'Subanestrujenbajen'

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2007-11-09 11:07   Bidaide

Preparau. Minutu bat falta da. Plasma pantaileak atzerako kontaketea hasi dau eta giroan tensinoa igarten da. Jentea zutundu eta eta marra horirantz joaten hasten da. Badator.

Preparau. Minutu bat falta da. Plasma pantaileak atzerako kontaketea hasi dau eta giroan tensinoa igarten da. Jentea zutundu eta eta marra horirantz joaten hasten da. Badator. Astiro-astiro, geratzen doa eta, bitartean, zaindariak megafonoetatik zarataka dabiz milaka txinatar ateen aurrean pilatu ez daitezan. Alperrik. Zorionez, nasa guztia kristalezko barrera bategaz zarratuta dago. Lehenengo, konboiaren ateak zabaltzen dira eta, ostean, nasakoak. Sartzen diranek eta urteten dabenek pelotea jokoan hasi baino lehenago rugby jokalariak izaten daben itxurea daukie. Eta, zelan ez, alkarren kontra joten dira. Antza danez, eskola txinatarrean ez dabe erakusten 'sartu baino lehenago, itxi urteten'. Mele-a ateak zarratuko dirala iragarten dauen txirrinagaz amaitu da. Txinatarren bat edo beste erdian geratu da. Emakumezko askok tira-birearen ostean baragarri geratutako uleak konpontzen ditue. Urtetea lortu dabenek arnasa trankil hartzen dabe. Sartu barriak izerditan hasi dira. Ez da infernua. Shanghaiko metroa da.

Hasierako geralekuetan, trenak hutsik dagozanean, egoerea baragarriagoa da. Hainbat gizon, emakume, ume, gazte eta edadeko dagoz, sudurra ate automatikoen kontra, noiz edegiko diran itxaroten. Zabaltzen dituezanean, atzetik tigre bat segika eukiko balebe legez egiten dabe korrika. Arineketan, nasatik aukeratutako jarlekuan jesarten dira. Errukirik barik. Edadekoentzat ez dago lehentasunik eta gehienak zutunik joan behar dira. Bitartean, gazte shanghaidarrak berehala geratzen dira lo euren mp3 edota punta-puntako eskuko telefonoetara konektauta. Bagoietan hara eta hona ibilten diran eskaleei gitxitan egiten deutsie jaramon, eskaleak belauniko jarri eta yuan bat (10 zentimo euro) eskatu arren. Shanghaiko metroan egindako bidaia bat nahikoa da Txinako uri erraldoietako gizartea ulertzeko. Indibidualismoa eta ‘salbau daitela ahal dauenak’ leloa dira nagusi.

Metroaren lau lineak hiru miloeko uria osotzen dabela esan daiteke. Txinako uri ekonomikoko biztanleek asko erabilten dabe garraiobide hori eta, batez beste, egunean larogeta hamar minutu egiten ditue han sartuta; orokorrean, inguruan eskuko telefonotik arrantzaka eta zoratuta legez berbetan dabizan herrikide izerditsuen artean. Beste batzuek lerdotuta moduan begiratzen deutsie etenik barik publizidade iragarkiak emitiduten dituan pantaileari... teorian komunistea dan herrialde batean.

Gehien gustetan jatana geltoki nagusia da. Hemen, danetariko arpegiak topau daitekez. Landa eremuetako etorkinen urteera-puntua da eta, orokorrean, ezin dabe euren jatorria ezkutatu: metrora sartzeko sistema magnetikoagaz ez dira bape konpontzen, orain dala hamarkada biko erropakaz doaz eta emoten dau etxea ganean daroela. Arpegian igarten jake bildurtuta dagozala. Laguntzinoa eskaintzeko prest hiruzpalau lagun baino ez dagozan 20 miloeko megauri batera etorri dira. Eurentzat, Shanghaiko metroa infernua da. XXI. mendeko Txina da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu