Sei hilebete Txinaren jentaurreko aurkezpen ofizialerako (I)
2008-01-29 17:10 Bidaide2008ko 8aren 8an, goizeko zortziretan, herrialdearen historian izan dan espektakulurik handiena hasiko da. Txina eszenatoki erraldoi bihurtuko da eta bertan jazotakoa mundu guztiak ikusiko dau. Horregaitik, Gobernuak oraindino zarratu barik dagozan gaiak amaitutzat emon gura ditu.
Bizkaien, aurtengo abuztuan mundua liluratuta itxiko daben Joko Olimpikoen ganean idatziko dogu barriro. Pekin 2008 hortxe bueltan dago. Hilebete honetan, Txinarentzako azken probea izango dana ailegetako atzerako kontaketea marketan daben erlojuek 180 eguneko mugatik behera dagoz. Datozan sei hilabeteotan, Dragoi Handiaren uriburua eta, ondorioz, herrialde osoa munduko antzoki nagusia izango dira. Hamalau miloe biztanlek jarrera ia mendebaldarraren itxurea egin beharko dabe.
Urrunetik bada be, danek gura dabe parte hartu asiar erraldoia bete-betean sartuta dagoan espiritu olinpikoan. Eraztun olinpikoak eta 29. Olinpiadako maskota koloretsuak Pekinetik harago doan birus bihurtu dira. 1.350 miloe txinatar dagoz egun handia itxaroten. 2008ko 8aren 8an, goizeko zortziretan, herrialdearen historian izan dan espektakulurik handiena hasiko da. Txina eszenatoki erraldoi bihurtuko da eta bertan jazotakoa mundu guztiak ikusiko dau. Horregaitik, Gobernuak oraindino zarratu barik dagozan gaiak amaitutzat emon gura ditu. Dana egon behar da ondo. Arlo honetan ez dago zilarrezko dominarik.
Txina modu ofizialean munduko superpotentzia bihurtuko dauen pebeteroa biztuteko sei hilabete falta diranean, Joko Olinpikoetarako berenberegi diseinautako azpiegitura gehienenak prest dagoz honezkero. Pekinera herrialdetik kanpoko 5 miloe turista inguru etorriko dirala aurreikusten dabe, herrialdetik bertatik etorriko diran 120 miloe bisitariak baino askozaz gitxiago. Horreek danak aireportuko terminal barritik pasauko dira, hilabete honetan inaugurauko daben Norman Fosterren eraikin harrigarritik. Instalazino barria Londoneko Heathrow aireportuko bost terminalak danak batera jarrita baino handiagoa da baina, aldi berean, Britainiako uriburuko 5. terminala baino merkeagoa be bada eta denporearen herena emon dabe eregiten. Arpegi askok harridurea erakutsiko dabe aireportuen arloan munduko eraikuntzarik erraldoiena dana ikusikeran. Urtean, 66 miloe bidaiari itxaroten dira eta horrek, bidaiari kopuruen arloan, brontzezko domina emongo deutso Txinako uriburuko aerodromoari. Pausu hori oso garrantzitsua da, batez be orain arte bederatzigarren lekuan dagoala kontuan izanda.
Ailegau barri diranentzako, Fosterren terminalean hasiko da ezustekoz beteriko ibilbidea Olinpiaden harira goitik behera eraldatutako hamalau miloe biztanleko uriburuan. Txinaren harrotasuna dago jokoan, munduaren jentaurreko aurkezpena. Ezin da akatsik egon, turistak gustura egon behar dira XXI. mendeko mundu globalizatuaren lider izan gura dauen herrialdean. Ez da zeregin erraza izango. Azken kalkuluen arabera, urira 280.000 parte hartzaile inguru eta zazpi miloe ikusle zorrotz etorriko dira, azken horreetatik miloe erdi nazinoartetik eta danetariko gustuakaz. Trenez datozanek be onerako aldaketa nabarmena igarriko dabe. Pekin-Tianjin abiadura handiko linea barria martxan izango da, orduko 350 kilometroko abiadurea hartuko daben trenakaz. Ganera, Shanghaira joateko eta handik Pekinera etorteko trenen abiadurea be hobetu da.
Txina modan dago. Duda barik. Eta bide horretatik jarraitzeko, Gobernuak jakinarazo dau bisak orain arte baino arinago emongo dituala, ahalik eta jente gehien etorteko. Halanda be, agintariek hainbat arazo konpondu behar ditue oraindino. Lehenengo eta behin, kirol ikuskizunen sarreren salmentea. Internet bidezko salmentea hasi zan egunean, eskaria oso handia zanez, zerbitzariak guztiz kolapsauta geratu ziran eta orain dala egun gitxira arte ez da sarrera gehiago saldu. Ganera, milaka txinatarrek kontu handirik barik dabizanei saldu gura deutsiezan sarrera faltsuen mehatxua be badago. Polizia oso zuhur ibiliko da pirateria kontuakaz.
Baina ostalaritzeak emoten ditu burukomin gehien. Jokoek irauten daben bitartean, 5.780 hotel eta hostalek 646.400 oge inguru (horreetatik, 50.000 eraikin barrietan izango dira) eta milaka jatetxek kalidadezko jatekoak eskainiko ditue. Horretarako, Gobernuak igazko irailean hainbat garbitasun-kanpaina jarri zituan martxan eta, urte amaierarako, hainbatek ateak itxi egin behar izan zituen: herrialde osoko 49.200 jatetxe baino gehiago zarratu zituen lizentziarik ez izateagaitik; ganera, 79.000 inguruk isunak ordaindu beharko ditue garbitasun-maila minimoak ez beteteagaitik. Arlo horretan, burrukea oso bizia da.
Klimea da Joko honeen beste arduretariko bat. Baina, antza, Gobernuak arazo horri be urtenbidea topau deutso. Zientziari esker, Pekin euririk barik egongo da beharrezkoa dan bitartean. Uriburutik 120 eta 15 kilometrora, alkarren ondoan jarritako kainoiek osotutako hiru hesi edo barrera jarri ditue, Hebei probintzian. Danetara, hodeietara zilar-nitratoa botaten daben 7.000 artilleria-pieza dira eta, holan, euria egiten dau. Logikoa dan legez, hodeiek distantzia horretara botaten badabe euria, Uri Olinpikora ailegetan diranerako ez dabe ingurua urez beteteko indarrik izango. Teknika hori hainbat herrialdetan erabilten da, baita Txinako uriburuan bertan be, batez be sikatea dagoanean. Halanda be, oraingoan helburua oso bestelakoa da, kontrakoa. Gobernuaren esanetan, kilometro koadro bakotxeko gramu erdia jaurti ezkero, ez jako kalterik egiten ekologiari.
Baina, ekologistentzat, kontua ez dago horren argi. Euren ustez, 'Olinpiada Berdeak' leloa 'merchandising' hutsa da. Egia esateko, Pekineko kutsadurea antolatzaileen arazo nagusienetariko bat da. Udan, 40 gradutan uritik bueltatxu bat emon ezkero, laster konturatuko zarie kirol-probarik gogorrenak egitea ia ezinezkoa izan daitekela. Izan be, kutsadura mailea Munduko Osasun Erakundeak araututakoa baino askozaz be altuagoa da. Eta txarragoa be izan daiteke, herrialdetik horren hur dagoan Gobiko desertuko hareazko ekatxen bat etorri ezkero. Horreentzat alperrikoa da prebentzino-sistemak jartea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!