Errenteriako Txistularien Bandeak eta Kukai dantza taldeak Isidro Ansorena omenduko dabe Bilbon

Bizkaie! 2008-01-08 14:59   Musikea

Euskalduna Jauregian izango dan kontzertuan (20:00etan eta doban), Isidro Ansorena hernaniar musikariaren ibilbide artistikoari errepasoa egingo deutse, emonaldian interpretauko dituen bere 14 piezakaz.

BilbaoMusikak antolatzen dauen eta euskal folklore tradizionala musika eta estetika abangoardistakaz alkartzen dituan ‘Asteazkenetan, Txistua benetan’ dobako kontzertuen zikloak jarraipena izango dau hilaren 9an, Errenteriako Udal Txistularien Bandeagaz, Kukai dantza tradizionalen konpainiagaz eta Errenteriako Musika eta Dantza Eskolako dantzariakaz.

Euskalduna Jauregian izango dan kontzertuan (20:00etan eta doban), Isidro Ansorena hernaniar musikariaren ibilbide artistikoari errepasoa egingo deutse, emonaldian interpretauko dituen bere 14 piezakaz. Honenbestez, txistularien banda errenteriarrak Ansorenaren ‘Birigarroa’, ‘Xamurra’, ‘Erromatarrena’, ‘Hau ere’, ‘Lehengo semea’ edota ‘Ana Mari’ lako piezak interpretauko ditu.

Isidro Ansorena txistu modernoaren eskolako bultzatzailetzat joten da. Konposaketa propioak egiteaz gan, Olaizola, Arteaga edo Iruretagoyena lako txistulariak musika tresna honetara hurreratu zituana da.

Ibilbide laburrekoa izan arren, Errenteriako Udal Txistularien Bandeak, 2003an jaio zanetik, ikuslegoeren onarpena lortu dau Ihauterietan, San Juanetan edota herriko buruhandi eta erraldoiakaz egin diran kalejiretan.

Euskal Herriko Txistularien Elkarteko kide da, eta herriko zein kanpoko jaietan eta hainbat ekitalditan parte hartzea ahalbidetu deutso. Xabier Vesga (zuzendaria eta lehenego txistua), Olatz Oliveri (bigarren txistua), Josu Izagirre (silbotea) eta Iraide Ansorena (atabala) dira taldea osotzen daben kideak.

Ganera, Kukai dantza taldeko hiru kidek emonaldia osotuko dabe euskal dantzen ikuskizunagaz. Dantza emonaldia Jon Maya Sein Errenteriako Musika eta Dantza Eskolako irakaslearen eta koreografoaren eskutik -orain bost urte talde honen sortzailea- eta Nerea Vesga eta Eneko Gil dantzarien eskutik izango da; bi honeek Gipuzkoako 2006ko Dantza Solteko irabazleak.

Maya, Vesga eta Gile hainbat herrialdetan ibili dira Kukai taldeagaz, ‘1937, gogoaren bidezidorretatik’ eta ‘OTEhITZAri BIRAKA’ lako koreografiak dantzatzen. Errenteriako Musika eta Dantza eskolako dantzariek be parte hartuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu