazinoa, Eusko Ikaskuntzaren Eusko Media; Arabako Lurralde Historiakoaren Artxiboa, Gasteizko Udal Artxiboa, eta Deportivo Alavés (‘Que la victoria nos sonríe’ ikuskizun komiko-musikalaren antzezpenerako egin zan banderea itxi dau, izan be, haren libretoa Xabier Landaburuk berak eta Luis Apraizek idatzi eben, musika-partiturea Luis Aramburuk maisuak egin ebalarik).

Erakusketearen logotiporako Landabururen arpegiaren profila erakusten dauen marrazki bat diseinau da, Heraldo Alavésen 1929ko bagilaren 24an argitaratutako I. Ugarte Viterik egindako karikatura batean oinarrituta. Hain zuzen be, karikatura hori 21 urte besterik ez zituanean, bere jaioterriak, Gasteizek, Landabururi bere kazetari, kultura eta gizarte jarduereagaitik eskaini eutson omenaldi baten harian egindakoa da.

Erakusketearen osogarri, 90 orrialdeko katalogo eder bat be preparau da; lan hori Alex Ugalde erakusketearen arduradunak koordinauta egin da; bertan Landabururen biografia zehatz bat eskaintzen da, bai eta Landaburu ezagutu eben persona ospetsu batzuek eta gaur egungo historialari eta ikertzaile zenbaitek beraren gainean emondako eretxiak, eta haren idazkien aukeraketa bat, beraren pentsamolde politikoa hobeto ezagutzen laguntzeko.

Bere bizitzan zehar Xabier de Landaburuk ondo konbinau zituan egunez eguneko politikagintzea eta analisi teorikorako, azterlanak egiteko eta taktika eta estrategia politikoak planifiketako eban gaitasun handia. Erbestaldian euskal abertzaletasunaren ideologo eta pentsalaririk esanguratsuenetako bat izan zan eta pentsamoldea garaien aldaketearen eta nazinoarteko inguruabarren arabera eguneratzen jakin eban.

Hogeita hamarreko hamarkadan euskal politikagintzan agertu zan belaunaldi haretakoa izan zan, hau da, Jose Antonio Agirre, Manuel Irujo, Jesus Maria Leizaola, Telesforo Monzon… eta beste askok osotutakoa; lagun horreek goi mailako ardurak bereganatu zituen II. Errepublikan, Gerra Zibilean, II. Mundu Gerran eta erbestaldian.

‘Xabier Landaburu (1907-1963): bizitza osoa euskal herriaren kausarentzat’ erakusketea zezeilaren 19tik martiaren 9ra egongo da ikusgai Gasteizko Amarica aretoan (Amarica plaza, 4), astelehenetik barikura 17:30etatik 21:00etara eta domekatan 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etatik 21:00etara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu