Patrick de la Sota, Sabino Arana Fundazinoaren lehen presidentea hil da
2008-02-14 18:41Patrick de la Sota Mac Mahonen omenezko hileta-eleizkizuna bihar, hilak 15, izango da, Areetako (Bizkaia) Mesedeetako Andra Mariaren Eleizan, arratsaldeko 19:00etan.
Patrick de la Sota gaur goizaldean hil da 78 urtegaz. Bilboko Itsas Museoko Fundazinoaren, Seguros Bilbao konpainiaren, Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazino Ganberako presidente be izan zan, eta Irlandako Ohorezko Kontsula EAEn.
Patrick de la Sota Mac Mahon Bilboko Merkataritza Ganberako presidente ohia gaur goizaldean hil da Areetan (Bizkaia), 78 urte zituala, Sabino Arana Fundazinoko iturriek jakinarazo duabenez, izan be, fundazino horren bazkide sortzailea eta lehen presidentea izan zan.
Patricken aitite Ramon de la Sota Llano (1857-1936) Sabino Aranaren garaikidea izan zan eta XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako industrialik garrantzitsuenetakoa, Bizkaiko lehenengo industrializazinoan parte hartu ebana. Zenbait itsas-konpainia sortu zituan, 1906an Sota eta Aznar Ontzi-enpresa izenpean bat egin ziranak. Aurretik, 1900. urtean Euskalduna Ontziolea be sortu eban.
Beste alde batetik, Patricken aita Ramon de la Sota Aburto (1887-1978), Bizkaiko Aldundiko EAJko lehenengo presidentea izan zan (1917-1919). Sofia Mac Mahon irlandarragaz ezkonduta egoan eta senar-emazteen sei seme-alabetako bat zan Patrick.
Patrick de la Sota 1930ean jaio zan. Gerra Zibila hasi zanean, Sota familiak Euskadiko Gobernuaren eta Errepublikearen laga eutsozan itsasontziak baina aurrerago Ontzi-enpresea kendu egin eutsien. Bilbo galdu aurretxuan, senideakaz batera erbestera joan zan. Miarritzen egin zituan bigarren mailako ikasketak eta, beranduago, AEBetako Cornell Unibersidadean ikasi eban.
Merkataritza Ganberako presidente izateaz gan, kargu garrantzitsuak izan zituan Bilboko Itsadarra Itsas Museoa Fundazinoan, Sabino Arana Fundazinoan eta Seguros Bilbao konpainiako presidentetzan. Gainera, Irlandako Ohorezko Kontsula be izan zan EAEn.
Komunikatu baten bidez, Juan Maria Atutxa Sabino Arana Fundazinoaren egungo presidenteak erakunde hori martxan jarteko oinarrizko euskarritzat jo dau Patrick de la Sota.
Patrick de la Sota Mac Mahonen omenezko hileta-eleizkizuna bihar, hilak 15, izango da, Areetako (Bizkaia) Mesedeetako Andra Mariaren Eleizan, arratsaldeko 19:00etan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!