Gabonak Txinan
2008-01-02 14:37 BidaideZorionez, txinatarrek erantzi dabe Aita Noelen txanoa. Gogaituta nengoan edozein dendatan sartu eta irribarrea ahoan, dendariak muturrean bola zuriko gorro gorriagaz ondo etorria emoteaz.
Zorionez, txinatarrek erantzi dabe Aita Noelen txanoa. Gogaituta nengoan edozein dendatan sartu eta irribarrea ahoan, dendariak muturrean bola zuriko gorro gorriagaz ondo etorria emoteaz. Kokoteraino nengoan Shanghain edonon egozan koloreetako eta publizidadez jositako arbola erraldoiez. Edozer egiteko kapaz dira bezeroak erakarteko eta, normalean, kanpoko tradizinoak bertsinorik zelebreenean hartzen ditue. Aurten, Santa Claus, edur-oreinak eta kolore guztietako argiak ez dira falta izan.
Eta Gabon Gaua ospatzeko zer hobarik neska-lagunagaz afari erromantikoa baino eta, ahal dala, Txinako uririk oparoeneko jatetxe karu eta dotore horreetako batean. Chen Hueming, 28 urteko txinatarrak abenduaren 24ko gaua holan pasetea erabagi dau. Mahaia aldez aurretik erreserbetea asko kostau jako eta, azkenean, hirugarren aukereagaz konformau behar izan dau ze lehenengo bietan ez egoan lekurik. Dana dala, afari erromantikoa egin eben Chen Hueming eta bere neska-lagun Ge Xupingek Shanghaiko jatetxe dotore batean. ‘Gabonetako menu berezia aukeratu genduan, persona bakotxeko 350 yuanekoa’ azaldu dau. Gitxi gorabehera 35 bat euro dira, gitxieneko soldatearen erdia edo. Okasinorako Huemingek belarritakoak erosi eutsozan Xupingi egunotan merkealdiak eskaintzen dituen merkataritza-gune erraldoietako batean. ‘Normalean 23tik 25era preziorik onenak topau zeinkez baina belarritako barik ez neban geratu gura eta, beraz, apur bat gehiago pagau nituan hilaren 22an’. Gabon egunen esangura eta espirituaz itaundu ezkero, alkarri begira geratzen dira, isilik. Zer esan ez dakiela dagoz. ‘San Valentin antzekoa da, ezta? Aukera ederra AEBetatik datorren bikoteari erregaluak eta maitasun adierazpenak egiteko’ erantzuten dau Huemingek. ‘Eta umeei, horregaitik Aita Noelen txanoak’ dino Xupingek.
Txinako tradizinoan, budistea Mao etorri baino lehen eta ateoa komunismoaren garaipenaren ondoren, Gabonak ez dira sekula ospatu. Halan da be, enpresarioek atxakia perfektua ikusi dabe urtearen amaieran salmentak puztuteko. Txina eta neurri bako kontsumismoa eskutik doaz eta sasoi honetako mendebaldeko erosketak egiteko joera basatia txiki geratzen da. Txina Telecom be pozik egongo da. Gobernuak emondako datuen arabera, Gabonetako eta Urtebarriko jaiotan hiru mila miloe sms bialdu ziran. ‘Lagunei maitasun eta laguntasun adierazpenak bialtzeko eta subertea opatzeko erabilten ditue eskuko telefonoz egindako mezuak baina ez dabe zierikusirik izaten erlijinoagaz, ezta familiagaz be’ adierazo dau Xu Anqi, Shanghaiko Fudan Unibersidadeko soziologoak. ‘Tradizino bat baino ez da, Halloweenegaz pasetan dan legez eta gazteen artean sano arrakastastuak dira, izan be, mendebaldeko tradizino eta ohiturak modernidadearen ikur bezela hartzen ditue’. Merkataritza-gune, denda eta jatetxeetako arduradunak jakitu dagoz eta bolada honetan sekulako negozioa egiten dabe. Edurrik ez badau egiten, horretarako dagoz edur artifiziala egiteko makinak, era horretara, Santa Claus behar dan moduko giroan etor daiten.
Zorionez urte barriko zoramena be amaitu da. Shanghaiko plaza nagusienetan, Txinako tradizinoagaz bat ez datorren 2008. urteari ondo etorria emoteko atzera zenbaketa ospetsua amaitu da. Orain, barriz, hilebete pasatxo daukat lasai egoteko, txinatar urte barriko petardo hots basatia heldu arte. Oraindino ez dot turroirik probau eta eztarri-zuloan ez jat mahatsik trabes geratu. Suberte handikoak zuek!, kilo batzuk hartu eta kolesterola puztuko zenduezan. Orain gimnasiora joango zarie asko eta asko eta zelan edo halan aurre egin beharko deutsazue urtarrileko aldats gogorrari. Hauxe da kontsoletako dodan modu bakarra... Ah!, ahaztu barik, urtebarri on-ona opa deutsuet danori.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!