Bilboko Artelan Berreginen Museoak berredegitearen lehen urteurrena ospatuko dau

Bizkaie! 2007-11-21 17:24

Hamabi hilebeteotan, Museoak egundo ez bezelako bisitari kopurua izan dau, danetariko ekintzen eszenatoki eta auzoko bizitza sozio-kulturalaren eragile bilakatu dalarik.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpeko Bilboko Artelan Berreginen Museoak, Bilbo Zaharra auzoko Mariaren Bihotza eleiza zaharreko egoitza barrian berredegi izanaren lehen urteurrena ospatuko dau gaur. Hamabi hilebeteotan, Museoak egundo ez bezelako bisitari kopurua izan dau, danetariko ekintzen eszenatoki eta auzoko bizitza sozio-kulturalaren eragile bilakatu dalarik. Gaur goizean, lehen urteurren honegaz bat eginaz, Belen Greaves Kulturako foru diputaduak eta Sabin Atutxa Museoko koordinatzaileak lehen urte honetan egindakoaren balantzea aurkeztu eta abiarazotako proiektuen nondik norakoak azaldu ditue.

Zemendiaren hasierara arte, lehen urteurrena beteten dauenean eta suteen kontrako sistema aurreratu bat instaletako Museoa bost astetan zarratuta egon zala gogoan hartuta, 16.000 lagun baino gehiago (16.373) inguratu ziran San Frantzisko kaleraino Estaduko artelan berreginen bildumarik onena ikusteko asmoz. Kopuru honek ez dau aurrekaririk orain 80 urte inaugurau eta luzaz Mirasol Kondea kalean kokatuta egon dan Museoaren historia luzean.

Bilduma iraunkorragaz batera, -eskultura klasikoko artelan handien kopia zehatzak batzen ditu, besteak beste, Samotraziako Garaipena, Milosko Venus edota Migel Angelen Moises–, Museoa kokatuta dagoan Mariaren Bihotza XIX. mende amaierako eleiza neogotikoan egindako berregokitze lanak be publikoa erakarten lagundu daben faktorea izan dira, bertan antolatutako kultura eta gizarte arloko jarduerakaz batera.

Kontuak kontu, maiatzaren 18an, Museoen Nazinoarteko Eguna ospatzeko, ateak zabalik jardunaldia eta musika eta antzerkia tartekatu zituan ekitaldi-sorta antolatu zan. Aste Nagusian, familientzako tailerrak eratu ziran, eta azken aldi honetan, Mariaren Bihotza eleiza zaharra ‘Bilbo Zaharra Kulturarako Zubia’ programazinoaren egoitza nagusietako bat izan da, bertan erakusketak, kontzertuak, performanceak eta bestelako ekitaldiak antolatu diralarik; BAD Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiak be Museoko instalazinoak erabili ditu. Eta urte osoan, Museoan era askotako jarduerak antolatu dira, besteak beste, aurkezpenak, gizarte ekintzak, moda desfileak, hitzaldiak, sari banaketak edota enpresa topaketak. Era horretan, alderdi pedagogiko eta kulturalagaz batera, Museoa kokatuta dagoan San Frantzisko auzoaren eragile sozio-kultural bilakatu da.

Bestalde, Artelan Berreginen Museoak bere bokazino didaktikoa sustatu nahi dau ikasturte honetan, eta horretarako, bisita gidatuak abiarazoko ditu. Ekimen hau eskola-ikasleentzako programei eta irailean DBHko eta Batxilergoko ikastetxeei zuzenduta sortu ziran jarduera osogarriei erantsiko jake. Ikastetxe eta institutu ugarik parte hartu dau dagoeneko jarduera horreetan.


Jentearentzako bisitak

Publiko orokorrari begira, ordubete inguruko bisitaldiak antolatuko dira bariku eta zapatuetan, 18:00etatik aurrera. Horrezaz gan, zapatu eguerdian, ibilaldi bat egingo da Bilbon zehar, uriak XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran izan zituan aldaketak bertatik bertara azaltzeko asmoz. Proiektu hau ‘Uri Hezitzaileen Proposamena’ delako nazinoarteko proiektuaren barruan gauzatu da. Erreserbak bariku eguerdiko ordu bta baino lehen egin behar dira Museoan bertan (Tel.: 94 415 02 31 / e-posta: edumrab@telefonica.net).


Eskola-ikasleentzako bisitak

Eskola alorreko publikoari jagokonez, ‘Uri Hezitzaileen Proposamena’-ren barruan garatu dAn ‘Bilbo 0. Km’ programeak eskola-etapa desbardinetara egokitutako ibilaldiak planteau ditu urian zehar, uriaren eta honen historia, ondare eta ohituren ezagutzan sakontzeko asmoz. DBHri begira, Bizkaiko uriburuaren historia kaleko monumentuen eta eskulturen bitartez ezagutzeko aukerea eskainiko daben bi programa antolatu dira, eta Batxilergoko ikasleek, barriz, Bilboko errealidadea urigintzeari lotutako ikuspuntu batetik aztertu ahal izango dabe.

Bestalde, ‘Museoan’ deritzon ekitaldi-sortak Museoko bildumako artelanak erreferentziatzat hartzen dituezan programak batzen ditu. DBHrako diseinautako lau programetan, mobimentuak eskulturearen gainean dauen eragina, artelanari so egiteko ikaskuntza, arte-sorkuntzearen bidezko ideien transmisinoa edota gizakiaren irudikapenak historian zehar izan dauen bilakaerea lako gaiak aztertuko dira. Batxilergoari begira beste bi programa antolatuko dira: lehenengoa, ikusleak artearen esparruan dauen zereginaren inguruko hausnarketea dakarrena, eta bigarrena, Museoan dagozna eskulturen iruzkinen bidez ahozko adierazpena eta ideien egituraketarako gaitasuna sustatzeko xedea dauena, selektibidaderako lagungarri.

Horrezaz gan, ikastetxeek ordubete inguruko iraupena daben bisita gidatuak hitzartu ahal izango ditue, ikuspuntu orokor batetik abiatuta edota bildumako alderdi jakin baten inguruan, irakasleek erabagitakoaren arabera. Ikasturte honetan, Museoak bere funtsei buruzko unitate didaktikoak jarriko ditu ikasleen esku.

Informazino gehiagorako Museoko Hezkuntza Zerbitzura jo (Tel.: 94 415 02 31 / e-posta: edumrab@telefonica.net). Erreserbak gitxienez astebeteko aurrerapenaz egin behar dira.
Abenduari begira, udan egin zanaren moduko haurrentzako tailer bat iragarri da Gabonetako oporrakaz bat eginik. Era berean, datozen egunotan, Museoak antolaturiko marrazkigintza ikastaroan matrikuletako epea zabalduko da. Ikastaroa urtarrilaren 8tik martiaren 14ra bitartean egingo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu