'Azeria eta Lehoia' lanagaz amaitu dau Edorta Jimenezek 'Piztien itsasoa' trilogia

Bizkaie! 2007-11-27 14:37   Kulturea

'Balearen berbaroa' eta 'Sukar ustelaren urtea' nobelak dira trilogia horretako lehenengo lan biak.

Aurkeztu barri dauen lana eta, azken batean, trilogia osoa sorterriari, itsasoari, arbasoei... egindako oparia dala azaldu dau mundakarrak.

'Balearen berbaroa' eta 'Sukar ustelaren urtea' nobelei 'Azeria eta Lehoia' izeneko lana ganeratu eta orain dala hamar urte baino gehiago hasitako 'Piztien itsasoa' trilogiari amaierea emon deutso Edorta Jimenezek. Liburua gaur aurkeztu dau Bilbon, Txalaparta argitaletxeko ordezkari Mikel Sotogaz eta Elkar Fundazinoko kide Mikel Arrizabalagagaz.

Aurkeztu barri dauen lana eta, azken batean, trilogia osoa sorterriari, itsasoari, arbasoei... egindako oparia dala azaldu dau mundakarrak. Lehenengo lana Irati alabeari kontautako ipuinetan oinarrituta idatzi eban; bigarrena Roberta Gozzi italiarrari esker, 'lehenengo lana italierara itzuli izan ez baleu ez neukelako bigarrenagaz segiduko'; eta, hirugarren hau, Beatriz Estebanek bultzatuta, emakume horrek Sebastian protagonisteari deutson maitasuna dala eta. Holan ba, emakumeak izan dira protagonista Edorta Jimenezen ibilbidean.

Estilo aldetik, 'nobela arinagoa egiten saiatu naz; trilogian, protagonisteak hainbat gauza ezagutu ditu, etsaiak, gudak... Orain, etxera bueltau da eta trankilago dago'. Irakurleari irakurketea astun ez egiten ahalegindu dala azpimarratu dau mundakarrak, 'batez be itsasontzien deskribapenak dagozanean'.

Kritikarako tartea be izan da aurkezpenean, euskal idazleak geto moduan hartzen diranaren inguruan. 'Komunikabideetan ez gara ia existiduten, ez telebistan, ez irratian...', esan dau. Halanda be, esperantza egon badagoala igarri jako Jimenezi: 'irakurleak baditugu eta eurei esker bizi gara'. Hizkuntzea be izan dau berbagai: 'literatureak batzen du gure hizkuntzea'.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu