Bilboko Udaleko Kultura Sailak Juan Crisostomo de Arriagaren lan osoen faksimil edizinoa amaitu dau

Bizkaie! 2008-02-07 18:24   Musikea

Liburuki honetan nahiz faksimil edizino honen aurreko liburukietan, obra bakotxari buruzko aurkezpen eta azalpen testuen egilea Joaquin Perez de Arriaga izan da, musikariaren familiaren ondorengo zuzena eta haren musika-ondareari buruzko aditurik nabarmenenetakoa.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak amaitutzat jo dau Juan Crisostomo de Arriagaren jaiotzearen bigarren mendeurrena ospatzeko 2006an planteautako azken helburuetako bat: musikari bilbotarraren lan ezagun guztiak faksimilez argitaratzea, lau fasetan egindako 15 liburuki danetara. Plazaratutako azken liburukiak lau obraren partiturak batu ditu (Fa Minorreko Sinfonia, Stabat Mater, O Salutaris eta Romanza), Madrilgo Udaleko Musika Liburutegia, Musikearen Errege-Kontserbatorioko Liburutegia eta Liburutegi Nazionalari esker berregindakoak, erakunde horrexetan baitagoz jatorrizko aleak.

Liburua Polifemo argitaletxeak kaleratu dau, eta danetara 500 ale plazaratu dira, liburutegi, kontserbatorio eta orkestren egoitzak lako zentro espezializatuetan doban banatuko diranak. Horregaz batera, uriko udal liburutegien webgunearen bitartez http://www.bilbao.net/bibliotecas, Juan Crisostomo de Arriagari eskainitako atari berezi batera sartu eta bere obren partitura digitalizatuak zehaztasun handiko bertsinoan deskargetako aukerea dago.

Goienkalean jaiotako musikagilearen heriotz goiztiarra eta bere lanari egindako aldarrikapen berankorraren eraginez, kasu askotan, ‘jatorrizko’ partiturak ez dira bere eskuz idatzitakoak, senideek edo laguntzaileek egindako transkripzinoak baino. Beste kasu batzuetan, ez dira eskuz idatzitakoak be, argitara emondako lehen edizinoetatik ataratakoak baino, gehienak Arriaga hil eta mende bat geroago plazaratutakoak, XX. mendearen hasieran. Agiri honeen interesa han-hemenkako artxiboetan topetako egindako ahaleginetik dator, Iruñeko Kaputxinoen Anaidiatik hasi eta Estokolmoko Nydahl Bilduma edo Almagroko Antzerki-Museo Nazionaleraino, Madrilgo Musikearen Errege-Goi Kontserbatorioko liburutegia edota Madrilgo Udaleko Musika-Liburutegia be tarteko dirala.

Liburuki honetan nahiz faksimil edizino honen aurreko liburukietan, obra bakotxari buruzko aurkezpen eta azalpen testuen egilea Joaquin Perez de Arriaga izan da, musikariaren familiaren ondorengo zuzena eta haren musika-ondareari buruzko aditurik nabarmenenetakoa. Perez de Arriaga Madrilen bizi da gaur egun, eta Bilboko Udalagaz eskuz esku lan egin dau Bigarren Mendeurreneko omenaldi ekitaldiak antolatzearren.

Ondokoak dira azken faksimil liburuki honetara batutako tituluak:

- Fa Minorreko Sinfonia, Obertura Opus 1 izenaz be ezagutzen dana. Musika Konpositoreen Espainiar Alkarteak 1920an argitaratutako edizinoa berregin da, Madrilgo Udaleko Musika Liburutegiaren baimenaz.

- Stabat Mater, Röder-ek Bilbon plazaratutako edizinoan. Ez dago dataturik, baina XX. mendearen hasieran argitaratu zala uste da. Partitura hau Madrilgo Musikearen Errege-Kontserbatorioko Liburutegiaren baimenaz berregin da.

- O Salutaris Hostia, Röder-ek 1907an Bilbon plazaratutako edizinoan, Madrilgo Musikearen Errege-Kontserbatorioko Liburutegiaren baimenaz berregin da.

- Romanza, Jose de Sobejano y Ayalak idatzi eta Madrilgo Calcografía de Bartolomé Wimbs argitaletxeak 1826an argitaratutako ‘El Adam español o Lecciones melódico-progresivas de forte piano' liburuaren barruan plazaratu zana. Madrilgo Liburutegi Nazionalaren baimenaz berregin da.

Juan Crisostomo de Arriagaren jaiotzearen bigarren mendeurrena ekitaldi-egitarau zabal batez ospatu zan 2006 urtean hasi eta 2007ko urtarrilera arte. 80.000 persona baino gehiago hurreratu ziran okasinorako antolatutako ekitaldi publikoetara, kontzertuak, jentaurreko ekitaldiak, erakusketak, berbaldiak eta Interneteko atari baten sorrerea tarteko zirala. Aparteko aitamena merezidu dau musikagile bilbotarraren azken materialak ikertu eta jentearen esku jarteko ahaleginak. Bigarren mendeurrenaren harian, liburuak, diskoak eta bere lan osoen edizino kritikoa argitaratu ziran, eta bere eskuz idatzitako partitura guztiak formatu digitalera pasau dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu