Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike izango dira ‘Eztabaidak literatureagaz’ ekimenaren hurrengo protagonistak

Bizkaie! 2008-02-18 18:35   Kulturea

‘Eztabaidak literatureagaz’ ekimenaren bigarren saioa egingo da zezeilaren 19an, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike idazleakaz. ‘Emakumea izan eta idaztea’ gaia jorratuko dabe bi idazleek alkarrizketa baten bidez, Pili Kaltzada kazetari eta poemagileak zuzendurik. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrieta Liburutegiko areto nagusian.

Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak hilero antolatzen dauen ‘Eztabaidak literatureagaz’ ekimenaren bigarren saioa egingo da bihar, zezeilak 19, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike idazleakaz. ‘Emakumea izan eta idaztea’ gaia jorratuko dabe bi idazleek alkarrizketa baten bidez, Pili Kaltzada kazetari eta poemagileak zuzendurik. Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrieta Liburutegiko areto nagusian.

Bidebarrieta Kulturgunearen ekimen honetan bi idazle azaltzen dira jentaurrean literaturaz eta idazteko ofizioaz berba egiteko. Helburua ez da egile bakotxaren azken lanak aurkeztea, irakurleen interesekoak diran gaiak jorratzea baino.

Ana Maria Moix (Bartzelona, 1947), idazle eta poetea, ‘Correo urgente’ (1966) liburuaren egilea da, eta J. M. Castelletek landutako antologian 'novisimo'-en artean sartu eban. Narrazino bilduma haren ondoren, ‘Call me Stone’ (1969), ‘Julia’ (1970) eta ‘Las virtudes peligrosas’ (1985) lanak plazaratu zituan. Beste bi poema-liburu be argitaratu ditu: ‘Baladas del dulce Jim’ eta ‘No Time for Flowers’.

Bestalde, Luisa Etxenike donostiarra, Zuzenbidean lizentziatua, eretxi artikuluak idazten ditu zenbait egunkaritarako eta Euskal Herriko literatur tailerrik ospetsuenetako baten zuzendaria da. ‘La historia de amor de Margarita Maura’ narrazino-bildumea eta ‘Silverio Girón’ eta ‘Querida Teresa’ eleberriak argitaratu ditu, bai eta ‘Efectos secundarios’, ‘El mal más grave’ eta ‘Ejercicios de duelo’ izenburuko liburuak be. Irakasle ibili da New Yorkeko Columbia Unibersidadean eta bere lanak hizkuntza desbardinetara itzuli dira.

Bi idazle honeek emakumezkoen idazkerarik ba ete dagoan aztertuko dabe, emakumezkoek sortutako literaturea eta ‘eduki femeninoa’ aurrez aurre hartuta. Sexuaren eragina sormen lanetan, emakumeen zentsurea edo auto-zentsurea idazteko orduan, errekonozimendutan edo eta sarien banaketako orduan dagoan diskriminazinoaz, egungo egoera eta aintzindariena, edo eta esparru editorialean lortzear dagozan bardintasunezko espazioak izango dira berbagai besteak beste saio honetan.


Apirilera arteko egitaraua

‘Eztabaidak literatureagaz’ programearen helburua, jenteari lehen mailako idazleakaz topo egiteko gune bat eskaintzea da.

Ramiro Pinillak eta Harkaitz Canok protagonizautako lehenengo topaketearen eta biharko antolaturiko Ana Maria Moix eta Luisa Etxenikeren hitzorduaren ondoren, beste bi saio izango dira zikloan.

Martiaren 11n, ‘Literaturea eta antzerkia’ izenburupean, Alfonso Sastrek eta Carlos Gilek parte hartuko dabe, Josu Monterok moderauta. Antzerkigilearen estatusa, antzerkia irakurgaitzat eta liburudendetako salgaitzat dauen garrantzia, antzerkiaren betekizun soziala, antzerkigilearen muga eta baldintzak estreinetako aukeren aldean eta antzerkigintzako adierazpide barriak dira bi egileek eztabaidatuko dituen gaietako batzuk.

Azkenik, apirilaren 15ean, ‘Literaturea eta egungo gizartea’ gaia aztertuko dabe Belen Gopeguik eta Iban Zalduak, Ramon Bustamante kazetariak moderauta. Egungo ardura sozialen isla literarioa, genero literario desbardinek ardura horreei heltzeko dituen gaitasunak, egungo egileek gehien jorratzen dituen gaiak, globalizazinoak literaturan edo idazle garaikideen konpromiso mailaren gainean dauen eragina izango dira alkarrizketearen ardatzetako batzuk.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu