Iparralde eta Georgia dira Durangoko Azokako beste protagonista bi

Bizkaie! 2007-11-28 14:08   Kulturea

Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Gerediaga alkarteak Durangoko Azokea Ipar Euskal Herrian ezagunago egin eta Azokan Iparraldeko produkzinoaren ezagutza zabaltzeko egitasmoa bete dabe.

Bestalde, etortekoak ziran Georgiako hiru idazleetatik bi ez dira etorriko.

Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Gerediaga alkarteak orain urtebete hasi eben alkarlanak Durangoko 42. Euskal Liburu eta Disko Azokan izango dau lehenengo emoitzea. EKEk eta Gerediaga alkarteak Durangoko Azokea Ipar Euskal Herrian ezagunago egin eta Azokan Iparraldeko produkzinoaren ezagutza zabaltzeko egitasmoa bete dabe.

Ondorioetako bat da Iparraldeko argitaletxe, diskoetxe eta alkarte gehiago izango dirala Azokan. Horretarako, Iparralde Gunea izango da. Orain arte, Iparraldeko hiruzpalau ordezkari izaten ziran Azokan, urtearen arabera. Aurten, danetara bederatzi izango dira: Maiatz (aurtengo Argizaiola saria), Gatuzain, Agorila, Amanita Records, Hatsa, Ikas, Euskaltzaleen biltzarra-Egan, ZTK Elkartea, My Jok World eta Les Amis du Museé Basque.

Abenduaren 8a da, batez be, Iparraldeko lanak ezagutzeko eguna. Izan be, arratsaldean, Durangoko Azokarako preparau dituen lan barriak aurkezteko ekitaldiak egingo dira Elkartegiko aretoan.

Bestalde, 'On!' izeneko gehigarria be argitaratu dabe alkarlanean. Iparraldean banatuko da eta Ipar Euskal Herriko euskaldunez gan, frantses hiztunek be Durangoko Azokea ezagutzeko aukerea izango dabe. Durangoko Azokan be banatuko dabe 'On!'.


Etortekoak ziran Georgiako idazleak ez dira etorriko

Gerediaga alkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Ertoba georgiarren euskal taldeak konbidauta, 42. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokara etortekoak ziran abenduaren 7an eta 8an Nugzar Tsikaluri eta Tamar Ebralidze Georgian dagozan idazleak, baita David Turashvili be baina, etorri ahal izateko, Georgian lortu beharreko agiriak jasoteko izandako trabak dirala eta, lehenengo biak ezin izango dira Durangora etorri.

Horreen ordez, David Bakradze idazle georgiarra etorriko da. Orain Italian dago eta bertatik etorriko da. David Bakradze kultura ministroa izan zan eta Georgiako ereserkiaren letragileetako bat.

Beraz, David Bakradze eta David Turashvili idazle georgiarrak izango dira Durangoko Azokan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu