Pei Xianmin: 'txinatar medikuntzea itxaropenerako atea da gaixo terminalentzat'

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2008-02-08 13:27   Bidaide
Shanghaiko Qi Gong Institutuko aditua

Tailandiako uriburutik, Bangkok-etik, Txinako Shanghai urira hegazkinez joan da Yu Xiangchung, Pei Xianmin medikuaren kontsultara. Orain dala hilabete, itzelezko orpoko mina hasi jakon eta botikek be ez deutsie kentzen, lasaitu baino. Mina ez da desagertzen. Medikuek ez deutsie garrantzi handirik emon, egindako probek ez dabelako ezer berezirik erakusten. 'Baina itzelezko penakaz nago eta askotan ibili be ezin izan dot', dino, kejaz. Koxoka dabil eta horrek erakusten dau benetako mina daukala. Xianmin medikuak Qi Gong Institutuko bigarren pisuan dauka konsultea, Txinako uriburu ekonomikoan. Akupunturan eta txinatar tradizinoko medikuntza aurreratuan espezialistea da. 'Hainbat proba egin beharko dira, hobeto zeineri erantzuten deutson jakiteko', jakinarazo deutso. Sesinoa akupuntureagaz hasi da. Bitxia bada be, Xianmin-ek hainbat orratz jarri deutsoz eskuetan, orpoa kontroletan daben puntuak bertan dagoz eta. Holan egon beharko dau ordu erdiz.

Miraria dala emoten dau, baina Xiangchung-ek dino hobeto dagoala. 'Kasu hau erraza da', autortu dau Xianmin-ek. Orain dala hogeta hamar urte hasi zan giza gorputzaren energiak aztertzen, hau da, akupunturearen oinarriak edo zutabeak aztertzen. 'Orokorrean, mina gure gorputzeko energia-puntuetan arazoak edo trabak dagozalako izaten da'. Ge Yinmei izeneko gaixoaren artritisa oso aurreratuta dago eta tratamentua luzeagoa da. Medikuak elektrizidade-deskargak jarri ditu 61 urteko gaixoak saman daukazan orrotzetan. 'Terapia tradizionalaren eta mendebaldeko terapien arteko nahasketea da', azaldu dau Xianmin-ek. 'Elektrizidadeagaz, punturik hur dagoan azal zatia aktibetan dot eta, holan, akupunturearen ahalmenak gora egiten dau'. Orain dala lau hilabete hasitako mediku txinatarraren terapia jarraitzen dauenetik, emakumeak sorbaldea hobeto mogiduten dauela dino.


1.- Magia ete da?

Mendebaldarren ikuspuntutik, bai, magia da. Ez dozue erraz ulertzen mina botikarik hartu barik osatzen edo hobetzen dala. Baina, gure gorputzean 365 bat puntu dagoz eta bulkada-elektrikoei esker dana kontroletan dabe. Puntu horreen funtzionamentua ezagututa, norabidea aldatu eta emoitz garrantzitsuak lor daitekez.


2.-
Txinatar medikuntza tradizionalak edozein gaixotasun osatzeko balio dau?

Kontuan izan behar da ez dauela kirurgiaren lekua hartzen eta, gaixotasun larri askoren kasuan, ezinezkoa da ohiko tratamentuak baino emoitz hobeak lortzea. Batez be medikuntza tradizionala oso suabea dalako, albo-ondorio bakoa. Nire ustez, akupuntureak arazo txikiei urtenbidea emoteaz gan, kantzerra lako gaixo larrietan ospitaleko teknikakaz batera erabilita asko laguntzen dau. Institutuan, hainbat gaixo dagoz egoera horretan eta danei hobetu jake bizi-kalidadea, erabat osatu ez arren. Edozein modutan, txinatar tradizinoko medikuntzeak azken fasean dagozan hainbat gaixori esperantzarako bidea zabaldu deutsie eta, kasu konkretu batzuetan, baita osatu be.


3.-
Berbarako?

Ez jat gustetan orokortasunetan ibiltea. Gaixo batentzat baliagarria dana, akaso, ezin jako hurrengo gaixoari aplikau. Baina, berbarako, umetokian tumore bat eukan emakumezko bat etorri zan ospitaleko medikuek kasua operau ezina zala esan eutsielako. Hemen egin geutson tratamentu bati esker, tumorea, desagertu ez arren, ez da gehiago hazi. Kasu horretan, esan geinke emakumearen bizitza luzatzen gagozala eta, denpora horretan, bizi-kalidadea hobetzen dogula. Hor ikusten da zelan tradizinoan oinarritutako medikuntzeak ia esperantzarik barik dagozanei laguntzen deutsien.


4.-
Halanda be, zure gaixo gehienek gaixotasun arinak edota endekapenezkoak ditue. Zeintzuk dira jarraitu beharreko pausuak?

Lehenengo eta behin, betiko moduan, arazoa zein dan eta non dagoan jakin behar da, ostean terapia egokia topetako. Akupunturea izan daiteke, baina baita 'cupping' izenekoa be (odolaren zirkulazinoa hobetzen laguntzen dauen teknikea), masajeak edota osabedarrak. Orokorrean, tratamentua metodo horreen danen nahastea izaten da. Kasu gehienetan, hamar sesino nahiko izaten dira horretarako; halanda be, asko aldian-aldian etorri behar izaten dira euren bizitza osoan.


5.-
Gaixo gehienak edadeko jentea izaten dirala imajinetan naz.

Bai, baina gero eta gazte gehiago datoz. Kontsultea leku egokia da gizartearen egoerea zein dan jakiteko. Orain, ordu asko pasetan dira ordenadorearen aurrean eta estresa da nagusi. Horregaitik, gazte ugari etorten da kontsultara buruko minagaz, lepoko minagaz, lo egin ezinik dagozalako edota sexu arazoakaz. Depresino kasu asko be ikusten dira.


6.-
Ez dabe gurago izaten aspirina edo dormidina bat hartzea?

Gehienek hori egiten dabe baina txinatar kulturean oraindino indar handia dauka medikuntza tradizionalak eta, gehienetan, gurasoek animetan ditue seme-alabak kontsultara etortera. Akupnturea, berbarako, teknika bikaina da lo egiteko arazoak dituenentzako eta ikasleei mesede egiten deutsie azterketa sasoian.


7.-
Zer deritxazu tearen, hau da, Txinako tradizinoaren zutabeetariko baten ganean?

Edari oso ona da. Hainbat mueta dagoz eta bakotxak ezaugarri propioak ditu. Mendebaldean, ardaoagaz antzeko zeozer pasetan da. Produktu biak dira naturalak eta, neurrian hartuta, osasunarentzat mesedegarriak. Kafeagaz konparau ezkero, tea askozaz be suabeagoa da eta ez dau ezertan kalterik eragiten. Organismoa garbitzen laguntzen dau eta horregaitik gara herri osasuntsua. Ez da ahaztu behar tradizinoa mendeetako esperientziaren emoitza dala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu