Mabi Revueltaren 'Los amantes ilusorios' obrea inaugurauko dabe Gernikako Euskal Herria Museoan

Bizkaie! 2007-11-23 10:41   Kulturea

Erakusketea 2008ko urtarrilaren 20ra arte egongo da zabalik.

Artisteak bere etxeko bainuontzia hartu eta museoan jartea erabagi dau, ostruken luma baltzakaz tapauta eta ikutzeko moduan iminita.

Bizkaiko Foru Aldundiak Gernikan dauen Euskal Herria Museoan Mabi Revuelta artista bilbotarraren 'Los amantes ilusorios' izeneko erakusketea inauguratuko dabe gaur. Erakusketea 2008ko urtarrilaren 20ra arte egongo da zabalik eta ohikoa baino tamaina handiagokoak diran 14 kopak eratzen dabe, foru erakundeak jakinarazo dauenez.

Erakusketa honetan, artisteak bere etxeko bainuontzia hartu eta museoan jartea erabagi dau, ostruken luma baltzakaz tapauta eta ikutzeko moduan iminita.

Pieza bakar hori ohikoa baino handiagoak diran 14 ardao-kopaz eratzen da. Kopa horreetariko bakotxa moketa argi batez tapauta dagoan euskarri zilindriko baten ganean dago. Hamahirutan, artisteak kristalezko azalerea serigrafiau dau era zirkularrean idazten diran esaldiakaz. Modu horretan, ikusleak derrigorrez egin behar dau ibilbide hori inprimidutako testu bakotxaren zentzua topau gura badau, baina ez da dana irakurtera ailegauko oinarri horreen kokapenagaitik.


Mabi Revuelta

Bilbon jaio zan 1967an. Arte Ederrak ikasi zituan Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta bertan lizentziau zan 1990. urtean. Hurrengo urtean modu profesionalean hasi zan bere lanak erakusten eta, ordutik, erakusketak egin ditu mundu osoko hainbat galeria eta museotan.

Tarteka New Yorken bizi izan da eta bertan parte hartu dau Marcelino Botín Fundazinoaren beka bategaz International Studio & Curatorial Program dalakoan.

Mabi Revueltaren lanak bere esperientzia personaleko dimensino guztiakaz konektetan dau eta horreek danek bat egiten dabe bizitzako beste alderdi batzukaz, hau da, horren eguneroko ikuspegikoak ez diranakaz. Arlo intimo horren eta publikoaren arteko erlazinoa argi adierazoten da, berbarako, Rizos de Medusa lako obretan, Guggenheim Bilbao Museorako berenberegi egin eban lanean, 2000. urtean.

Oraintsu, aukerea izan da bere obrak areto baten baino gehiagotan ikusteko, berbarako Estoniako Tallinn Art Hall-en, Islandiako Akureyri Museoan eta New Yorkeko Museum of Sex-en. Bere azken bi erakusketa indibidualak 2007an izan dira, bata Gasteizko Montehermoso Kultur Zentroan eta bestea Gernikako Euskal Herria Musoean gaur inaugurauko dana. 2005etik, lanak interneten ikus daitekez www.mabirevuelta.comwebgunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu