Angel Corellak Arriagan egingo dau jantzan
2008-02-04 14:53 KultureaBilboko Arriaga antzokian jantza-gala bat izango da Angel Corellaren eskutik. Zezeilaren 4ean eta 5ean, 20:00etan hasita, Corellak jantza klasikoko programa bat eskainiko dau, Philip Glass eta Ricardo Drigoren piezakaz eta George Bikadze eta Marius Petiparen koreografiakaz.
Bilboko Arriaga antzokian jantza-gala bat izango da Angel Corellaren eskutik. Zezeilaren 4ean eta 5ean, 20:00etan hasita, Corellak jantza klasikoko programa bat eskainiko dau, Philip Glass eta Ricardo Drigoren piezakaz eta George Bikadze eta Marius Petiparen koreografiakaz.
Hasiera batean, emonaldi bakarra egoan programauta, baina sarreren eskaera handiaren aurrean, antolatzaileek bigarren ikuskizun bat eskaintzea erabagi dabe.
Corellak bi zatitan eskainiko dau programea. Lehenengoa, 'Celaje' izenekoa, Philip Glass konpositorearen omenez egindako monografikoa da, George Birkadze georgiarrak sinatzen dauena; Birkadze, koreografoa izateaz gan, jantzaria be bada. Bigarren zatia Ricardo Drigoren 'Suite del Corsario' izenekoa da. Bertan, Corellak Ali-ren rola interpretetan dau, Marius Petiparena dan koreografiaren barruan.
Jantzari madrildarragaz batera, Arriagako oholtzearen ganean beste hainbat jantzari izango dira: lehenengo zatian zortzi eta bigarrenean beste 14; tartean, Kataluniako Ballet Gazteko hainbat ikasle egongo dira.
Angel Corella bere izena dauen fundazinoko jantzari batzukaz dator Arriagara. Fundazioa Corellak berak sortu eban 2001eko abenduan jantza klasikoaren artea sustatzeko eta arrazoi sozial, ekonomiko edota beste izaera bateko arrazoiak dirala-eta aurrera egiteko laguntzinoa behar daben jantzariei bultzadea emoteko. Jantzarien artean bere arrebea dago, Carmen Corella.
Angel Corella
Angel Corella Madrilen jaio zan 1975ean eta lau urterekin balleta ikasten hasi zan bere arrebakaz batera. Hamar urte zituala, Victor Ullateren eskutik jantza klaseak jaso zituan Madrilen. 1991ko maiatzean, Espainiako Ballet Lehiaketa Nazionaleko Sari Nagusia irabazi eban eta Ullateren jantza konpainiako kide izatera pasatu zan. 1994ko abenduan, Pariseko Nazinoarteko Lehiaketako sari nagusienak irabazi zituan: Gran Prix izenekoa eta Bermeille domina.
1995eko apirilean, American Ballet Theatre izenekoan sartu zan eta, 1996ko abuztuan, 20 urtegaz, bertako jantzari nagusi bihurtu zan eta oraindino be horretan jarraitzen dau. American Ballet Theatre-eko jantzari nagusia izateaz gain, Londreseko Royal Balleteko izar konbidaua be izan da, baita Australiako Balletekoa, Milango Scalakoa eta Tokio, Txile eta Hungariako Balletetakoa be.
Bere ibilbidean, ballet klasikoaren rol nagusi guztiak interpretau ditu: Basilio "Don Kixote"-n; Ali eta Conrad "El Corsario" lanean; Printzea "Loti ederra" obran; Romeo "Romeo eta Julieta"-n; Danilo eta Camilo "Alargun alaia" obran; Sigfrido "Zisneen lakua"-n. Ballet neoklasikoko rol nagusienak be interpretau ditu, besteak beste, Jerome Robbinsen "Fancy free" eta G. Balanchineren "Tema y variaciones".
Angel Corellak New Yorkeko City Center-eko udagoieneko denporaldiaren estreinaldian egin eban jantzan, Cecilia Bartoligaz batera egindako lirikearen eta jantzearen galan.
Lirikeari ekin eutson "La danza de las Horas" lanean, "La Gioconda" operearen barruan, Leticia Giuliani jantzariagaz batera, bai Bartzelonako Lizeoan, bai eta New Yorkeko Metropolitan Opera House aretoan be. Emanaldi biek kritikearen eta publikoaren oneretxi zabala lortu eben. 2007ko urtarrilean, Los Ángeleseko Victoria Fundazinoaren aurkezpenean, Victoria gogoangarriaren off abotsak "O mio Bambino Caro" abesten eban bitartean, jantzan jardun eban.
Munduko pertsona ospetsu askoren aurrean egin dau jantzan, tartean Isabel II.a Erregina, Ingalaterrako Margarita Printzesea eta Amerikako Estadu Batuetako azken presidenteen aurrean be (Bill Clinton eta George Bush), Kennedy sarien sari-banaketan.
Bere ibilbidean, hainbat sari jaso ditu. Igaz, Urteko Jantzari izentau eben 'Dance Europe' nazinoarteko aldizkari ospetsuko irakurleek eta Jantzaren Arteari emondako Positano Saria irabazi eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!