'Ei Gazte!' diseinu lehiaketea antolatu dau Eusko Ikaskuntzak

Bizkaie! 2008-02-18 10:40

Euskal Herrian edo diasporako herrialdeetan bizi diran 16 eta 30 urte arteko gazteei zuzendutako ekimenean, erakundeko Gazteria Sailaren irudi adierazgarria diseinau beharko dabe parte hartzaileek.

Eusko Ikaskuntzeak 'Ei Gazte!' diseinu lehiaketea antolatu dau erakundeko Gazteria Sailaren irudi adierazgarria izango dan logotipo bat aukeratzeko. Logotipoa dokumentu ofizialetan eta web orriaren erabiliko da, Eusko Ikaskuntzeak jakinarazo dauen legez.

Euskal Herrian edo diasporako herrialdeetan bizi diran 16 eta 30 urte arteko gazteek parte hartu ahal izango dabe lehiaketetean, beti be Eusko Ikaskuntzako bazkideak badira (ez badira, lehiaketeara aurkeztu aurretik emon ahal dabe euren izena). Irabazleak 1.500 euroko saria lortuko dau.

'Ei Gazte!' irudiak diseinu barria izan behar dau. Ganera, oraingoa eta praktikoa izan behar dau, gazteei zuzendutakoa. Agertu beharreko izena 'Ei Gazte!' da eta letra muetea, neurria eta koloreak autoreak aukeratuko ditu.

Maiatzaren 15ean amaituko da lanak onartzeko epea. Lana DIN-A4 neurriko gutun azal zuri batean entregauko da, etiketan 'Logotipo Lehiaketea, Eusko Ikaskuntzako Gazteria Saila' idatzita eta izenorde bategaz. Barruan, beste gutun azal itxi txikiago batean, lehiakidearen datuak (izen-abizenak, helbidea, NANaren fotokopia eta telefonoa) jarriko dira eta gutun azal horren kanpoaldean izenordea idatziko da. Lanak posta ziurtatu bidez bialduko dira Eusko Ikaskuntzako Donostiako egoitzara, Miramar Jauregira.

Eusko Ikaskuntzak izentautako epaimahaiak erabagiko dau sariduna. Epaia bagilaren 15ean emongo da jakitera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu