Interneten erabilereak gora egin eban igaz

Bizkaie! 2008-02-15 15:33

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 14 urte baino gehiagoko Interneten erabiltzaileak 873.200 izan ziran 2007. urtean, hau da, adin horretako EAE osoko % 47,4. 2006aren aldean % 13,9ko hazkundea izan da, Estatistikearen Euskal Erakundeak (Eustat) jakinarazo dauenez.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 14 urte baino gehiagoko Interneten erabiltzaileak 873.200 izan ziran 2007. urtean, hau da, adin horretako EAE osoko % 47,4. 2006aren aldean % 13,9ko hazkundea izan da, Estatistikearen Euskal Erakundeak (Eustat) jakinarazo dauenez.

2007ko bigarren hiruhilekoaren aldean EAEn % 3,5ekoa izan zan Interneten erabiltzaileen kopuruaren hazkundea. Araban igon zan gehien erabiltzaileen kopurua, % 9,2 hain zuzen be; Interneten erabiltzaileen ehunekoari jagokonez, Araba bigarren jarri zan, % 47,5egaz. Gipuzkoan % 2,2koa izan zen hazkundea eta azken hiru hileetan % 46,8koa izan zan erabiltzaileen kopurua. Bizkaian % 2,9 hazi zen, eta 14 urte baino gehiagoko biztanleriaren % 47,7k erabilten eban Internet.

Edadearen arabera, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen % 91,4k erabili eban Internet urteko azken hiru hileetan, urte bereko bigarren hiruhilekoan baino % 1,8 gehiago. Nabarmentzekoa da 55 eta 64 urte bitarteko erabiltzaileen artean % 9,6ko hazkundea izan zena eta 45-54 urtekoen artean % 5,2koa.

Bestalde, generoen arteko aldea % 5,6ra murriztu zan 2007ko bigarren hiruhilekoan, eta laugarrenean % 6,2ra handitu. 15 urte eta gehiagoko biztanleei jagokenez, Interneteko erabiltzaileak gizonezkoen % 50,6 izan ziran eta emakumezkoen %44,4. 2007ko laugarren hiruhilekoan, Interneteko erabiltzaile guztien artean, % 51,9 gizonak izan ziran eta %48,1 emakumeak.

Jardueraren arabera, ikasleen arteko % 95,5ek erabilten eban Internet, beharrean dagozanen artean % 64k eta ez-aktiboen eta lanbakoen artean % 15ek. 2007ko bigarren hiruhilekoaren aldean hazkunderik handiena (% 5,1) beharrean dagozanen artean izan zan; ez-aktiboen eta lanbakoen artean % 1,5 murriztu zan eta ikasleen artean % 0,5 hazi.

Bestalde, etxetik bertatik egindako konekzinoak % 4,8 hazi ziran; erabiltzaileen % 80k baino gehiagok etxetik egin eban konekzinoa. Hazi egin ziran, baita, lantokitik egindako konekzioak (% 2,5), eta ikastetxetik egindakoak % 1 gitxitu ziran. Beste lekuetatik egindako sarbideak -ziberkafeak, hotelak, aisialdiko lekuak...- nabarmen igon ziran (% 41,9) 2007ko bigarren hiruhilekoaren aldean.


Hizkuntzak

Ingelesez nabigatzen daben erabiltzaileen portzentajea % 12,1 hazi zan, euskaraz egiten dabenena % 6,7, eta gaztelaniaz nabigatzen dabenena % 4. Interneteko konekzioen batez besteko iraupena 41 minutukoa izan zan 2007ko laugarren hiruhilekoan; beraz, urteko bigarren hiruhilekoaren aldean 12 minutu laburragoa izan zan.

2007ko azken hiruhilekoan, 14 urte baino gehiagoko Interneteko erabiltzaileen % 27,4k erosi zituan produktuak edo zerbitzuak sarearen bidez. Guztira, 1.500 persona gehiagok erabili eben Internet erosteko, eta ia 240.000 izan ziran sarearen bidez erosketaren bat egin ebenak.

EAEko familia-etxeetan gero eta Informazinoaren eta komunikazinoaren teknologien ekipamentu gehiago dagoz. 2007ko laugarren hiruhilekoan, familia-etxeen % 57k ordenagailua eukan, hau da, 2007ko bigarren hiruhilekoan baino % 3,8 gehiagok eta aurreko urteko hiruhileko berean baino % 9,3 gehiagok.

Interneterako sarbideari jagokonez, 365.000 familia baino gehiagok (% 45,7) euken etxean zerbitzu hori. Beraz, 2007ko laugarren hiruhilekoan Interneteko konekzinoa izan ebenak 18.900 familia barri gehiago (% 5,5) izan ziran. Internet daben familiak aurreko urteko hiruhileko berean baino % 14,2 gehiago izan ziran. Era berean, sarera sarbidea daben 14 urte baino gehiagoko biztanleen kopuruak gora egin eban 32.800 personagaz, hau da, % 3 baino gehiago. Etxean Internet erabilteko aukerea daben personen kopurua miloetik hur dabil.

Azkenik, familia-etxeen % 88an baino gehiagotan eskuko telefonoren bat dago. 14 urte baino gehiagoko biztanleak kontuan izanda, eskuko telefonoa daben personen ehunekoa % 92,6raino igon zan, hau da, 2006. urteko laugarren hiruhilekoan baino % 1,4 gehiago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu