Taiwanek pausu bat emon dau Txinarantz

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2008-01-14 11:26   Bidaide

Taiwaneko pasa dan zapatuko legegintza-hauteskundeetan, arlo independentisteari lepoa emon eutsien. Ugartearen historia demokratiko laburrean arlo horri ezezkoa horren argi emoten jakon lehenengo aldia izan da. Boto-emoileek Gobernuan egon dan Alderdi Demokratiko Aurrerakoiaren ustelkeria eta ekimen ekonomiko eza zigortu ditue.

Taiwaneko pasa dan zapatuko legegintza-hauteskundeetan, arlo independentisteari lepoa emon eutsien. Ugartearen historia demokratiko laburrean arlo horri ezezkoa horren argi emoten jakon lehenengo aldia izan da. Boto-emoileek Gobernuan egon dan Alderdi Demokratiko Aurrerakoiaren ustelkeria eta ekimen ekonomiko eza zigortu ditue eta, 113 jarlekuko parlamentuan, partidua 27gaz geratu da. Ganberako kide batek dinoan legez, hemizikloan garrantzia galdu dau.

Bitartean, Txinara hurreratzeko aukereak, Kuomintang Alderdiak, arrakasta itzela izan dau eta parlamentuko hiru laurena lortu dau 81 jarlekugaz. Alderdikideak eurak be harrituta egozan. Orain, Konstituzinoa aldatzeko eta Gobernuko presidentearen kontrako mozinoak aurkezteko indar nahikoa dabe. Halanda be, martiaren 22ra arte ez da jazoera berezirik izango. Orduan amaituko da lehendakaritzarako hauteskunde-prozesua eta, oraingoz emoitza garbia izan arren, gauzak ez dagoz bape argi.

Legegintza-hauteskunde honeetan, botoa emotera joan ez diranek dabe giltza. Parte-hartzea % 58koa baino ez zan izan eta, gitxienez, ehuneko hogei gehiago espero dira Estadu Burua aukeratzeko. Datu horrek Alderdi Demokratiko Aurrerakoiaren hautagai Frank Hsieh-i mesede egin leikio (Lehen Ministro izan zanean Bizkaie!-n alkarrizketea egin geuntson). Halanda be, Ma Ying-jieo da faborito nagusia, Kuomintang alderdiaren ordezkaria.

Bitxia bada be, orain arte Txinak ez dau hauteskunde honeen emoitzen ganeko balorazinorik egin, itxuraz, behintzat, aldekoak izan arren. Kuomintang alderdiaren helburua Txinagaz bat egitea da. Halanda be, asiar erraldoiak oraindino hasi ez dauen demokrazia-prozesua amaitu arte, ez da holakorik jazoko. Ganera, bat egiteko, herrialdeen arteko desbardintasun ekonomikoak be gitxitu egin behar dira. Baina danek dakie egunotan Pekinen nonork champagne botilaren bat edo beste zabalduko ebala emoitzak ikusterakoan. Chen Shui-bian presidentea baino, edozer da hobea eurentzat. Presidente horrek beti egin dau independentziaren alde eta lehendakaritza-hauteskundeen egun berean erreferenduma jartearen ekintzaile nagusia izan da. Holan, martian, 17 miloe boto-emole taiwandarrei Nazino Batuen Erakundean sartu gura daben ala ez galdetuko deutsie, erabagi horri Txinak betoa jarri deutson arren.

Argi dago taiwandarren apustua orain arte moduan jarraitzea dala. Kuomintang-en jarraitzaileek esaten eustien legez, demokrazia eta bakea gura ditue, ez independentzia. Orain arteko ‘status quo’ dalakoari eutsi, Txinagaz aurrez aurre jarri barik baina bateratze-prozesuari ekin barik, oraindino ez dabelako argi ikusten. 'Garrantzitsuena aldaketa ekonomikoei ekitea da, ugartearentzako ezinbestekoak baitira aurrera egiteko', esan eustan Dong Ping-jiao-k, KMT alderdiaren jarraitzaileak.

'Orain, barruko eztabaida prozesu sakona hasiko da', autortu eban Bi Khim-hsiao-k Alderdi Demokratiko Aurrerakoiaren legebiltzarkideak emoitzak ezagutu eta gero. Independentistek ez deutsie lepoa emoten jazotakoari. 'Desengainu itzela izan da baina herriak esaten deuskuna entzun behar dogu. Argi dago zigortu egin gaituela'. Oraindino ez dakigu zer pasauko dan. Askok, Kuomintang alderdiaren presidenteak herrialdeari egonkortasuna emongo deutsola uste dabe, etorkizunerantz begiratzeko. Kontuak kontu, Bizkaie!-k martiaren 22an jazotakoaren barri emongo dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu