Blu-Ray irabazle

Gotzon Plaza Informatikoa 2008-01-21 10:35

Merkaduan, sasoi bateko disketeak atzean geratu eta unidade barriak garatu dira, CDa eta DVDa berbarako. Orain, nobedade barri bi dagoz eta euren arteko lehia sutsua da: HD-DVD eta Blu-Ray. Biak dira DVD baten antzekoak, baina kapazidade eta kalidade aldetik hobeak dirala dinoe.

Teknologia arloan be, egon badagoz gatazka gogorrak. Oraingoan komentauko doguna igaz hasi zan baina oraintxe agertu dira, antza, ondorio garbiak.

Denporan atzera egiten badogu, eta ez horrenbeste urte, datuak gordeteko unidade normala disketea zan. Orain, ia desagertuta dago eta CDak izan dira ondorengoak. CDaren ostean DVDak etorri ziran. Baina horreen atzetik be beste unidade batzuk garatu dira merkaduan, oraindino euren arteko lehia guztiz argitu barik egon arren: HD-DVD eta Blu-Ray sistemak dira horreek. Biak dira DVD baten antzekoak, baina kapazidade eta kalidade aldetik hobeak dirala dinoe.

Sistema bakotxak bere aldekoak daukaz: Toshiba (HD-DVD) eta Sony enpresak (Blu-Ray) dira produktu bakotxaren buruak. Igaz, biak ia-ia parean egon ziran. Baina, antza danez, gauzak aldatu egin dira.

Egunotan izan da Las Vegas urian (Nevada, AEB) Consumer Electronic Show (CES), teknologia arloko azoka erraldoia. Bertan, 140.000 bisitari baino gehiago eta munduko milaka enpresa izan dira. Azokan, Warner Bros enpreseak (filmak egiten dituana) honakoa zabaldu eban: orain arte HD-DVD sistemearen aldeko apustua egin arren, aurrerantzean Blu-Ray sistemearen alde egongo dala. Orain arte, Warner enpreseak sistema bietan iminten zituan bere pelikulak baina, aurrerantzean, Blu-Ray diskoak baino ez ditue erabiliko. Toshibak ez dau bape ondo hartu erabagia.

Orain arte behintzat, HD-DVD sistemea askozaz merkegoa izan da, baina tramankulu teknologiko danakaz pasetan dan legez, prezioak gero eta merkeagoak dira (eta izango dira). Horrek zer esan gura dau? Akaso gaur ez, baina bihar-etzi Blu-Ray diskoen prezioek nabarmen egingo dabe behera eta, orduan, prezioa ez da horren garrantzitsua izango lehia honetan.

HD-DVD sistemearen aldekoak Paramount, Universal eta DreamWorks Animation estudioak dira (Hollywood mailan). Blu-Rayren alde dagozan estudioak honeexek dira: Warner Bros, Walt Disney, 20th Century Fox, MGM eta Lionsgate.

Beste kolpe bat kontsumitzaileen eskutik etorri da: datuen arabera, Blu-Ray diskoek merkaduaren % 66 hartu dabe. Eta Blu-Ray diskoak irakurteko gai diran irakurgailuak kontuan izanda, merkatuaren % 85 lortu dabe. Arrazoia? Batez be, Play Station-3 bakotxak holako irakurgailu bat daroala. Eta beste kolpe bat Microsoft berak emon deutso. Microsoft HD-DVDaren aldekoa izan arren, euren Xbox 360 horretan Blu-Ray irakurgailu bat iminteko bidea zabalik dagoala jakinarazo dabe. 'Bezeroak agintzen dau', dinoe. Hori jazoko balitz, sistema bien arteko lehia amaitzear dagoela esan daiteke eta, jakina, irabazleak Sony eta bere Blu-Ray izango litzatekez.

Dana dala, industria arduratuta dago. Sistema batek zein besteak irabazi, beste galdera bat sortu da azken urteotan: euskarri horreek luzaroan iraungo dabe? Banda zabaleko konekzino gero eta gehiago egonda, eta Internet sareak emoten deuskuzan abantailak aprobetxauta, filmak horrelako euskarrietan gordetea zentzuduna da? Askoren ustez, amaierea heldu da, hau da, datozan urteotan ez dogu ez CD ezta DVDrik erosiko, film bat ikusi gura izan ezkero Saretik deskargauko dogu eta kitto. Orduan, beharbada, memoria-txarteletan gorde ahal izango dogu deskargautakoa eta akabo istorioa. Gure ordenagailuari holako memoria bat itsatsi eta nahikoa izango dogu, edo zuzenean gure telebistako memoriara deskargau. Edo, akaso, gure eskuko telefonoak gai izango dira horretarako be. Batek daki.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu