Leioako Udalak ‘Liburujatun’ irakurketa jokoa antolatu dau hirugarren urtez

Bizkaie! 2008-02-06 18:15

Aurten proposaturiko liburuak ondokoak dira: ‘Egunero hasten delako’ (Ramon Saizarbitoria); ‘Hamar urte barru’ (Joxe Belmonte F. de Larrinoa); ‘Han goitik itsasoa ikusten da’ (Julen Gabiria); ‘Korapiloak’ (Jasone Osoro); eta ‘Kutsidazu bidea Ixabel’ (Joxean Sagastizabal).

Leioako Udaleko Kultura Sailak, Udal Liburutegiak eta Euskara Zerbitzuak hirugarren urtez antolatu dabe irakurketearen inguruko ‘Liburujatun’ izeneko jokoa, eta aurten aldaketa eta barritasun ugarigaz, antolatzaileek gaur adierazo dabenez.

‘Irakurteak misterioz beteriko mundu anitzetara garoaz. Batzuk gustura sartzen dira bidaia horretan eta beste batzuei, barriz, asko kostetan jake letretako zubi hori zeharkatzea. Horregaitik, liburuez gozetako eta irakurketearen alde ludikoa azpimarratzeko 'Liburujatun' irakurketa jokoa abiarazo dogu’, azaldu dabe.

Gauzak holan dirala, antolatzaileek bost liburu irakurtea proposatzen dabe eta horreen inguruan egingo diran galderei erantzun behar jake ondoren. Aurten proposaturiko liburuak ondokoak dira: ‘Egunero hasten delako’ (Ramon Saizarbitoria); ‘Hamar urte barru’ (Joxe Belmonte F. de Larrinoa); ‘Han goitik itsasoa ikusten da’ (Julen Gabiria); ‘Korapiloak’ (Jasone Osoro); eta ‘Kutsidazu bidea Ixabel’ (Joxean Sagastizabal).

Liburua irakurri dala jakiteko sei itaun egingo ditue antolatzaileek. Galderek erantzun zehatz-zehatza izango dabe, eta liburuan bertan dagoan informazinoaz baliatu beharko da lehiakidea. Liburuen galderak liburutegian eta bere web-orrialdean (www.bibliotecaspublicas.es/leioa/) edo Kultur Leioako webgunean eskura daitekez.

Jokoa 16 urtetik gorakoentzako da, eta bi kategoria dagoz: euskera eta gaztelania. Kategoria bakotxa besteagazko independientea da, beraz, batean edo bietan parte har daiteke. Kategoria bakotxak bere liburu zerrendea dauka, liburuetako bat biotan bardina dalarik. Bi kategorietan parte hartzeak sari berezia izango dau.


Sariak

- Bi personentzako afaria Hotel Artazan
- ELKAR Megadendetarako 50 €ko sei norbanako bale
- Kategoria bietan parte hartzen dauenari (eta liburu guztietan puntuazino erdia lortzen baldin badau) Irakurle Elebidun Sari Berezia emongo jako, hau da, 2008 urterako Leioako Kultur Lagun Txartela.

Azken buruan, martiaren 31ra arte dago erantzunak entregetako epea, eta Kultur Leioako Liburutegira eroan beharko dira, astelehenetik barikura 9:00etatik 20:00etara. Gainera, liburutegia@leioa.net helbidera be bialdu daitekez, ‘Liburujatun’ jokorako dala zehaztuz, datu guztiak jarriz. Apirilaren 23an, Liburuaren Nazinoarteko Egunagaz bat eginez, sari banaketea izango da 18:00etatik aurrera Kultur Leioan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu