Jean Nsonjiba Lokenga, Pax Romanako mundu osorako lehendakaria Bilbon
2007-11-14 14:36Afrika aldatzen ari da. Pax Romanako mundu osorako lehendakari eta Pax Romanako Afrikarako lehendakariorde Jean Nsonjiba Lokengaren arabera, ‘Afrikako ekonomia batez beste % 5 ari da hazten eta biztanleek gerra hotzaren sasoiko kolonia-oste aroan baino funtsezko askatasun gehiago ditue’.
Afrika aldatzen ari da. Pax Romanako mundu osorako lehendakari eta Pax Romanako Afrikarako lehendakariorde Jean Nsonjiba Lokengaren arabera, ‘Afrikako ekonomia batez beste % 5 ari da hazten eta biztanleek gerra hotzaren sasoiko kolonia-oste aroan baino funtsezko askatasun gehiago ditue’. Nazinoarteko Diru Funtsaren (IMF) azken datuen arabera, 2001tik afrikar ekonomiaren hazkundea mundukoarena gainditzen ari da. Ordutik hona, mundu osoko ekonomiaren hazkundea % 4,2koa izan da eta Afrikakoa, barriz, % 5ekoa.
Halan da be, Jean N. Lokengaren eretxiz, ‘oraingo hazkunde ekonomikoak ez dakar, nahitaez, bizi-baldintza hoberik afrikar herritarrentzat, eta funtsezko lehentasun batzuk arteztu behar dira gaur egun pobreziari aurre egin gura bajako’.
Gaur goizean Pax Romanako mundu osorako Lehendakariak Sabino Arana Fundazinoak eta Pax Romana erakunde katolikoak antolatutako mintegi batean parte hartu dau ‘Afrika. Bakea, adiskidetzea eta demokrazia’ izenburuko hitzaldi-sortaren barruan. Arratsaldean, barriz, 20:00etan, Lokenga jaunak berbaldi bat, ‘Aukerak eta erronkak: Afrikari falta jakozan kate-begiak’ izenburukoa, emongo dau Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan. Jean Nsonjiba Lokengak zenbait konturi ekingo deutse berbaldian, besteak beste, Kontinentean egiten ari diran aurrerapausu batzuk, bakea eta segurtasuna ezartzeko ahaleginak, erakunde demokratikoak eta arduratsuak eratu beharra…
Afrikaren erronkak
Lokengaren eretxiz, lehenengo erronkea azpiegiturena da. ‘Afrikak errepideak, portuak, elektrizidadea, komunikazinoak, hezkuntza eta osasun-zerbitzuak eregitea eta dagozanak konpontzea nahitaezkoa da, ondasun horreek barik ia ezinezkoa baita garapena munduko edozein bazterretan’.
Bigarren erronkea erreformak egin eta erakunde demokratikoak eregi beharra da. ‘Beharrezkoa da politika ekonomikoak aldatzea eta behar ez diran barne hesiak negozio-komunidadera zuzentzea’.
Hirugarren erronkea bakeagaz eta segurtasunagaz dago lotuta, ze Afrikaren lau azpierreginoetatik hirutan gatazka armatu larriak dagoz. ‘Afrikak polizia funtzionala eta armada-zerbitzu arduratsuak behar ditu’, nabarmendu dau.
Laugarren erronkatzat, Jean N. Lokengak uste dau pentsamoldea aldatu behar dala Afrikan. ‘Afrikar buruzagiek euren pentsamoldea aldatu behar dabe. Afrikan oraindino politikea da buruzagien diru-sarreren iturria eta pentsamolde hori ez dator bat garapenagaz’.
Pax Romanako mundu osorako lehendakari eta erakunde berorren Afrikarako lehendakariordeak argi itxi gura izan dau ‘nazinoarteko lankidetzea antzua izango dala Afrikan, baldin eta Kontinenteari laguntzen ez bajako funtsezko erronka horreek zuzentzen eta aukera bilakarazoten’. Ze ‘Afrikari dirua ezartzeak, Txinak egin dauen legez, horren truke konturik eskatu barik, ez deutso modu iraunkorrean laguntzen Afrikari, ezta funtsok azpiegiturak eregiteko erabilten badira be’.
Jean N. Lokengaren eretxiz, 2001ean eratutako Afrikar Batasuna da Afrikak behar dauen aldaketearen giltzarria. ‘Afrikar Batasunaren Erakundea (OAU), diktadoreek osotutako klub bat besterik ez dan hori, iraganeko kontua da’, adierazo dau. ‘Gaur egun Afrika Mendebaldeko Estaduen Ekonomi Erkidegoa (ECOWAS) eta Afrika Ekialdeko Erkidegoa (EAC) lako azpierregio-erakundeek garrantzi handiko eginkizuna beteten dabe. Afrika Hegoaldea Garatzeko Erkidegoagaz batera (SADC), ECOWASek eta EACk lurralde-integrazino baterako euskarri itxaropentsua osotzen dabe’.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!