MCCk bide barriari ekin deutso Txinan

Zigor Aldama 2007-11-14 11:40   Bidaide

Gaur, eguaztena, zemendiak 14, MCCk Txinan zabaltzen dauen lehenengo industrialdearen inaugurazino ofiziala egingo dau. Ekinbide aitzindari horretan sartu ahal izan da Bizkaie.

Gaur, martitzena, zemendiak 14, MCCk Txinan zabaltzen dauen lehenengo industrialdearen inaugurazino ofiziala egingo dau. Ekinbide aitzindari horretan sartu ahal izan da Bizkaie. Honezkero lanean dabizan lau fabrika bisitau doguz eta hango arduradunakaz egin dogu berba. Proiektua hiru zatitan egingo da eta horreetatik bi martxan dagoz honezkero. Ia 300.000 metro koadro, 500 behargin baino gehiago eta 30 miloe euroko inbersinoa.

Eregita dagozan lau pabiloien aluminiozko aurrealdeen atzean, begi urratuen ejerzitoa bizikletak edota fitness makinak montetan eta sueteetako seguridade elementuak probetan dabil. Fikzinozkoak emoten daben trajeak jantzita, transfusinoak egiteko medikuntzarako materiala aztertzen dabe. Orbea, Wingroup, Orkli eta Oiarso enpresen beharginak dira, jo eta ke lanean dabizan lau enpresenak. Beste lauren pabiloiak eregiten hasita dagoz honezkero eta, hirugarren fase batean, Ormazabal taldeko enpresak be sartzea negozietan dagoz orain. 'Pozik egongo naz miloe erdi metro koadro honeetan hamabost bat enpresa sartzen bagara', esan dau MCCko presidenteorde eta Txinako azpiegituren bultzatzaile Iñaki Otañok. Ez deutsoz inori be ateak zarratzen. 'MCCren ekimena da, baina bigarren fasean, honezkero, taldekoa ez dan eta euskal industriaren taldekoa izan gura ez dauen enpresa bat dago. Ez dogu inor baztertzen'.

'Proiektu honen estrategia honako hau da: hainbat enpresa ertainek bat egikeran sorturiko sinergia aprobetxetea eta eskutik joatea helburu beraren bila', azaldu dau Otañok. 'Herrialde honetan, tamainua bai da garrantzitsua eta, horregaitik, indarrak batzea beste inon baino ezinbestekoagoa da. Horrek asko laguntzen dau agintariakaz egin beharreko burruketan, lurra erosikeran, hornitzaileakaz, eregitzaileakaz eta baita eskulanagaz be', ganeratu dau Wingroup enpresearen ordezkaritza txinatarreko kudeatzaile Iagoba Agirregomezkortak. 'Euskal industria sarearen oinarrian, batez be, ETE Enpresa Txiki eta Ertainak dagoz. Horregaitik, ekimen hau oso interesgarria da ganezka dagoan merkadu txinatarreko konpetentzian sartzeko', gogoratu dau SPRI edo Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuko Txinako ordezkari Miren Madinabeitiak.

Industria gunea Kunshan herrian dago, Shanghai, herrialdeko uriburu ekonomikotik 40 kilometrora. 'Administrazino gunetik kanpo gagoz, baina Shanghaiko azpiegiturak oso ondo aprobetxetan doguz eta, ganera, lurzorua eta eskulana merkeagoak dira. Akaso, leku hau ez da egokia enpresa guztientzako, baina onura gehiago daukaz trabak baino', dino Orbea enpresearen Txinako kudeatzaile Unai Diegok. Orain dala hiru urte, Gobernuak industria gune barria hemen kokatzea erabagi eban; orduan, lur honeek arroz-soloak ziran eta, orain, autopistak eta mundu osoko enpresen eraikinak dira nagusi.

'Kontuan izan behar da Txina ez dala etorkizuna bakarrik, orainaldia baino', dino zorrotz Iñaki Otañok. 'Enpresek munduan egon gura badabe, hemen be egon behar dabe'. Horrek berregituratze oso garrantzitsua dakar, ordura arte mendebaldeko lan egiteko moduan erabateko aldaketea. Txinak mendebaldeko gizartean izandako inpaktuak bildurra eragin dau. Iagoba Agirregomezkortak badaki asiar erraldoia erronka handia dala euskal industria sarearentzako. 'Herrialde honegaz, eskulanen arloan ezin dogu lehiatu; beraz, bizirauteko, kualifikautako eskulana erabili behar dogu. Ezinbestekoa da balio erantsia sortzea eta, enpresearen ildoak definidukeran, Txina kontuan izatea, laster munduko potentzia handiena izango dalako'. Halanda be, nazinoartekotzeak ez dakar lanpostu-hondamendia. Mondragón Unibertsitateko ikerlari José Maria Luzarragak egindako ikerketa sakonaren erakusten dauenaren arabera, MCCren barruan, etxean lanpostu gehien sortu daben enpresak kanpoan be garatu diranak dira. 'Nazinoartean hazi ezkero, Euskadin be haziko gara', dino konbenziduta.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu