Georgiako literatura eta idazleak izango dira Durangoko 42. Euskal Liburu eta Disko Azokako konbidauak
2007-11-12 14:34 KultureaIgaz hasitako bidetik, Gerediaga Elkarteak Euskal Idazleen Elkarteagaz alkarlanean aurten be Euskal Herritik kanpoko idazleak konbidauko ditu Durangoko 42. Euskal Liburu eta Disko Azokara. Aurten Georgia izango da herrialde konbidaua eta horretarako, Ertoba euskal georgiar alkartearen laguntzinoa izan da.
Igaz hasitako bidetik, Gerediaga Elkarteak Euskal Idazleen Elkarteagaz alkarlanean aurten be Euskal Herritik kanpoko idazleak konbidauko ditu Durangoko 42. Euskal Liburu eta Disko Azokara. Aurten Georgia izango da herrialde konbidaua eta horretarako, Ertoba euskal georgiar alkartearen laguntzinoa izan da.
Azokearen aurtengo edizinoko konbidauak aurkezteko prentsaurrekoa emon dabe arduradunek Bilbon, eta bertan izan dira Jon Irazabal Durangoko Azokako zuzendaria, Fito Rodriguez Euskal Idazleen Elkarteko presidentea eta Tamara Gamilagdishvili Ertoba alkarteko presidenteordea.
Kontuak kontu, abenduaren 7an eta 8an Georgiako hiru idazle izango dira Durangon: David Turashvili, Nugzar Tsiklauri eta Tamar Ebralidze. Lehenengo egunean, azokea bera eta Durango herria bisitetako tartea izango dabe eta abenduaren 8an, barriz, Georgiako literaturgintzaz jardungo dabe 12:00etarako antolatutako berbaldian.
Georgia Europako ekialdeko estadua da, Kaukasoko eskualdean Itsaso Baltzaren ertzean kokatua. Mugakide Errusia eta Turkia ditu iparraldean, eta Armenia eta Azerbaijan hegoaldean. Uriburua Tblisi da.
Haur eta gazte literaturea da batez be nagusi Georgiako literaturgintzan. Gero datoz bidaiei buruzko liburuak, nobelak eta batez be eskolarako testuliburuak. Georgiako Hezkuntza Ministerioak, esaterako, gazteei zuzendutako liburugintzea sustatzeko lehiaketak be antolatu izan ditu. Horreetako baten garaile izan dan Litera argitaletxeko ordezkariak izango dira aurten Durangoko Azokan.
Georgian azken urteetan sortu diran idazleen alkarte edo fundazinoek ez dabe gobernutik diru-laguntzinorik jasoten. Georgiako Idazleen Elkartea, sobietar sasoiko alkartearen ondorengoa da eta apurka ospea ez eze kideak be gitxitzen doaz. Gaur egun, herrialdeko bi banketxek argitaletxeei begira lehiaketak antolatzen ditue eta tartean urteko liburua aukeratzen dabe.
Georgian be badabe liburu azokea. Orain dala zortzi urtetik Tbilisiko Liburu Azokea egiten dabe herrialdeko 60 argitaletxeren partaidetzeagaz. Horrezaz gan, apirilaren 23an, Autore Egileen Eskubideen Eguna eta Liburuaren Eguna ospatzen dabe Tbilisiko Unibersidadean.
Azokara datozen idazleak
David Turashvili, Nugzar Tsiklauri eta Tamar Ebralidze dira Durangoko Azokara etorriko diran idazle georgiarrak. Turashvili idazlea eta antzerkigilea da, eta 1966an jaio zan Tbilisin. Arte historian, literaturan eta zinemagintzan lizentziatua da Tbilisi, Londres eta Madrilgo unibersidadeetan.
Danetara, 11 liburu idatzi ditu, nobelak eta gidoiak. Bere lehenengo liburua 1991n argitaratu eban. Bere lanak zazpi hizkuntzatara itzuli dira, eta itzultzaile lanak be egin ditu. Idazle bezela egindako lanetik aparte, hainbat lan egin dau historia eta literaturea ikertzen.
Nugzar Tsiklauri, barriz, kazetaria eta argitaratzailea da, eta 1968an jaio zan Tbilisin. Filologian lizentziatua da eta gaur egun Tbilisiko Unibersidadeko argitalpen saileko zuzendaria. Litera argitaletxeko sortzaile eta zuzendaria be bada. Kultur eta gizarte arloetako kazetari lanak be egin ditu.
Tamar Ebralidze itzultzailea, kazetaria eta argitaratzailea, eta 1957an jaio zan. Filologoa da, eta literatura eta hizkuntza ingelesean espezializau zan, Tbilisiko unibersidadean. Gaur egun, Unibersidadeko argitalpen zerbitzuan zuzendari laguntzailea da.
Litera argitaletxearen sortzaile eta zuzendari laguntzailea be bada, eta kazetari lanak Georgiako egunkari eta telebistan egin ditu.
Literaturgintzan, umeentzako liburu sorta baten argitalpenak, 2002ko Tbilisiko azokan saria eskuratzeko balio izan eutson.
Ertoba, euskal georgiar elkartea
Ertoba, euskaldunak eta georgiarrak batzeko alkartea izateko asmoagaz sortu zan eta hamar urte baino gehiago zeregin horretan dihardu, beti kultura arloa ardatz hartuta. Alkarteko kiderik ezagunena Xabier Kintana euskaltzaina da. Berea da, hain zuzen, georgieratik euskerara itzulita dagoan liburu bakarraren egilea, Zubia-Alfaguara argitaletxearen ‘Zaldun tigre larruduna’. Xota Rustaveli Georgiako poeta nagusiaren poema ezagunena da eta Georgiako liburu nazionaltzat jo daitekeena. Jatorrian poesian idatzita badago be, prosaz itzuli eban Kintanak.
Euskereak eta euskaldunak Georgian beti izan dabe partaidetza berezia. Esaterako, Georgiako Akademian euskera atal bat izan zan, Sobietar Batasunaren garaian. Halan da be, gero, arazo ekonomikoak tarteko kendu egin eben. Aurten, unibersidadean euskera ikastaro bat antolatu dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!