Ohe bat zeruan

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama Shanghai 2007-11-29 11:49   Bidaide

Shanghaiko Hyatt hotela munduko altuena da, baina Txinako dinamismoak etsai bi topau deutsoz. Modan dago zeruan lo egitea.

Publizidadeak egia dino. Shanghaiko Grand Hyatt hoteleko gela batzuk hodeiak baino gorago dagoz. Eguzkiak joten dauenean, laurehun metro baino goragoko ikuspegia, berba batean, zoragarria da. Txinako uriburu ekonomiko erraldoia zorioneko bezeroen hanketan dago. Gitxienez, gau bakotxeko 200 euro pagau behar da munduko hotel altuenean lo egiteko. Halan dabe, 'bost izar' honi laster kenduko deutsie titulu berezia. Baina, oraingoan, saria etxean geratuko da. Aurre-aurrean, hain zuzen be, honezkero Shanghaiko Munduko Finantza Gunearen egiturea lurretik 492 metrora baitago. Datorren garagarrilean, Hyatt barriak eraikin barri honetan zabalduko ditu ateak, 85. solairutik 93ra, danetara dagozan 101etatik. Ganera, anaiak baino kategoria hobea izango dau: sei izar. Zeozer gehiago?

Bai. Ritz-Carlton hotel-kateak iragarri dau Hong Kong urian eregite-fasean dagoan Nazinoarteko Merkataritza Guneko 118 solairuetatik azken hamahiruak hartuko dituala. Umeen joko bat izango balitz legez, kategoria Hyatt hotelarena baino hobea izango dala dinoe. Harrera-gelan zazpi izar izango ditu eta Dubaiko Burj Al-arab hotelak izan dauen errekorra parekatuko dau. Eraikina 2010erako amaituko dabe eta, munduan etxe orratz gehien dagozan britainiar kolonia izandako urian, altuena izango da. Eta, zelan ez, lujozko hotel gehien dagozana be bada.

Txinari altuera-gatxak ez deutso eragiten. Shanghain, Espainia osoan baino metro koadro gehiago eregiten dira eta, gehienak, 25 solairutik gorako etxe orratzak dira. Uriburua, Pekin, ez dabil oso urrun, batez be datorren urteko Olinpiar Jokoak dirala eta sortutako astrapaleagaitik. Asiar erraldoiak hutsetik hasi gura dau eta, horretarako, hondeatzeko makinek gau eta egun egiten dabe lan. Orain arte biziz beteriko auzo txikiak izandakoak basamortu itxurako guneak dira. Bi edo hiru solairutako etxe txikiak desagertu egin dira eta, euren lekuan, merkataritza gune erraldoiak eta kristal eta altzairu distiratsuz egindako bulego-eraikinak dagoz. 'Hutoi' tradizionalak dira herrialdeak bizi dauen eraikuntza-enpresen espekulazinoaren lehenengo biktimak. Urien erdigunetik bota ditue eta 20.000 lagunetik gora bizi diran apartamentuetan bizitera behartuta dagoz inguruko auzoren batean. Txina komunistean, kexeak ez dau ezertarako balio. Eraikin altuak eregitea da etorkizuna, paradigmatzat 'torre bionikoa' dauen eraikuntza muetea.

Eraikin horren diseinuan behar egin daben arkitektuen artean Gabriel Celaya espainiarra topau geinke. Eregi ezkero, eraikinak kilometro bateko altuerea izango dau. Shanghaiko gobernuak baiezkoa emon deutso proiektuari eta, zurrumurruen arabera, Sheraton enpreseak interesa erakutsi dau. Halanda be, oraindino ez dago konfirmazino ofizialik. Baina argi dagoana honako hau da: zeruan oheak eskaintzeko gerrea hasita dago honezkero. Eta gogorra izango dala aurrera daiteke.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu