Fermin Muguruzaren lan barriak

Gotzon Uribe 2007-12-13 11:41   Musikea

Fermin Muguruzak bere Talka diskoetxearen eskutik lan barri bi plazaratu ditu: 'Irun, Lion, Zion in Dub' eta 'Afro-Basque Fire Brigade - Tour 2007'. Azken horretan, bere azken birako irudiak, liburua eta DVDa jasoten dira.

Fermin Muguruzak bere Talka diskoetxearen eskutik lan barri bi plazaratu ditu: 'Irun, Lion, Zion in Dub' eta 'Afro-Basque Fire Brigade - Tour 2007'. Azken horretan, bere azken birako irudiak, liburua eta DVDa jasoten dira.

Jamaikar musika gustoko dauenak beti izan dau Fermin Muguruzaren musikan bertako erritmo beroak topetako aukera parebakoa. Afroamerikar jatorriko estiloen bultzatzaile eta, era berean, hornitzaile moduan ibili izan da beti Muguruza. Oraingoan, Durangoko azoka atzean itxita, bere Talka diskoetxearen eskutik atara ditu lan interesgarri horreek.

Batetik 'Afro-Basque Fire Brigade - Tour 2007' liburu formatuan plazaratutako lana dogu. Bertan, Fermin Muguruzaren azken birea erakusten da 500 argazkien bidez 200 orrialdetan: ordu biko DVD bat be badakar, osogarri legez. Paris, Durango, Iruñea, Donibane Garazi, Barcelona, Berlin, Mosku, Amsterdam, Mexico DF, Caracas, Habana, Tokyo, Donostia. Aparteko lekuko baten begiradapean. DVDan, igaz Barakaldoko BECen eginiko kontzertuaren laburpena jasoten da, kontzertu harek aurtengo birea eragin eban eta.

Bestetik 'Irun, Lion, Zion in Dub' diskoa dogu. Lan horretan reggae eta dub musikearen iturrietatik abiatuta, aurretik argitaratu bako hogeita bi kanta batzen dira. Igaz Barakaldoko BECen emondako kontzertuaren ondoren, beste bira bat egitea erabagi zuen eta aurten egin dau 'TALKA' Tour izeneko bira hori. Biran egoala sortu jakon disko hori egiteko ideia. Jamaikako Tuff Gong estudioaren sarreran egunero ikusten eban 'Iron Zion' murala. Bob Marleyren matxinadarako deia dira berbok. Hortik sortu eban Muguruzak proiektu barriaren izena.

Berez 'Zion' berbea reggae musikearen mundu ikuskeran erabilten dan kontzeptua da, modu geosimbolikoan, lur santua edo paradisua azaltzeko eta zonalde zehaztu moduan: Afrika kontinentea. Babilonia edo esklabutza eragiten dauen sistema apurtu eta Zion sortu, mundu bidezkoago bat. Lurra bera litzateke, beraz, Zion.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu