Ba al dakizu zure ‘ositoa’ nondik etorri dan?
2007-12-05 18:29 BidaideTxina jostailuen supermerkatu bihurtu da; jostailu fabrikak edonon dagoz eta milaka behargin dabilz hartzak, untxiak, pinguinoak zein bestelako piztiak felpaz bete, ebagi eta josten beharrean. Kontuak kontu, kazetarion sekretupeko amarruetako bat erabiliz, argazki makina eta guzti fabrika horreetan sartu eta Errege Magoen negozioaren atzean zer dagoan ezagutzen lehenengoetarikoa izan naz.
Gurasoak gogaitzeko beste, umeek milaka galdera egiten ditue euren jakinmina asetzeko gogoz baina normalean jostailuak nondik datozen ez deutsie ardura. Gitxi asko badakie nondik datozen edo nork dakarzan: hurreko bateren batek, Olentzerok menditik edota Errege Magoek ekialdetik. Mundu globalizatuan, azken aukera hori izan daiteke zuzenena. Edozelan be, umeei ez jake esaten Erregeek non eta zelan lortzen dituen peluxe edo felpazko panpin dotore horreek. Mendeetako esperientziadunak izanik, kostuari begiratzen deutsie eta, esangura horretan, Txina jostailuen supermerkatu bihurtu da; jostailu fabrikak edonon dagoz eta ehundaka edo milaka behargin dabilz hartzak, untxiak, pinguinoak zein bestelako piztiak felpaz bete, ebagi eta josten beharrean. Kontuak kontu, kazetarion sekretupeko amarruetako bat erabiliz, argazki makina eta guzti fabrika horreetako batean sartu eta Errege Magoen negozioaren atzean zer dagoan ezagutzen lehenengoetarikoa izan naz. Bizkaie!-rentzako barri fresko-freskoa, beraz.
Fabrika itxurarik be ez dauka. Adierazkortasunik bako adreilu gorrizko bloke bat da eta bertara heltzeko kale estuez osotutako labirintoa dago, jaubearen Audi A-6, 2.4 erraldoia sartzeko ia lekurik ez dagoalarik. Hiru pisutan 45 behargin dabilz burua altxau barik beharrean, laster gurean ikusiko doguzan bihotz formako panpinak egiten. ‘Maite zaitut’ idatzita daroela, gure kaleetako txinatar dendetan ugari ikusiko doguz San Valentín egunaren inguruan. Jaubeak 32 zentimoan salduko ditu, bihotza sakatuz, grabautako ahotsez ‘Maite zaitut’ dinoan peluxea, Euskadin, jakina, askosaz karuago jarriko dabe salgai. Bidean geratuko dira Audi, BMW eta ganerako lujoak. Eta holakorik ez dau disfrutauko Wen Xigi, 24 urteko beharginak, Hilean 120 euro jasoten ditu eta egunean hamaika eta hamabi ordu egiten ditu bihotzak ‘josten’.
Bigarren pisuko beharginek jatorri plastikoa dauen PP izeneko algodoiagaz beteten ditue ezelako osasun babesik barik. Substantzia hori eskuz lantzen daben behargin bik baino ez dabe erabilten papelezko maskarea. Xiqik ez dauka maskararik. Gizajoaren ardura nagusia beharra sasoiz amaitzea da, holan egin ezean multea pagau beharko dauelako. Josten abila da, makineagaz baino azkarrago egiten dau eta kalidadea sekulakoa da.
Beharginen lan baldintzak eta osasuna bazterrean itxi eta kalidadea da azken aldion Txinaren burukomin nagusia. Jostailuak egiteko erabilitako plastikoan substantzia arriskutsuak egozalako Mattel etxeak miloeka jostailu bueltan hartu behar izan ditu eta Txinako industria jostailugilea kolokan egon da. Dana dala, sektoreko hiru enpresario alkarrizketatu ditut eta hirurek esan deustie Mattelen kasuak ez deutsela kalterik egin. Euren bezero nagusiak kanpoan negozioak ezarri dituen txinatar jatorriko herritarrak dira nahiz eta jostailu empresa handi batzuen hornitzaile be izan. Munduko jostailu gehienak Txinan produziduten dira eta nik bisitau dodazan hiru enpresak Yiwu urian dagoz.
Zentro garrantzitsua da eta kaleetan ohikoa da mendebaldeko lagunen presentzia, proportzinoan Shanghai uri modernoan baino gehiago. Merkatu handizkaria dago Yiwuren erdigunean eta hor jostailuak protagonismoaren bila dabilz lanpara, sukaldeko objektu, boltso eta enparauen produkzino gune garrantzitsua dan urian, Zhejiang probintzian, Txinako ekialdeko kostan. Negozio handia dago inguru horretan eta kalean dabilzan autoak ikustea baino ez dago. Txinako erdialdetik probintziara behar bila eta nekazaritzan baino diru gehiago irabazteko gogoz doazenak milaka dira. Hori da Xigiren kasua. Hilero 40 euro bialtzen ditu etxera eta hori ezinezkoa izango litzateke haren jatorrizko probintzian, Sichuanen, hain zuzen. Halan da be, horretarako Xigik fabrikako hirugarren pisuan egiten dau lo, egurrezko ohean eta berogailurik barik (abenduan gauez zero gradu inguru izaten dira).
Hobeto bizi dira bisitau dodan bigarren fabrikako beharginak. Marka propioa daukan multinazionala da, gehienbat kontinente amerikarrera esportatzen dauena. Danetara, 600 behargin dira eta tartean diseinuaren ardurea dauen taldea be badago. Kalidadea da ardura nagusia. Beharginen lan baldintzak ez dira txarrak, guretzat negargarriak izan arren. Fabrikatik kanpoko gelak ditue lo egiteko, berogailu eta guzti. Baina presazko eskabideak dagozanean, ohikoak izaten dira 14 orduko lan saioak. Bisitau dodazan beste bi enpresetan, barriz, argazki bat ardatz hartuta, kapaz dira edozein jostailu produziduteko.
Harrigarria da AEBetako jostailu dendatan salduko dan Winnie the Pooh horren produkzinoan buru-belarri dabilzan beharginen arpegietan nekea ikustea eta aldi berean, peluxe horrek iparamerikar umeen artean zelako zoriontasuna eragingo dauen pentsetea. Jostailu horren prezioa ez dakit zenbat aldiz karuago jasoko dabe AEBetan, tartean diran guztiek irabazi gura dabelako. Zoritxarrez, horreetako batek be ez dau pentsauko jostailu horren atzen zenbat sufrimentu eta zenbat giza eskubide urratu diran. Baina hortxe dago zure ‘osito’ edo peluxe horren benetako izakerea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!