Kontuz! Kanon digitala dator
2007-12-26 18:05Todos contra el canon izeneko alkarteak miloe bat eta erdi sinadura batu ditu honezkero kanon digitalaren kontra. Azken buruan, bateren batek badaki sano aberastuko diran erakunde pribatuek zelan banatuko daben dirutza hori euren kideen artean?
Oraintsu onartu dau Espainiako Kongresuak kanon digitala. Aspaldiko kontua da eta behin baino gehiagotan aitatu dogu atal honetan. Politikoak, artistak (edo euren ordezkariak), industria eta zelan ez, bezero arruntak, guztiak saltsan sartuta gagoz eta guztioi eragingo deusku. Ondorioak baten baino gehiagotan azaldu doguz eta orain laburpena egingo dogu.
Historia guztiak legez, honek be hasierea dauka. Kanon hau artistei euren lanaren kopia pribatua bat egiteagaitik pagau beharreko diru-zerga moduan jaio zan. Lehen aldiz Espainiako legerian 1987an agertu zan, Jabego Intelektualaren Legearen barruan.
2003an, lehenego kanon digitala ezarri eben, CD eta DVDetarako, Asimelec (industriako ordezkariak) eta artisten eskubideak gestionetan dituen erakundeen arteko akordio bati esker.
2006eko garagarrilean, Jabego Intelektualaren Lege barria onartu eben. Kanona beste tramankulu digital batzuetara be zabaldu zan.
2006ko irailean, industriako eta artisten ordezkariek euren artean batzeko agindua dabe akordioa lortzeko asmoz baina ez eben holakorik lortu.
2007ko urtarrilean, ezadostasuna ikusita, Espainiako Industria eta Kultura Sailek finkatu eben zein tresna eta zenbateko zergea pagau bear izango daben. Aitatu sail bien arteko tirabirak be handiak izan dira, jakina, sektore desbardin biren interesak defendidu behar dituelako.
2007ko urrian, hika-mika askoren ostean, sail biek akordioa berbatu ebene baina ez zan ofizialdu Espainiako Aldizkari Ofizialean argitu arte. Itzura guztien arabera, kanona 2008tik aurrera ezarriko da.
2007ko abenduan, Espainiako Senatuan ezusteko galanta izan da: ICVko senatorea dan Joan Guillot-en proposamea onartu eben. Honen arabera, gobernuak urtebeteko epean Legea aldatu beharko dau kanona ezabatuz. Alderdi Popularrak baietza emoten deutso honi (orain arte ez da holakorik izan, kanonaren alde agertu dira eta). Beraz, zaparrada galanta egon da egunotan: SGAE hor dago sutan, Espainiako gobernuak be ez daki zer pasauko dan eta legea barriro Kongresura bueltauko da.
2007ko abenduaren 20an, barriz, Legeari buruzko botazinoa izan zan Kongresuan. Eta espero zan legez, kanonaren aldekoek irabazi eben. Aldeko botoa emon eben, Alderdi Sozialisteak, CiUk, Chunta Aragonesistak eta Ezker Batuak. Kontrakoa, ostera, Alderdi Popularrak eta Iniciativa per Catalunyak. Abstenidu diranak EAJ, BNG eta ERC izan dira. Hau bai izan zala zoro-etxea: Alderdi Popularra gazteen alde kanonaren kontra eta Alderdi Sozialistea SGAE-gaz bat eginda.
Kontuak kontu, gobernuaren kalkuluen arabera, kanonaren bidez batuko dan diru kopurua 110,2 miloetik 117,8 miloera artekoa izango da, ez gitxiago ezta gehiago be. Internautak, batez be, eta kontsumitzaile guztiok ez gagoz bape pozik holako ‘asmakizunagaz’. Badakizue, lehenengo pagau egin beharko da (badaezpada) eta gero gure errubakotasuna egiaztatu: oporraldietako argazkiak gordetako CD edo DVD edo disko gogorren bat erosten dogunean, gure dirua beste batzuengana doa (artisten eskubideak gestionetan dituen erakunde pribatuetara). Jakina, holako elementuekaz arte-lanak kopiau daitekez baina gauza bat da kopietako ‘gai’ izatea eta beste gauza bat ‘egitea’.
Ezelako baimenik barik, Internet-etik musika eta film asko deskargetan dira legearen kontra. Baina legea betez, eskuko telefonora, iPod edo ta MP3-ra abestiak deskargetea ez da delitua zenbateko zehatza pagauta. Kontua da ze bezeroak iPod, MP3 edota eskuko telefonoa erosten dauenean, kanon digitalaren legeari jarraituz, zergea pagau behar dauela. Musikea entzuteko erabiliko ez badogu be, musikea entzuteko gaitasuna dauen (ia danak) eskuko telefonoa erosten dogunean, prezioaren zati bat ditxosozko kanona izango da.
Gauzak holan dirala, bezeroak hasarre dagoz-gagoz eta www.todoscontraelcanon.es alkarteak miloe bat eta erdi sinadura batu ditu honezkero kanon digitalaren kontra. Azken buruan, bateren batek badaki sano aberastuko diran erakunde pribatuek zelan banatzen daben dirutza hori euren kideen artean? Dirua jaso bai, baina hortik aurrera iluntasuna da nagusi.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!