Judas Arrieta: ‘Arteari esker, ez nazana bihurtzen naz’
2007-12-21 14:25 Bidaide‘Pintore txinatarra izan gura dot’. Judas Arrietak (Hondarribia, 1971) argi dauka, baina ez erraz. Mazinger Z, manga komiki, japoniar heroi, Txinako propagandearen irudi eta kontinenteko zineak liluratuta hazi zan. Gaur egun ekialdeaz maiteminduta dagoan ‘freaky’ sentiduten dan oduko nerabearen neuronetan eragin zuzena izan eban Asiako koktel arriskutsuak. Orain hiru bat urte Txinako uriburura, Bijingera biziten joan eta bertan estudio bat zabaldu eban. Gobernuaren bi bekei esker eta Caja Madridek antolatutako ‘2006 Belaunaldia’ irabazita, artistearen eretxiz ‘kontrolautako kaosa’ dan herrialdearen ateak zabaldu jakozan. Artearen ikuspegi berezia dauka eta beste gauza batzuen artean, arteak iraungipen epea beharko leukela esaten dau.
Sasoi batean, hileta-zerbitzuetako enpresa bateko diseinatzaile grafikoa izan zan baina gaur egun hildakoen argazkiak egokitu eta moldatu beharrean, edozein txinatar artistarentzat ezinbestekoa dan Maoren erretratuaz arduratu izan da. ‘Micky Mao’, Arrieta jn.aren obreak, hau da, Maoren erretratu bereziak burukomin bat baino gehiago eragin deutsoz. Txinako zentsurearen egurra jaso eban eta egilearen obretako batzuk erretireteaz gan, barriro lider komunistea erretratetea ex profeso galarazo egin eutsien. Judasen erantzuna bidean da. ‘Turistak’ izenburupean, txinatar ikono politikoei eta Kultur Iraultzearen eragileari buruzko marrazki multzoa izango da. Edozelan be, ikusteko dago Txinako agintariei gustauko jaken ala ez.
1.- Badaezpada, maletak preparau dozuz?
Oraindino ez. Eta espero dot oraingoz egin beharrik ez izatea. Harritu egin ninduan Maoren irudia galarazo eustienean, batez be, kontuan hartzen badozu gaur egun Mao marketing sinbolo erabiliena dala, metxero, kamiseta eta salgai jar daitekeen edozertan. Nik Maoren irudia mundu mailan ezaguna dan ikono legez erabilten dot, zeozelan Txinako kontraesan nagusia islatzeko. Hori baino ez da ‘Mickey Mao’. Deskuiduan biztuko balitz, akaso, nire obrak gurago leukez egungo ‘merchandising’ basatia baino gehiago.
2.- Zure koadroak Asiako sinbologiaz ganezka dagoz: Mao bera, dragoiak, Buda... Zer esan gura dozun ulertuko ete dau publikoak?
Kasu askotan ez. Baina nire asmoak ez dira handinahikoak, jenteak nire obreagaz disfruteta baino ez dot gura. Nire aholkua da ‘lehenengo gozau eta gero itaundu zeure buruari zergaitik disfrutetan dozun. Marrazki bat beti da subjektiboa eta sentsazino desbardinak eragingo ditu begiratzen dagoanaren arabera. Horregaitik, nire erronka nagusienetakoa Txinara etorri, Txinako publikoarentzako euren kulturako sinboloak ardatz hartuta sortu eta txinatarrek egilea nongoa dan ez jakitea litzateke; hori guztia pop artea eta komunismoaren baloreak bat egitea lotsabakokeria galanta dala jakinik. Euren erreakzinoa aztertu gura dot. Mao ez eze, indarraren eta boterearen eredu diran dragoiak be erabilten dodaz eta lantzean behin Buda bat be marrazten dot bazter baten subertea emongo deustalakoan. Alde horretatik, txinatarren antzekoa naz, hau da, ez dabe ezertan sinistuten baina badaezpada ahalik eta sinbolo eta erritu gehien erabilten dabe.
3.- Hor ez da zure ausardia amaitzen, izan be, tarteka Txina eta Japoniako elementuak batzen eta nahasten dozuz...
Egia da. Gatxa izan arren, nahasketa horregaz bi herrialdeen arteko gorrotoa desagerrarazotea lortu gura dot. Baina batzuetan yxinatarrak hurreratu eta ez jakela gustetan adierazoten deustie. Artearen DJ sentiduten naz, kultura eta sasoi desbardinetako elementuen ‘remix’ edota nahasketa bereziak egiten dituana.
4.- Zergaitik aukeratu zenduan Txina eta ez Japonia?
Neurri handi batean, arrazoia praktikoa da. 2002an hiru hilebete emon nituan Japonian eta ‘hondamendia’ izan zan. Artearen ludopata hutsa naz, diru asko inbertiduten dauena zeozer lortu guran baina, jakina, gauza guztiek dabe amaierea, mugaeguna. Hemen estudio ona daukat eta Asiako ganerako merkatuak eskura dodaz. Gustoko dodan lana egiteko leku egokiaren bila dabilen etorkina naz. Horrezaz gan, Txinako arte panoramea ‘irakiten’ dago momentu honetan eta zoragarria da horren guztiaren lekuko izatea. Europan, barriz, ia dana dago eginda. Akaso, Berlin kenduta, artearen sektorea nahikoa geldi dago eta gehienontzat aukerak nahikoa urriak dira. Izen handiko artistentzako baino ez dago aukerarik.
5.- Artelanak dirutan zenbat balio dauen interesetan jake gehien txinatarrei?
Bai. Ezelako duda barik. Hemen karu saltzen dana baino ez da obra ona. Artelanak, pinturak eta bestelakoak ez ditue etxeetan jarten horma eta beste bazterren apaingarri, inbersinotzat hartzen ditue. Merkatuak sekulako ‘irakinaldia’ bizi dau gaur egun, denpora tarte txikian asko ugaldu dira arte galeriak baina zoritxarrez gitxi batzuk baino ez dira benetan interesgarriak. Txinan negozioa ez dago bateginik artearen kalidadeagaz eta oraintsu bape gustetan ez jatan giroa sortu da, lagunen arteko negozioak, mafiak eta holakoak baina gureztala be saltsa horretan sartu behar zara ze bestela, akabo. Patetikoa da mundu honetan artista izatea.
6.- Zergaitik patetikoa?
Ia inori ez jako artea interesetan eta zeozelan esateko ‘prostituitzen’ ez bazara ez dozu ezer saltzen eta bizimodua ataratea sano gatxa da. Esangura horretan, Txinan independentzia gehiago sentiduten dot.
7.- Inoiz plagio salaketak be dufridu dozuz...
Baina nork ez dau inoiz kopiau Danok egiten dogu. Batzuk inspirazinoa aitatzen dabe eta beste batzuk, barriz, estilo edo molde ezagunen mailara heldu gura izatea. Egia da, nire obra batzuen ardatza Asiako argazki eta koadro ezagunak dirala. Erreferentzia edo eredutzat hartzen dodaz eta gero nire ukutu berezia emoten deutset, elementuak aldatuz, apurtuz, desitxuratuz elementu barriak sortuz. Oinarria bera izan arren eta nirea izan ez arren, nire helburua Judas Arrietaren ikur edo eredu dan zeozer sortzea da, obretan erabilten dodan oinarria edo euskarria edozein izanik.
8.- Batzuetan oinarri hori zu zeu zara. Zure obretan neurri eta kolore askotako Judas Arrieta ugari dagoz...
Bai, Mazinger Z edo Txinako zein manga komikietako heroien mozorroa jazten dot sarri. Arteari esker, ez nazana bihurtzen naz, beti amestu izan dodan horretan bihurtzea. Marraztuz, zeozelan umetako asmoa bete dodala esango neuke, hau da, superheroi izatea, hain zuzen be.
9.- Zure lana ikusgai dagoz ohiz kanpoko bi lekutan: industrialde batean eta Shanghaiko Euskal Etxean...
Leku egokiak dira biak hain desbardinak diran bi munduren, hau da, Euskal Herriaren eta Txinaren topaleku izateko. Alde batetik, zenbait obra jarri dodaz MCC (Mondragón Corporación Cooperativa) taldeak Txinako lehenengo espainiar industria gunean eregi dauen baserrian; artearen eta industriaren arteko fusino hori oso interesgarria begitantzen jat. Horrezaz gan, Euskal Etxean erakusgai jarri dodazan obrakaz, bi kulturen arteko distantzia murrizten dala pentsetan dot eta hori nire sosrmen lanaren helburuetako bat da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!