Atzera begira

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2007-12-19 14:27   Bidaide

Ia hamar urte joan dira Asian lehenengoz egon nintzanetik eta bosturteko bat baino gehiago Bizkaie! jaio zanetik, nire objektiboak atrapetan ebana ezagutarazoteko aukerea emon deustan ziberespazioa.

Ia hamar urte joan dira Asian lehenengoz egon nintzanetik eta bosturteko bat baino gehiago Bizkaie! jaio zanetik, nire objektiboak atrapetan ebana ezagutarazoteko aukerea emon deustan ziberespazioa. Orain, barriz, Shanghaiko nire bulegoan jesarrita nago, begibistan kontinenteko uririk indartsuenaren ehunetik gora etxe orratz dituan (horreetako asko ez egozan 1998an) zerumugea dodala eta lehenaldiko eta bizitako egoeren irudiak pilatzen jataz buruan. Ez dakit zergaitik baina atzera begiratzeko momentua dala uste dot eta Bizkaie!-ko irakurleakaz konpartiduteko momentua.

Agerkariaren zero zenbakian Luang Prabang, Laoseko uririk garrantzitsuenari eta nire uri faboritoenarei buruzko erreportajea argitaratu neban. Erreportaje hori eta haren ostean etorri ziran beste batzuk Nikon argazki makina zahar batez armaturik, aurrean neukan mundu barria gura ebanari erakusteko gogoz egoan gazte burugogor baten ondorioa izan ziran. Sasoi haretan ikasgelara sarri-sarri joaten ez zan kazetaritzako ikasle bat baino ez nintzan, batutako diru apurrak Ekialde Urrunean gastetan zituana. Bizkaie!, Deia eta Radio Euskadi izan ziran lehenengoak apur bat zoratuta egoan 19 urteko gaztearen jarrera, egintza eta egitadetan sinistu ebenak. Bost urteko tartean, goitik behera aldatu dira gauzak.

Hilebete bateko eta biko bidaiakaz hasi nintzan baina laster hasi nintzan urtean birritan 3 eta 4 hilebetekoakaz. 2005ean, barriz, Asian denpora gehiago egin neban Europan baino. Ordurako Bizkaie! astekaria zan eta azken sei urteotako bidaidea, hau da, motxila zaharra bazterrean itxi eta maletea erosi behar izan neban. Tarteka-marteka labezomorro eta bestelako piztirik bako hotelak be aukeratzen nituan eta ikerketa kazetaritzan lehen pausuak emoten hasi nintzan. 2002an ezusteko ederra izan zan Nepaleko gerrilleagaz bat egin nebanean eta 2003an, barriz, AEBetako tropen jarraipena egin neban Ekialdeko Timorren, errealidade bereziaren barri jaso eta zabaltzeko asmoz gurata egindako kontaktua izan zan. Urte horretan ikasketak amaitu eta lizentziau nintzan. Ordutik ‘Bidaide’ irudi eder zein istorio triste zein salaketa eta gerra girokoen gordeleku izan da.

2004. urtean, oraingoz nire lehen liburua dana argitaratu neban, ‘Asia, burdel del mundo’. Nire editorearen arabera, sano arrakastatsua izan zan baina beste batzuen antzera nik ez dot gauza handirik igarri kontu korrontean. Dana dala, El Pais, Berria eta Gara lako komunikabideetara salto egiteko balio izan eustan eta ez da gitxi. Asiaren indarra sekulakoa zan eta ordura arte ukutuezinak ziran Ekonomia edota Nazinoartea lako ataletan nire alkarrizketa eta erreportajeak argitaratzen hasi ziran.

2005ean bete-betean sartu nintzan mundu digitalean; Nikon zalea izanik, pixeletara pasau eta behin betiko ahaztu nituan diapositibaz betetako motxilak eta horreek eragiten eustiezan burukominak: hondatu egingo ete jataz? Ostu egingo ete deustiez? Mekong errekara jausiko ete jataz? Ardura eta burukominak aldatu egin ziran: Zelan pasau CDra? Segurtasun kopiak bialduko ete dodaz etxera? Bidaiak egiteko modua be goitik behera aldatu zan. Sasoi bateko lasaitasuna eta paisajeakaz disfrutetako momentuak ia erabat desagertu ziran. Erreportaje eskaerak pilatzen hasi jatazan eta hasierako bidaiari espiritua be zeozelan galtzen joian, kazetari moduan erantzukizun handiagoa hartzen neban neurrian. Dana dala, zorionez, lantzean behin motxilea berreskuratzen ahalegintzen naz lekutako herrialdeetan galtzeko nahiz eta jakin, Internetek mundu globalizatuaren esklabu bihurtu gaituala ze gaur egun edozein bazterreko lastozko txabolan be topau zeinke Sarera konektautako ordenagailua.

Azken bi urteotan sano aldatu da nire bizimodua. Lehengo moduan bidaiak egiteko modurik ia ez daukat, Shanghain bizi naz barriemoile lanetan eta Euskal Herriko zein tirada nazionaleko El Pais eta aldizkari batzuekaz lan egiten dot. Horrezaz gan. Euskalasiako buru be banaz, Euskal Herriaren eta Asiaren arteko ekonomia, kultur zein arlo akademikoan alkartrukerako proiektuez arduratzen dan erakundearen buru. Motxilea lepoan jarri eta hanka egitea gatxagoa da niretzako eta, gainera, trajea eta gorbatea be erosi behar izan dodaz...

Shanghain iluntzen hasi da. Hotz handia dago eta geratu bako euria. Kaleetan neon argiak nagusitzen hasi dira eta munduko beste lurralde batzuetara bizipoza eroateko bidean dago eguzkia. Bulegoko atea zarratu eta egunotan mugarik bako kontsumismoak jota bizi diran txinatar urioleagaz burrukan egitea baino ez jat falta. Lehenengo urteak faltan hartzen dodaz, horrenbeste erantzukizunk barik bidaiatzeko moduagaz amesetan nago. Baina egungo egoerea be ez da txarra. Ikusten dodana eta kontetan deustiena hobeto erakutsi neikela uste dot. Ez noa albistearen bila. Kontinente honetan zer jasoten dan jakin gura dot. Hori, besterik ez. Espero dot Bizkaie!-ko irakurleek nire lana ezagutarazoteko leiho dan ‘Bidaide’ atalagaz disfrutetea. Nigaz batera hazi dan tartea da, nire bizitzagaz batera aldatu dana baina planetako kontinenterik populatuenaren errealidadea islatzen jarraitzen dauena.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu