Sei hilebete Txinaren jentaurreko aurkezpen ofizialerako (II)

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2008-02-13 17:02   Bidaide

Erreportajearen bigarren atal honetan alkarren artean oso desbardinak diran gai bi landuko ditugu. Batetik, obra faraonikoak amaitzen doazela eta, bestetik, 29. Olinpiadeak politikearen eta ekologiaren artean sortutako trabek eztanda egin dabela.

Txinari mundu mailako ospea emongo deutson pebeteroa biztuteko sei hilebete eskas falta diranean, erreportaiaren bigarren atal honetan alkarren artean oso desbardinak diran gai bi landuko doguz. Batetik, obra faraonikoak amaitzen doazela eta, bestetik, 29. Olinpiadeak politikearen eta ekologiaren artean sortutako trabek eztanda egin dabela.

Hilebete bi barru, azken urteotan Pekin ia tapauta izan daben garabi eta aldamio guztiak desagertu egin beharko litzatekez. Orduan, agirian geratuko da Txinako uriburuaren mutazino handia. 'Prakearen hankea', 'Hegaberearen habia', 'Ahatearen arrautzea' eta 'Ur-ontzia' dira eraikin barriei jarritako goitizen batzuk. Forma arraroak eta fisikearen legeei aurre egiteko moduko formak dira nagusi. Azpi-egituretan inbertidutako 28.000 miloe euroen emoitzak dira. Gehienak Uri Olinpikoak hartzen dituan 80 hektareatan dagoz batuta. Eremu horretan, Estadio Nazionala da nagusi, 'Hegaberearen habia', 91.000 ikusle baino gehiagoko kapazidadeagaz eta Jokoen irudia bihurtzeko aukera guztiak dituan fatxada ikusgarriagaz.

Uraren Zentro Nazionala be zientzia-fikzinozko pelikula batetik atarata dagoala esan daiteke. Kanpoko aldean, ur-burbuila erraldoien irudiak dagoz. Ganera, energiaren % 30 aurrezten daben materialez eginda dago, hormigoia erabili ezkero alperrik galduko litzatekena. 'Ur-ontzia' da. Halanda be, aitatutako eraikinak probak egingo diran sei urietan eregitako 37 eraikinetako bi baino ez dira. Txinako gobernua harro dago aurreko olinpiadetan, Atenasen, gastau zan diru-kopuru bera gastauta eraikin doblea eta denpora erdian egin ditualako. Hemen ez da ikusiko beharginik inaugurazino ofizialaren bezperan jesarlekuak jarten.

Baina eraikin barriak egiteaz gan, uriko eraikin ikusgarriak barriztau eta polito jarri ditue, bisitariei kirol-probak baino zeozer gehiago eskaintzeko. Tartean, 'Galarazotako Uria' eta 'Zeruko Tenplua' dagoz, turistentzat oso leku erakargarriak eta, abuztuan, barriak izango balira legez egongo diranak. Izan be, azken bost urteak eraikin horreetan lanean jardun dabe. Eta Txinako ikurra, hau da, Harresi Handia barriro ez apurtzeko, gobernuak bisitari-kopurua mugatzea erabagi dau. Egunean 52.000 lagunek baino ezin izango dabe bisitau. Historian jente gehien izan dan egunean (igazko maiatzaren 4an) baino 20.000 lagun gitxiago izango dira. Erabagi hori Ondare Historikoa gordeteko ahaleginaren emoitzea da, izan be, askotan, turistak kontu handi barik ibilten dira.


Matrakea eta eztabaidea

Pekineko 14 miloe biztanleak protagonista nagusiak dira orain. Gobernuak herrialdea XXI. mendean noraino ailegau dan antzeztu gura dauen obrearen protagonistak. Abuztuaren amaieran, Beijin eta bertako biztanleak ez dira lehengoak modukoak izango. Jentaurreko aurkezpenaren ostean, seguru antzean, Txinan gauzak ez dira lehengoak lakoak izango. Eta, akaso, aldaketa hori ez da onerako izango. Joko Olinpiko honeetan matrakea eta eztabaidea dira nagusi, behin eta barriro. 'Hutoiak' edo tradizinoz beteriko auzoak apurtukeran hasi zan kontua. Milaka lagun atara zituen euren etxeetatik uriburuaren kanpoko aldeko auzoetara eta uriaren historiaren zati garrantzitsu bat obra-hondakinen azpian geratu zan. Orain, merkataritza-zentru erraldoiak eta lujozko auzoak dagoz bertan.

Gero, galarazpenak etorri ziran. Jokoetara etorriko ziran mendebaldarrak ez bildurtzeko araudi zorrotza ezarri eben. Ezin da txistua han eta hemen botaten ibili. Ezin dira mokoak atara. Ezin da eskuko telefonotik arrantzarik egin. Agur esan behar jako leku zarratuetan erreteari... Insumisinoa karu ordainduko da. Isuna, 300 euroraino ailegau daiteke, soldata on baten parekoa. Bestalde, uriaren 'garbitasun' horren barruan, Jokoek irauten daben bitartean eskaleak kanporatu eta taxi-gidariek ingeles-eskolak jasoko ditue, behintzat oinarrizko ezagutzea izateko.

Askatasunen arloan be, Olinpiadak eta polemikea eskutik oratuta dagoz. Txinatar gobernuak berbea emon dau nazinoarteko komunikabideek euren lana ezelako trabarik barik egin ahal izango dabela; erabagi horregaz, txinatar biztanleek ikuspegi zabalagoa izango dabe euren herrialdearen egoera politikoaren ganean. Halanda be, Amnistia Internacional erakundearen esanetan, arlo horretan ez da aurrerapausu garrantzitsurik igarri eta 'Herriaren Olinpiadak' terminoa ezerezean geratu da. Jokoetan, disidente taldeak, Falung Gong berbarako, guztiz kontrolauta izango dira eta manifestazinoak galarazota dagoz. 2008ko abuztuaren 8ra arte, txinatarren egun handira arte itxaron beharko da nazinoarteko kazetariei trabarik jarten deutsien ala ez jakiteko. Zelan ez, Bidaiden irakurriko dozue.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu